Real Zaragoza - Athletic Club
Jardunaldia 22
Liga

Real Zaragoza - Athletic Club

Real Zaragoza
Real Zaragoza
10
Athletic Club
Athletic Club
  • 28' Oliveira

KokapenaLa Romareda , Zaragoza

Zaragozak 1-Athletic Clubek 0: Kalitateak erabaki du

Athleticek 1-0 galdu du Zaragozaren aurka. Oliveirak 27. minutuan egindako golak erabaki du norgehiagoka. Etxekoak…

Athletic Club

Athleticek 1-0 galdu du Zaragozaren aurka. Oliveirak 27. minutuan egindako golak erabaki du norgehiagoka. Etxekoak ez dira nagusi izan, baina atsedenaldira abantailaz joan dira eta ondo kudeatu dute bat eta zerokoa bigarren zatian, golari begira duten kalitatea soberan erakutsiz eta zurigorrien ahalegin guztiak ezerezean utziz.

Partida parekatua izan da oso hasieratik eta Cesar zein Athleticekin estreinatu den Armando ez dute lanik egin, alboetatik ate bietan egindako pase arriskutsu batzu kenduta. Txartelak gora eta txartelak behera denbora aurrera zihoan eta La Romaredako zaleak urduritzen hasiak ziren. Zoritxarrez, errezegi ipini dio gure taldeak lana Zaragozari eta erasoan horrenbeste kalitatea duen talde bati ezin zaio oparirik egin, edo ez da komenigarria behintzat.

Aldeko kornerra zeukan Athleticek eta zuzenean bota beharrean motzean ateratzea deliberatu dute Lopezek eta Yestek, horrek, behartuta, Iraolari laga dio eta honen erdiraketa ezin izan du Amorebietak errematatu. Kontraeraso azkarra hasi da, Diego Militok baloi sakona hartu du eskuinaldetik eta bere pase neurtua Oliveirak errematatu du bakar bakarrik sareetara.

Athletic saiatu da erantzuten, baina alferrikako mlana izan da eta atsedenaldia baino lehenagoko aukera bakarra Diogoren erdiraketa bat izan da 42. minutuan, atzelari batek ikutu eta gero Armandok atepean harrapatuz.

Bigarren zatian Aduriz geratu da aldageletan, txartela baitzeukan eta partidaren dinamikak aholkatzen zuen bigarrena ekiditzea. Llorenteren presentzia ez du eskema aldatu, baina partidaren etorkizuna edonork asma zezakeen: Athleticek gora jo eta Zaragoza zorrotz kontraerasoan. Hasteko Militok langara bidali du izugarrizko zartakoa 46. minutuan eta aldaratzea Sergio Garciak errematatu du, baina Iraolak jarri du gorputza tartean.

Susto galanta pasa eta gero, gure taldearen txanda heldu da. Llorentek buruz kanpora errematatu du 48. minutuan eta Garmendiak arrasean areaz kanpotik jaurti du baina Cesarren eskuetara eta 57. minutuan Yesteren jaurtiketa harrapatu du etxekoen atezainak. Partidaren ordubetea pasa denean Aitor Ramos sartu da Garmendiaren ordez, eskema aldatu barik. Ia jarraian Llorentek ezin izan du kontrolatu baloi argi bat arean bertan eta 66. minutuan Ramosek behartuta errematatu du Yesteren erdiraketa, Cesarrek inolako arazorik gabe harrapatuz.

Aldaketa bana egin dute talde bien 70. minutuan. Oscar Gabiren ordez eta Susaeta Muñozen ordez. Yeste kokatu da euskarrian eta David Lopez ezkerraldera pasatu da. Athleticek zeraman partidaren ekimena eta Zaragoza zain zegoen, bere aukera helduko zelakoan. Eta horrela izan da 76. minutuan, baina Sergio Garciaren jaurtiketa langan jo eta gero, Oliveirak kanpora bidali du baloia.

Hurrengoaren zain geratu dira etxekoak eta Iruretaren mutilek baloia area ingurutik arazoak zituzten arren, Athleticek ez zuen asmatzen. Llorentek buruz izan du aukera 76. minutuan eta Ramosek gora bidali du baloia 80. minutuan areaz marratik.

Iruretak Oliveira kendu du atzelari bat, Paredes, ateratzeko ia segituan, aldaketak eskuinaldetik Athleticek egin duen mina ekiditu ez duen arren. Bitartean Milito saiatu da enegarren kontraerasoan, gora jaurtiz. Eskuin hegaleko lanak aukera eman dio Susaetari atzeko pasea egiteko eta Ramosen jaurtiketa barruan ikusi dugu guztiok, baina Cesarrek asmatu egin dio intentzioa ala aurkitu du txiripaz baloia, baina hor amaitu dira itxaropenak, batez ere gainera minutuak pasatu direlako Zaragozaren jokalariak lurretik altxatzen, arrazoiz eta arrazoirik gabe, denetik egon baita. Tamalez, horrelako egoeretan askotan gertatzen zaigun legez, gure taldea izan da kaltetuena eta Ociok txartel gorria ikusi du, eta Koikilik eta Susaetak bosgarren horia.