Atlético de Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 24
Liga

Atlético de Madrid - Athletic Club

Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 5' Antonio López
  • Susaeta 38'
  • Llorente 45'

KokapenaVicente Calderón , Madrid

Atletico Madrilek 1-Athletic Clubek 2: Pauso handia

Athletic Clubek garrantzi handiko garaipena lortu du Atletico Madril 1-2 mendean hartuz eta hiru puntuei…

Athletic Club

Athletic Clubek garrantzi handiko garaipena lortu du Atletico Madril 1-2 mendean hartuz eta hiru puntuei esker sailkapeneko lasaitasuna eskura dago. Agüerori eman diote etxekoen gola, eta Susaeta zein Llorentek egin dituzte gure taldearenak, den denak lehen zatian. Zurigorriek talde bezala ere hazteko beste pauso eman dute, Liga honetan lehendabiziz bi partida jarraian irabazi ostean, kontrako markagailua irauliz gainera, urte askotako marka txarra ezabatu dute Valentzian egin zuten bezala eta jaitsierako postuak bost puntura daude jada.

Dena den, Ligak ez du etenik eta egun Champions Leaguerako lekua duen taldea gainditu eta gero, sailkapeneko hirugarrena datorkigu idandean San Mamesera, Vila-real hain justu ere. Burua galdu barik, jakina, guzti hau baliagarria izan dadila Athleticen izena behar den tokian ipintzeko, oraingoan etxean bertan eta etxetik kanpo entzun beharko baitugu lortutakoa dela arerioaren gabeziengatik… Levanteren aurka gertatu zitzaigun legez eta azken bost partidatan azken sailkatua gainditu duen talde bakarra da Athletic, kasualitateak, jakina.

Partidaren hasiera ez da aproposena izan kontraerasoan trebea den Atleticoren aurka aritzeko, bosgarren minuturako dena aldapaz gora geneukan eta. Bigarren minutuan Raul Garciak lana eman dio Armandori eta bosgarrenean abantailako legea ondo aplikatu du epaileak Atletico Madril taldearen mesederako eta eskuinaldetik heldu den erdiraketa itxia ia zuzenean heldu da sareetara. Kun Agüerok baloia ikutu ez duen arren, badirudi Iraolaren izterrean zertxobait jo duela. Argentinarrari eman diote gola eta, azken finean, berdin da nola, berdin da nork, baina errealitatea zen bat eta zerokoa.

Lasaitasuna Aguirreren mutilen artean, espazioekin jokatzeko prest eta zoramena harmailetan mundu guztia iraintzeko aukera paregabea, ia ia inor ez baita salbatu, Carlos Gurpegi barne, egunero pairatu beharrekoa nahikoa ez balitz bezala. Minutu latzak pasatu ditu Athletic Clubek, noraezean, ez aurrera ez atzera eta hamabosgarren minutura arte ez da benetan hurbildu Calderonekoek gehiegi maite ez duten Abbiatiren ingurura, baina Javi Martinez ez da gutxigatik heldu, onena gerorako gordetzen zuen bitartean.

Hogeitazortzigarren minutuan Llorentek jaurti du areaz kanpotik, baina Abbiatik kornerrera desbideratu du eta 29. minutuan Amorebietak buruz errematatu du langa gainetik. Esan bezala Atletico Madrilen arriskua nabaria zen eta soberan frogatu da 31. minutuan, talde jokaldi on baten bitartez, Luis Garciak ezkerrez eta teknika ona erakutsiz baloia langara bidali duenean. Sustoa pasa den arren, hor hartu du min Armandok eta bigarren zatian hainbat minututan Aranzubia ibili da beroketa ariketak egiten.

Aldapaz gora segitzen zuen dena, baina Athleticek partida erabaki du lehen zatiko azken txanpan. Yesteren falta jaurtiketa ez du gutxigatik orraztu Llorentek 33. minutuan eta Abbiatik hartu du baloia, baina askoz zorte handiago izango zuen Athleticek luzapenean antzeko jokaldi batetan. Halaz ere, sei minutu beranduago heldu da berdinketa. Atletico Madrilek bere botika hartu du Javi Martinezek areatik ia areara baloia maisuki gidatuz abiatu denean. Aiegikoak arerio guztien oztopoak gainditu ditu eta Susaetari azken pasea eman dio eibartarrak behar legezko patxada erakutsiz Abbiati gaindi zezan. Sari ona, berdinketarengatik noski eta inozoenak ez garela frogatzeko, Zaragozan guri gertatu zitzaigun moduan goian doazenei ere gertatzen zaiela egiaztatzeko: erasora jo eta kontraerasoan jaso.

