Villarreal CF - Athletic Club
Jardunaldia 6
Liga

Villarreal CF - Athletic Club

Villarreal CF
Villarreal CF
10
Athletic Club
Athletic Club
  • 62' Fuentes

KokapenaEl Madrigal , Vila-real

Vila-Realek 1-Athletic Clubek 0: Irudia ez da nahikoa izan

Athletic Clubek 1-0 galdu du Vila-realen aurka, batez ere lehen zatian partida polita egin eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-0 galdu du Vila-realen aurka, batez ere lehen zatian partida polita egin eta gero. Tamalez irudia ez da nahikoa eta atsedenaldia baino lehenago sortu den arriskua ez da markagailuan gauzatu. Bigarrenean, aldiz, Vila-realek ekimena eraman du eta Fuentesek lortu du etxekoen gola buruz 63. minutuan. Osteko erreakzioa ez da tajuzkoa izan eta punturik gabe itzultzen dira zurigorriak.

Hasiera bertikala izan da oso. Lehendabiziko minutua: Etxeberriaren pase sakona Adurizek hartu du baina bota beharrean Vierari izkin egiten saiatu da, baina atezainak atzeman dio asmoa. Kontrakoa espero baziteken arren, Vila-realek ez du baloia eskuratu, nahiz eta Rossik seigarren minutuan kanpora jaurti edota 15. minutuan Piresek lehen zatiko desoreka bakarra ondo aprobetxatu ez duen. Cazorlak 17. minutuan eta Sennak luzapenean areaz kanpotik jaurti behar izan dute arriskualdia sortzeko.

Athleticek goitik egiten zuen presioa, ondo gainera, eta zelai erdian baloi asko berreskuratu du kontraerasoak antolatzeko. Zoritxarrez ez du golik lortu eta estrategiako jokaldiei, zazpi korner lehen zatian, ezin izan die etekinik atera gure taldeak. Halaz ere, aukera bilduma polita ekar dezakegu gogora: 8. minutuan David Lopezek jaurti du areaz kanpotik Vieraren eskuetara; Adurizek prest zeukan bolea 23. minutuan baina atzelari batek kornerrera bidali du azken unean; gauza bera gertatu zaio 28. minutuan, buruz kasu honetan eta 30. minutuan Adurizen burukada gelditu egin du Vierak; Aduriz bera goitik saiatu da estrategiako jokaldian 35. minutuan, baina baloia oso goian jo duenez langa gainetaik joan zaio eta gainera aurrelaria minduta geratu da berdegunean.

Vila-realek ezin zuen, baina abantailarik gabe joan dira zurigorriak aldageletara.
Bigarren zatian, aldiz, aldaketa taktiko nabarmena egin du Pellegrinik. Javi Venta sartu du Josicoren ordez eta Pires eta Cazorla hegalez aldatu. Venta atzeko eskuin hegalean kokatu du eta Angel euskarrian, baina bigarren zatiko une askotan Angel bera ere eskuinaldean kokatu da nagusitasun egoerak sortuz gure ezker hegaletik eta, bide batez, Piresek batzutan erdirago bidaliz.

Berehala hasi dira arriskualdiak: 46. minutuan Rossik bota du, baina Iraizozek harrapatu du; 52. minutuan Cazorlak berebiziko aukera izan du Ventaren erdiraketa gertutik errematatuz, baina Iraizozek erdeto desbideratu du.

Eskuinaldetik kargatzen zuen ia joku guztia Vila-realek, bi baten kontrakoak sortu guran, Del Hornok zeukan txartel horia aprobetzatzeko asmoz ere. Adurizena, partida ia osoan bezala, izan da erantzuna, baina Vierak harrapatu du 55. minutuan bere jaurtiketa.

Berriro ekin dio erasoari Vila-realek eta Nihatek buruz errematatu du gora 56. minutuan. Hortik gutxira Llorentek ordezkatu du Velez eta Adurizek lana eman dio osterabe atezainari. Bazirudien gauzak lasaitzen joaten zirela, baina korner baten ondorioz gure jokalariek ezin izan dute baloia aldendu eta hirugarren saiakeran Fuentesek, buruz, bat eta zerokoa ezarri du, 63. minutuan.

Ordu erdi geratzen zen berdinketa lortzeko, baina indar gehienak gastatuak zeuzkan jada Athletic Clubek. Halaz ere hutsune gehiago utzi behar izan du gure taldeak eta, bitartean, goiko lerroa indartu du Vila-realek, Franco Nihaten ordez sartuz eta geroxeago Matias Fernández Piresen tokian.

Ia jarraian, 69.minutuan, gola indargabetu diote Vila-reali Iraozi marran bertan eginiko ustezko faltarengatik. Etxebek bere tokia utzi dio Susaetari eta denbora aurrera joan ahala apur bat gehiago hurbildu dira zurigorriak, baina egin duten arrisku guztia areaz kanpotik eginiko jaurtiketen bitartez izan da, lehen zatian arerioei gertatu zaien legez. Amorebietak 74 minutuan jaurti du Vierak baloia harrapatuz eta Javi Martinezek 84. minutuan kanpora jaurti du. Ezinean pasatu dira gainerako minutuak eta azken unean Iraizozek kornerera bidali du Rossiren jaurtiketa. Azkenik punturik ez eta irudia nahikoa ez denez Almeria gainditu beharko dugu halabeharrez.