Getafe CF - Athletic Club
Jardunaldia 10
Liga

Getafe CF - Athletic Club

Getafe CF
Getafe CF
20
Athletic Club
Athletic Club
  • 9' Casquero
  • 29' Uche

KokapenaColiseum Alfonso Pérez , Getafe

Getafek 2-Athletic Clubek 0: Erreakzio gaitasunik gabe

Athletic Clubek 2-0 galdu du Getaferen aurka Ligako hamargarren jardunaldiari dagokion partidan. Casquerok eta Uchek…

Athletic Club

Athletic Clubek 2-0 galdu du Getaferen aurka Ligako hamargarren jardunaldiari dagokion partidan. Casquerok eta Uchek sartu dituzte etxekoen golak. Gure taldeak lehen ordu erdian jaso ditu gol biak eta erreakzio gaitasun oso txikia erakutsi du markagailuari buelta emateko. Etxekoak jaun eta jabe izan dira ahalegin berezirik egin gabe eta bigarren zatian aukera batzuk sortu diren arren ez dira tajuzkoak izan punturen bat urratzeko Alfonso Perez futbol zelaian, zaleen laguntza etengabekoa izan den arren.
Partida gaua bezala hasi da, hotz, Getafe norgehiagokaren ekimena eraman guran, baina arriskurik sortu gabe. Madrildarrek ez dute, dena den, gehiegizko ahaleginik egin behar izan, zortzigarren minutuan Koikilik ezin izan baitu baloia behar bezala aldendu, Kepak atzerantz bidali du baloia eta areaz kanpotik izugarrizko zartakoa lortu du Casquerok bat eta zerokoa ezartzeko.
Athleticek nahi eta ezin, baloia hegaletatik sartu guran, baina arearantz heldu gabe, zehaztasunik gabe. Nobedade bi egon dira hamaikakoan, bata izenarengatik, Zubiaurrek estraineko partida ofiziala hasieratik eta osoa jokatu baitu Athleticarekin eta bestea postuarengatik, Iraolak euskarrian ekin baitio lehiari.
Nahiz eta gola jaso, partida zabalik segitzen zuen alde txikia baita gola futbolean. Tamalez, zurigorriek erraztu diote bidea arerioari eta 29. minutuan lehia aldapaz gorago ipini da. Falta zelai erdian Athleticen alde, arearantz botako zela bazirudien ere, erdirantz, motzean, jaurti da eta De la Redek ederto aprobetxatu du zurigorrien deskoordinazioa ziztu bizian Amorebietari bi baten kontra egiteko Ucheren laguntzarekin. Aurrelariak eroso jaurti, Iraizozek aldendu baloia, baina Ucheren hanketara joan da berriro bi eta zerokoa egin zezan.
Txiribueltak eta lasaitasuna etxekoentzat. Uchek berak erdiratu-jaurti du kanpora 31. minutuan eta Caparrosek Etxeberria kokatu du eskuinean Susaeta erdi puntaraino eramanez, Adurizen atzetik. Susaetak egin du Athleticen aurreneko jaurtiketa atera 35. minutuan, baina Patok lasai harrapatu du baloia.
Atsedenaldian Llorente eta David Lopez irten dira Etxeberria eta Gabilondoren ordez. Marrazkia aldatu du Caparrosek, erdian erronboa eratu du nabarmenago Iraola euskarritik eskuinaldera mugituz, Susaeta ipini da Orbaizen aurretik eta David Lopez ezkerraldetik Llorente eta Aduriz aurrelari moduan jokatuz. Dena den, bigarren zatia lehena amaitu den bezala hasi da: 48. minutuan Uchek lana eman dio Iraizozi eta gauza bera egin du Pablo Hernandezek 54. minutuan.
David Lopezena izan da Athleticen lehen aukera, baina atzelari batek desbideratu egin du baloia eta kornerra ez dute aprobetxatu zurigorriek. Lehia parekatu da nolabait, bi eta zero galtzen parekatu badaiteke. Hortik gutxira Lichtena izan da abagunea, baina Iraizozek kornerrera bidali du atz puntaz. Gure jokalariek txartelak pilatzen zituzten bitartean Llorentek errematatu du buruz 66. minutuan, baina behetik Patoren eskuetara.
Joan eta etorriko lehia bihurtu da zekarren arrisku guztiekin. Pablo Hernandezek kanpora jaurti du eta ia jarraian Adurizek Patoren eskuetara berriro ere. Dinamika horretan Amorebietak bere bigarren horia ikusi du (baliteke gorria zuzena izatea) Uche zapaltzean eta hor amaitu da lehia, amaituta ez bazegoen aspaldian.
Gutxienez zurigorriek grina atera dute bat gutxiagorekin eta ez dute arrisku gehiagorik jaso. Eskema aldatu da berriro eta Iraolak hirugarren postua ezagutu du gau berean: zentralarena alegia. Erdian Muñozek ordezkatu du Orbaiz eta aukera izan du David Lopezez buruz…. Patorengana baloia berriro ere zuzendu duelarik. Saiatu, saiatu dira baloi zuzenekin, itxura mantendu dute…. baina beranduegi zen.
Zeharo ezberdina beharko du izan domekan Recreativoren aurka. Jardunaldi honetako emaitzak ez gaituzte kinka larrian jartzen, baina etxeko garaipena ezinbestekoa da urduritasuna hedatu ez dadin.