RC Recreativo - Athletic Club
Jardunaldia 30
Liga

RC Recreativo - Athletic Club

RC Recreativo
RC Recreativo
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 14' Amorebieta (b.a)
  • Aduriz 82'

KokapenaColombino , Huelva

Recreativok 1-Athletic Clubek 1: Bosgarrena jarraian galdu gabe

Berrogei puntuen mugan dago jada Athletic Club Recreativorekin bana berdindu eta gero. Erabateko lasaitasuna gertuago…

Athletic Club

Berrogei puntuen mugan dago jada Athletic Club Recreativorekin bana berdindu eta gero. Erabateko lasaitasuna gertuago dago beraz eta Espanyolen aurkako lehia baliogarria izan daiteke azken txanpa baikortasunez begitzeko.
Amorebietak sartu du bere atean etxekoen gola lehen zatian eta Adurizek berdindu du lehia 82. minutuan. Biak buruz. Gaurkoarekin bosgarren partida jarraian darama gure taldeak galdu barik eta aurrekoetan erakutsi duen maila agertu ez den arren, ona da oso bolada onari eustea.

Ez zen partida erraza gaurkoa, Recreativok hil ala bizikotzat planteiatu baitu lehia eta horrela isladatu da lehendabiziko uneetatik. Erasoan errezegi sartzen ziren zuriurdinak eta neurri berberan, errezegi, galtzen zuten baloia gure taldekoek. Polik urrutitik frogatu du Armando bere berragerpen egunean 7. minutuan eta Gabilondok ezkerretik egin duen erdiraketaren ostean, Llorentek errematatu baino lehen Alvarezek kornerrera bidali duena, erasoko aldirik bortitzena burutu du Recrek.

Sinamak, buruz, langara errematatu du 13. minutuan, aldaratzea Recreren hanketan geratu da eta hurrengo jaurtiketa Athleticeko defentsak kornerrera bidali du. Sakeran ondorioz heldu da bat eta zerokoa. Aurrekoak bezala itxita atera du Martinsek eta Amorebietak buruz eskuetatik kendu dio baloia Armandori. Aldapaz gora eta erreakzionatzeko gaitasunik gabe.

Hamazortzigarren minutuan Sinamaren erdiraketa desbideratu du aterantz Iraolak, baina zorionez Ustaritzek urrundu du baloia. Markagailuan zeukan abantaila zela eta, ala Athletic hobetu eratu delako, indarra galdu du Recreativok eta gehiago jokatu da andaluziarren zelaian. Adibidez, Llorente geratu da bakar bakarrik Sorrentinoren aurrean, baina ez zen jokoz kanpokoa seinalatu diotena. Ordu erdia bete denean jokaldi polita egin du gure taldeak, baina Etxeberria eta Susaetaren arteko jokaldia ondo errematatzeko aukera ez du izan Iraolak eta ezkerrez ikutu duen arren Gabilondok ezin izan du baloia sareratu.

Atsedenaldian ia gure atzelari osoak zeukan txartela, Ustaritzena zorionez horia soilik baina dena den haren bosgarrena, eta aldageletatik bueltan aldaketak egin dituzte talde biek. Behartua Recreativok, Zahinos Beto lesionatuaren ordez eta Athleticek Aduriz Etxeberriaren ordez. Adurizek izan du lehendabiziko aukera, baina Sorrentinok igerri egin dio buruz saiatu den baloi loratua. Bigarren aldaketa zurigorria behartua izan da, Garmendiak ordezkatu du lesionatu den Orbaiz eta euskarri erasokorra oso antolatu da Yesterekin batera.

Une hauetan heldu dira Recreativoren bigarren zatiko unerik gozoenak. Sinamak aukera guztiak zeuzkan 55. minutuan bertan gola egiteko, baina Del Horno gurutzatu da. Bost minutu beranduago Rubenek gora jaurti du area sartzean eta 65. minutuan Sinamaren areaz kanpoko jaurtiketa gutxigatik abiatu da kanpora.

Hortik gutxira beste “berragerpen” bat, Muñozena hain justu, Yesteren ordez sartu baita erdilaria eta amaitzeko ordu laurdena falta zela Javi Guerrerok hartu du Rubenen tokia. Partida zeharo apurtuta zegoen, Athleticek baloi gehiago zeukan eta berdinketaren bila zebilen, azken paseetan baloia behar bezala mugitzen ez zen arren. Recrek, aldiz, kontraerasoan egiten zuen mina, baina baita ere azken metrotan behar bezalako punteria erakutsi gabe.

Azkenik, zurigorriek ondo mugitu dute baloia eta Muñozen pasea “jan” dute Sorrentinok eta bere defentsak eta Adurizek, bakar bakarrik eta buruz, ezarri du horren ondo datorkigun berdinketa 82. minutuan. Ia automatikoki Martin sartu da Varelaren ordez eta baloi loratuetan egin du arriskurik handiena Recreativok, edo bilatu behintzat, nahiz eta Adurizen hanketan azken aukera garbia egon, luzapenean, baina azken unean atzelari batek sartu du hanka. Azkenik, puntu bat eta gol aldea Athleticen alde, Recreativok meritu gehiago egin du norgehiagoka irabazteko, baina lasaitasunaren bidean ongi etorriak dira puntu guztiak, ondo jokatzen ez denean ere.