Athletic Club - UD Almería
Jardunaldia 7
Liga

Athletic Club - UD Almería

Athletic Club
Athletic Club
11
UD Almería
UD Almería
  • 30' Etxeberria
  • Felipe Melo 61'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 – UD Almeriak 1: Azterketa zaila

Athletic Clubek bana berdindu du Almeriaren aurka eta irabazi gabe segitzen du San Mamesen. Arrazoiak…

Athletic Club

Athletic Clubek bana berdindu du Almeriaren aurka eta irabazi gabe segitzen du San Mamesen. Arrazoiak bilatzeko orduan hiru izan daitezke: joku eskasia, arerioaren lan ona edota epailearen erabakiak. Ordenatzen ala nahasten saiatuko gara ondoko lerrotan.

Markagailuari dagokionez, Etxeberriak egin du gure taldearen gola 31. minutuan eta 2005eko urtarrilaren 19az geroztik San Mamesen pairatzen zuen lehorteari amaiera eman dio behinik behin. Ez da gutxi batez ere horrela amaitutzat eman dezakegulako hiru urte baino gehiago etxean golik egin gabe zeramanaren leloa, batez ere gezurra zelako. Horra hor kontuak.

Eta kontuak kontu, Felipe Melok berdindu du 63. minutuan gutxien espero zen jokaldian, korner baten jaurtiketaren ondorioz, baina tira, esan bezala arraroa izan da oso norgehiagoka honez gero Athletic Clubek jokalari bat gutxiagoz zegoelako futbol zelaian eta datu horrek partidaren azterketa zailtzen du oso.

Hasteko Almeriak, espero bezala, lotsagabe irten da zelaira. 4-1-4-1 edota 4-2-3-1 erabiliz, unearen arabera, partidaren ekimena eramanez eta Athletic Cluberi kostatu zaio partidan sartzea nahiz eta etxean jokatu. Halaz ere aukera garbirik ez da ikusi. Faltaz saiatu da Negredo 13. minutuan, kanpora jaurtiz, eta abagune argia izan du Ociok 15. minutuan penalti puntuan bakarrik zela baina ezin izan du asmatu. Bigarren zatian hortxe bertatik errematatu du Melok banakoa ezartzeko. Minutuak aurrera joan ahala zertxobait gehiago egin du Athletic Clubek, 29. minutuan Negredok, aldaratze batez baliaturik, ezkerrez oin puntaz abagune polita izan duen arren.

Aitzitik, hortik gutxira, 31. minutuan, Del Hornok luze atera du hegaletik, Adurizek buruz orraztu eta area txikian Etxeberriak barrura sartu. San Mamesen berriro abantailaz eta amaieran berriro banakoaz. Almeriak kolpe ederra hartu du eta zurigorriek segitu dute goian presionatzen. Bazirudien heltzear zegoela partida bat San Mamesen espazio gehiago topatzeko. Bai zera. Etxeko aurreko hitzorduan epailearen protagonismoaren kuotaz aritu ginen eta tamalez, hutsik nahiago genituzkeen lerroak bete beharko dugu lelo beraz oraingo honetan ere. Lehen zatiko 42. minutuan, zelaiaren erdiko marra gainean ia ia, hegaleko marran bertan ia ia eta hamaika jokalariz inguraturik, Del Horno berandu heldu da Brunok zeraman baloia mozteko.. eta epaileak jada hasita zeukan txartel festarekin segitu du gorria astinduz!…. eta bigarren zatian jada erremediorik ez zegoenean konpensatzen saiatu da behin eta berriz. Eta bera izan da errudun bakarra maila altuegia, edo bajuegia akaso, ezarri duelako eta Almeriaren arean gure errematatzaileei elastikotik heltzen zietean jokua gelditzen zuen… abisatzearren eta Ocio eta Juanitori gertatu zaien bezalaxe, txartel bana erakusteko.

