Athletic Club - Atlético de Madrid
Jardunaldia 5
Liga

Athletic Club - Atlético de Madrid

Athletic Club
Athletic Club
02
Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
  • Agüero 11'
  • Forlán 77'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0-Atletico Madrilek 2: Eraginkortasun gehiago

Athletic Clubek 0-2 galdu du Atletico Madrilen aurka San Mamesen. Agüero eta Forlanek egin dituzte…

Athletic Club

Athletic Clubek 0-2 galdu du Atletico Madrilen aurka San Mamesen. Agüero eta Forlanek egin dituzte bisitarien golak. Zurigorriek txarto ekin diote norgehiagokari eta hobetuz joan dira minutuak aurrera joan ahala. Dena den, horretan ere eragina izan du madrildarrak aurretik markagailuan oso goiz ipinitzeak eta, halabeharrez, gure taldeak hartu behar izan du jokuaren ekimena. Domekan joko eskasa eta gure taldearen eraginkortasuna aipatzen bagenuen ere, gaurkoan guztiz kontrakoa izan da, hots, joku hobeagoa, batez ere bigarren zatian, baina eraginkortasun gutxi, bi baloi zutoinera bidali diren arren edota epaileak bi gol arrazoiz baliogabetu dituelako.

Partida bere osotasunean ikusita baliteke berdinketa justuagoa izatea, baina Atletico Madrilen eraginkortasunak erabaki du, dituen jokalariak kontuan hartuta askozaz alaitsuago jokatzea espero badaiteke ere. Aitzitik, puntuak garrantzitsuenak direnez, argi eta garbi esan daiteke helburua erabat bete dutela.

Lehiaren hasiera Atletico Madrilena izan da nabarmen. Atera jaurtitzeaz gainera, baloia eduki dute, lasaitasun itxura eskainiz. Seigarren minuturako abisua eman du Agüerok eta 12. minutuan Seitaridisen pase sakona hartu du argentinarrak, Ustaritzi izkin egin, baita beste atzelari bati ere eta Iraizoz engainatu. Zero eta bat, dena aldapaz gora eta gutxigatik ez da dena aldatu hurrengo segunduetan, ezker aldetik egindako pasea zutoinera errematatu baitu Etxeberriak. Gurean ez gara horren eraginkorrak izan eta larrutik ordaindu dugu. Hortik gutxira Susaeta saiatu da faltaz, baina gora.

Athleticen eskeman Etxeberria eskuin hegalean kokatu da, David Lopez ezkerraldean eta Adurizen bizkarrean Susaeta, mugikortasun handiz, erasoaren pisua, askotan gertatzen den legez, eskuin hegaletik gehiago nabarmenduz. Aguirreren mutilak bigarren susperraldi bat izan dute eta euren kalitatea aprobetxatu dute beste arriskualdi bi sortzeko. Bata Reyesena, gora eta bestea, askozaz argiagoa, Kun Agüeroren hanketan, baina Iraizozek geldiketa ederra egin du 28. minutuan.

Bitartean epaileak ez zuen bere protagonismo kuota galdu nahi eta partida eskuetatik ihes egin dio nabarmen. Agüerori 32, minutuan atera dion txartela mundiala izan da eta negargarria 34. minutuan hartu ez duen erabakia Pereak Adurizi ukalondokoa eman dionean. Iazko denboraldian horrelako jokaldi batetan, Real Madrilen aurka hain zuzen ere, txartel gorria erakutsi zoten gure jokalariari. Odolez (hiru puntu eman diote ostean aurrelariari) amaitu du jokaldia gure jokalariak… eta 41. minutuan txartel horia ikusi du, omen, hainbat jokaldietan itxura egiteagatik! Norgehiagoka amaitu bitartean hutsak banatu ditu epaileak alde bietarako. Eta horrela, ohiu eta etenaldi askoren artean joan da lehen zatia. Athletic nahi eta ezin. Atletico, aldiz, zain.

Bigarren zatian Perea, lesionaturik geratu da aldageletan eta Ze Castrok hartu du bere lekua. Gurean, oso azkar, 48. minutuan Velezek hartu du Martinezen tokia. Athleticen nagusitasuna nabaria izan da eta Atleticok ez zuen baloirik eta ez zuen ia zelai erdia gaindintzen. Zurigorriak 4-4-2 mantendu dute, baina Susaeta pasatu da ezker hegalera eta David Lopez euskarrira. Erditik izan du lehen abagunea Lopezek, baina goregi jaurti du 50. minutuan. Ociori baliogabetu diote gola 54. minutuan, jokoz kanpo zegoen, eta berdinketa gero eta gertuago antzematen zen, batez ere Athleticek baloia azkar berreskuratzen zuelako. Atleticok bereari eusten, hau da, defentsako lanean.

Maxi sartu da Simaoren ordez 60. minutuan eta 65. minutuan Velez bere lehendabiziko aukera izan du, baina ozta-ozta desbideratu du Leo Francok. Une horretan Luis Garcia Reyesen ordez zelairatu da eta Luis Garciak egin du 71. minutuan bigarren zatiko lehendabiziko errematea bisitarientzat. Iraizozek kornerrea bidali du.

Arrisku gehiago hartu ditu Caparros 73. minutuan Cuellar David Lopezen ordez zelairatuz. Sartu berria ezker hegalean kokatu da eta Susaeta euskarrian. Temati segitzen zuen Athleticek, baina jokalarien kalitateak utzi du bere aztarna berriro ere 78. minutuan. Atzelariek moztu dute Atleticoren kontraeraso bat eta baloia etxekoen zelai erdian geratu da… Forlanek zetorren moduan harrapatu duen arte eta angelutik sartu du baloia bigarrena egiteko. Izugarrizko gola eta partida ezin zailago.

Sasi guztien gainetik altxatu dira zurigorriak eta erasoari ekin diote, beste behin ere. Hasteko Velezen erremate behartua atepetik atera du Pablok 81. minutuan, Cuellarren baloia pasatzen laga du Adurizek eta Etxeberriaren jaurtiketa desbideratu du Francok 82. minutuan, Ociok buruz errematatu du 84. minutuan, Ustaritzen ordez irten berria zen Llorentek bezala, Velezek zutoinera errematatu du areaz kanpotik 87. minutuan, Llorenteri gola baliogabetu diote atzelariari falta egiteagatik 89. minutuan eta Ociok gora bidali du baloia 94. minutuan.

Erasoan bai, baina alferrik. Txanpoiaren gurutzea egokitu zaigu gaurkoan, gure taldeak hobetzeko asko eta asko daukala ahaztu barik.

Gaurkoan bikain ari dena, berriro ere, zaleria izan da. Taldeak egin duen ahalegina primeran ikusteaz eta eskertzeaz gainera, ezinobeto ulertu du zenolako garrantzia duen San Mamesen objekturik ez botatzeak. Hala segi dezagun. Kirol aldetik, aldiz, gaur lidergoan oheratu den Vila-realen etxera joan beharko puntuen bila. Ez da erronka makala.