Kolpea nabaritu du Atleticok eta Aguirrerenak ez dira gai izan arriskurik sortzeko atsedenaldira arte. Aitzitik, gure taldea ez da atzera pausorik eman eta saiatu da aurrera joaten. Oraingo honetan etekina atera dio falta jaurtiketari. Yestek jaurti du erditik eta Llorentek orpoz ezarri du bat eta bikoa.

Atsedenaldira poz pozik, baina oso luzeak dira partidak zelai guztietan. Bigarren zatian gauzak erraztu ditu Raul Garciak, bere bigarren txartel horia ikusi baitu 51. minutuan, bere taldeko azken minutuotako ezintasuna biderkatuz. Aguirrek Maxi zertxobait erdiratzeaz gain ez du beste aldaketarik egin eta Athleticek partida ixteko aukerak izan ditu ia jarraian. Yestek jaurti du areaz kanpotik 56. minutuan eta haren jaurtiketak atzelari baten kontra jo du, ondorengo erdiraketan Antonio Lopezek heldu egin dio Adurizi eta aurrelariak penaltia eskatu du eta 57. minutuan Adurizek kanpora errematatu du.

Atleticori gero eta gehiago kostatzen zitzaion Armandoren ingurua heltzea, goitik hasten baitzuen presioa Athletic Clubek. Dena den Forlanek kanpora jaurti du areaz kanpotik 59. minutuan eta ia hurrengo jokaldia Pablok berezibiko ukalondokoa eman dio Adurizi. Marrazaina baloia begira zegoen eta epaileak ez ei du ikusi kolpe argia, txartel gorria eta penalti nabaria zena. Guzti hori ikusleen protesten artean, euren aburuz Medina Cantalejok kalte egiten omen zion Atleticori. Testuinguru ezinobea Caparrosek epaile honekin bere lehen garaipena erdiesteko.

Azkenik etxekoen trebatzaileak aldaketa egin du, zentral bat kenduz, Eller, erdilari bat, De las Cuevas, sartzeko. Atletico 3-4-2rekin kokatu da eta partidaren ekimena berreskuratu du, arriskua gutxinaka sortzen zuen arren. Esaterako Maxiren jaurtiketa harrapatu du Armandok 69. minutuan. Hala eta guztiz ere, Athletic ez zen beste partida batzutan abantailaz ikusi duguna, hau da, arerioaren berpizkundea ahalbideratu duena. Hirugarrena bilatu dute buru-belarri zurigorriek eta 70. minutuan Susaetak jokaldi ona egin du, atzera pasa eta nahiz eta Yestek kontrolatu, ez du jaurti eta atzetik zetorren Adurizi laga dio, baina Perniak ipini du aurpegia baloia kornerrera desbideratzeko. Korner horren jaurtiketa errematatu du buruz Adurizek berak, baina Abbiatik kornerrera desbideratu du. Une batez barkatzen duenaren madarikazioa etorri zaigu burura.

Etxeberria itzuli da zelaietara 75. minutuan Adurizen ordez eta azken txanpari eusteko prestatu da Athletic puntuen garrantziak bultzatuta akaso. Luis Garciak penaltia eskatu du 81. minutuan, baina epailea bertan zegoen, Kun Agüerok lana eman dio Armandori, baina atezainak desbideratu du kornerrera txilena. Jaurti du Atleticok eta Antonio Lopezek kolpe latza eman dio Amorebietari, gutxienez bere bigarren txartel horia “irabazteko” nahikoa zena, baina epailearentzat gehiegizkoa zela zirudien. Ustaritz eta Gabilondo sartu dira Orbaiz eta Susaetaren ordez eta partida behar zen bezala amaitu da, garaipenarekin. Bolada onari segida emoteko parada daukagu igandean. Astebetez nola aldatzen diren gauzak… Bitartean gozatzea tokatzen zaigu.