Eta behin partida zanpatuz gero, bestelako historia hasi da. Atsedenaldia baino lehen Velez joan da aldageletara eta Koikili sartu da ezker hegalean, 4-4-1 beraz gurean. Almerian, aldiz, Emeryk eman du bere prentsaurrekoan epaileengan ze konfiantza gutxi zeukatenaren froga: “Juanitok bere burua alde batera utzi du, txartel horia zeukanez aldatua izateko hautagaitza aurkeztuz” Gutxigorabehera horrela azaldu du entrenatzaileak egoera okertuko zelakoan edo.

Hala eta guztiz ere, Athletic Clubek epailearen lana borobildu egin duela esan dezakegu. Argi era garbi zegoen Almeriak ekimena eraman behar zuela eta kontraerasoa izango zela Athleticen ikurra, baina atzerapausoak ahalbideratu egin du bisitarien jokua, gehiegi finean. Gainera Juanito “sakrifikatua” eta Brunoren ordez Corona eta Natalio sartu dira zelaian. Ortiz kokatu da atzeko eskuin hegalean, Natalio eta Crusat Negredoren alboetara eta Corona lerro artean. Banaketa eskuratu arte Almeriak ez du ia oposiziorik aurkitu, zenbatekoena ez bada izan. Hamar zurigorriak atzean zeuden, baina presiorik egin gabe eta errezegi bezain arinegi galtzen zuten baloia. Kinka larrian aukera pare bat sortu du Almeriak: 50. minutuan Maneren jaurtiketak ihes egin dio Iraizozi baina bigarrenera harrapatu du, 52. minutuan Negredok oso kontrol eskasa egin du. Freskotasunaren bila David Lopezek Etxeberria ordezkatu du 54. minutuan eta aukerak ez bazituen egiten, behin eta berriz hurbiltzen zen Almeria.

Gauzak horrela, Coronak bolea ederra harrapatu du 61. minutuan Iraizozen geldiketa bikaina behartuz. Tamalez kornerraren ondorioz Melok banakoa ezarri du lasai asko buruz errematatuz. Okerrena etortzear zegoela zirudien San Mamesen. Horixe zen irudipena zelaian bertan, baina Athleticek aurrerapausoa eman du, hobe berandu inoiz baino, eta inolako arrisku garbirik sortu ez badu ere, Almeria askozaz urrunago egon da eta bere erasoko ekintzarik aipagarriena azken minutuetan heldu da Natalioren jaurtiketa baten bitartez, Iraizozek harrapatu duena.

Athleticen Exposito sartu da Orbaizen ordez 71. minutuan, David Lopez euskarrira pasatuz eta Iraola eskuin hegala eta zelai erditik presentzia gehiago izanik. Emeryk azken ahalegina egin du 79. minutuan Uche zelairatuz eta bi aurrelari peto peto kokatu arren, esan bezala, abagunerik ez du sortu. Azkenik, irabazten ezin denean, behintzat berdintzera ikasten ari gara, baina horrelako egoeratan ibiltzeak zapore mingotsa uzten du.

Partida orekatu, ala txar, ala aspergarri baten kronika egin beharrean, jende oro geratu da zalantzatan analisia egitean. Almeriakoak egongo dira pentsatzen bat gehiagoz ze aukera galdu duten, gure jokalariek abantailari eusteko zenolako aukera galdu duten hamaika jokalari mantenduz gero eta guri nola gustatuko litzaiguke epaileak ez aipatzea, nola gustatuko litzaiguke gure meritoengatik irabazi dugula. Ze ona den arerioa edota gure akantsengatik soilik garaipenak ihes egin digula. Nola gustatuko… ea hurrengoan jokuaz soilik aritzeko aukerarik dugun. Protagonismoa hobeto kudeatzen dutelaren seinale ala, pozgarriagoa litzatekeena, euren lana ondo egin dutela. Aurtengo denboraldian bederen taldeak ez du puntu gehigirik urratzen, baina epaileak ere ez dabiltza oso fin.