Athletic Club - Real Valladolid
Jardunaldia 27
Liga

Athletic Club - Real Valladolid

Athletic Club
Athletic Club
20
Real Valladolid
Real Valladolid
  • 6'65' Gabilondo

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2-Real Valladolidek 0: Eraginkorrak

Athletic Clubek 2-0 hartu du mendean Real Valladolid Igor Gabilondok egin dituen bi golei esker….

Athletic Club

Athletic Clubek 2-0 hartu du mendean Real Valladolid Igor Gabilondok egin dituen bi golei esker. Oso garaipen garrantzitsua da lortu dena, eta ez bakarrik egun jaitsierako postuak lau puntura daudelako, baizik eta arerio zuzenarekiko gol aldea gure alde delako. Oraingo honetan ez da partida borobila izan, baina beste hainbatetan faltan izan duguna, eraginkortasuna, eskuratu da. Lasaitasuna gertuago dago, baina sendotu beharko dugu datozen jardunaldiotan. Daturik txarrena Amorebietak ikusi duen bosgarren txartel horia izan da, Betisen aurka ezin izango baitu jokatu.

Ez da ezustekorik egon hamaikakoetan eta futbol giroaren eskutik heldu da lehendabiziko gola, ala, nork daki, futbol giroa heldu da San Mamesera lehendabiziko golaren eskutik. Bosgarren minutua zela Llorentek hartu du baloia eskuin hegalean, burua altxatu eta baloia loratu bigarren zutoinean Gabilondo sar zedila buruz bat eta zerokoa ezartzeko. Antzeko hasiera ezagutu zuen Gabilondok Montjuicen eta amaiera ez zen ona izan, gaurkoan, aldiz, hobeagoa izan da amaiera.

Hurrengo minutuetan Adurizek penaltia eskatu du eta Gabilondok berak beste aukera bat izan du 14. minutuan. Dena den, berpiztu da Valladolid eta Sesma eta Armandoren arteko borrokaren eskutik heldu dira pasarterik emozionanteenak. Biak adiskide eta lagunak izan ziren Cadizen, baina oparririk ez da egon.

Hamazazpigarren minutuan angelu guztiak itxi dizkio Armandok eta bere jaurtiketa desbideratu du. Jarrain eskuinaldetik zetorren erdiraketa zitala harrapatu du gure atezainak, 26. minutuan buruz kanpora errematatu du Sesmak eta 33. minutuan Sesmaren falta jaurtiketa ederto urrundu du Armandok kornerrera. Valladolidek ezin, baina Athleticek errezegi galtzen zuen baloia eta aurreko etxeko partiden mamuak gorpuzten ziren. Lehen zatiaren azken txanpan, gutxienez, arriskua egon da Sergio Asenjoren ate inguruan. Adurizek buruz errematatu du kanpora 36. minutuan, Llorentek buruz berebiziko aukera izan du 43. minutuan Valladolidek jokoz kanpokoa txarto egin duenean, baina Sergio Asenjok konpondu egin du eskua ondo sartuz. Kornerra atera eta Alvaro Rubiok eskuak erabili ditu baloia urruntzeko, baina epailea ez da penaltiaz ohartu.

Valladoliden Sisi sartu da Borjaren ordez, eskema 4-3-3 tik 4-4-2kora pasatuz, Kome eskuinaldetik Mancheven bizkarrera pasatu da. Gurean, bigarren zatiaren hasiera enegarren azterketa bihurtzen da beti taldea abantailaz baldin badago. Gaurkoan hasiera ona izan du, aurrerago egon da behintzat eta Garcia Calvoren bolea, 49. minutuan, izan da bisitarien aukera bakarra. Gainera 55. minutuan Aduriz abiatu da bakar bakarri zelai erditik Gabilondoren pasea hartu eta gero, eta ia areako marran bertan Pedro Lopezek zangotrabatu egin du, faltarekin batera txartel gorria irabaziz.

Athleticek oso txarto atera du falta, baina hurrengo minutuetan partida erabakitzeko erabakia erakutsi du nabarmenki. Ramosek Aduriz ordezkatu du eta 68. minutuan Gabilondok ezarri du bi eta zerokoa. Eskuinaldetik erdiratu du Llorentek eta Gabilondo atezainarekin batera egin du salto, baloia buruz eman eta bakar bakarrik geratu da baloia lasai sareetara bidaltzeko. Valladolidekoek baloia eskuarekin eraman duela esan dute eta Gabilondok, aldiz, buruz soilik. Eztabaidarako jokaldia.

Ostean Capdevila sartu da Komeren ordez eta David Lopez Susaetaren tokian, baina Athleticek ez du jakin lasaitasunean bizi eta partidaren ekimena galdu du lehia amaitu bitartean. Valladolidek, dena den, berdindu ditu indarrak estrategian eta askotan areatik irtetzeko zailatasunekin utzi badio Athletic Cluberi, bakarrik aukera garbi bat egin du, Sesmaren bitartez 76. minutuan, nola ez, baina ezkerrez bidali du gora Sisiren jokaldi ederraren bitartez. Azken minutuak amaituezinak izan dira epaileak zazpi minutuko luzapena agindu ondoren, gustora ei zegoelaren seinale. Hiru puntu gehiago eraginkortasunari esker Liga amaitu arte gotorlekua bihurtu behar den San Mamesen.