Athletic Club - RCD Espanyol
Jardunaldia 31
Liga

Athletic Club - RCD Espanyol

Athletic Club
Athletic Club
10
RCD Espanyol
RCD Espanyol
  • 13' J.Garmendia

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Espanyolek 0: Lasaitasuna eskura

Athletic Clubek bolada onari eutsi dio Espanyol 1-0 mendean hartuz Garmendiak lehen zatian egin duen…

Athletic Club

Athletic Clubek bolada onari eutsi dio Espanyol 1-0 mendean hartuz Garmendiak lehen zatian egin duen gol bikainari esker eta lasaitasuna eskura daukagunez gero, hamar puntu jaitsiera postuetara eta zortzigarren tokian sailkapenean, gora begiratzeko aukera begibistan dago azken zazpi jardunaldiei begira. UEFA ez bada, Intertotoko postua, zazpigarrena, zain dago eta borroka zaila bezain polita izango da.

Gora begiratzeko ezinbestekoa izango da talde izaten segitzea, jada arerio zuzena denaren aurka gaur gertatu den bezala. Espanyolek 36 puntu egin ditu lehen itzulian eta bigarreneko ibilbide kaxkarrari amaiera emateko asmoz etorri da San Mamesera. Aitzitik talde sendo bat, zer egiten duen dakiela eta falta zaiona jardunaldi jardunaldi ikasten diharduena, halabeharrez batzutan. Argi dago bigarren zatian arazoak izan dituela Athleticek, baina argi dago neurri berberan zeozergatik izango dela gure taldea gol gutxien jaso duena Liga honetan. Izpiritu horretaz kutsaturik edo, zaleek ulertu dute zein garrantzitsua zen gaur irabaztea, eta ez bakarrik hiru puntuengatik, baizik eta puntuak baino haratago zihoan esanahiarengatik, hau da, bazen garaia azken bi denboraldiotako bildurrari agur esateko gure Athleticek, sasi guztien gainetik, ahalmena daukalako gauza gehiago egiteko.

Orekatua hasi da lehia, baina Athleticek askozaz hobeto mugitzen zuen baloia eta askozaz gehiago hurbiltzen zen Kameniren inguruan. Eta San Mames gotorlekua bilakatzen ari denez, lehendabiziko aukera garbian lortu du gola Athleticek. Hamahirugarren minutuan Gabilondok pase bikaina bidali du arearen bihotzera eta bertatik sartu da Garmendia burukada bikaina sareetara bidaltzeko. Getaferen aurkako partidako ia kokapen bera, ate bera… baina kasu honetan zorionez atezaina agertu barik. Bat eta zero eta Athleticek segitu du bere jokoa egiten partida nahasten zen bitartean. Espanyolek ez ei du baloia kanpora botatzen epailea jokua gelditu arte, baina dirudienez eskatu eskatzen diote aurkariari kanpora botatzea eta egoera horrek sutan jarri du harmaila… Katedralean egiten zuen bere debutaren egunean dena eta gehiago seinalatzen zuen epaileak lagunduta.

Espanyolek ez zuen inolaz ere arriskurik sortzen eta Athletic Clubek, su-etenik gabe, presio ona egiten zuen eta hegal batetik bestera baloia ondo mugitzen. Javi Martinezek aukera paregabea izan du 27. minutuan Garmendiaren baloia jaso eta gero, baina lekutara jaurti du. Yeste, lesionaturik, joan da eta Muñoz sartu da bere ordez 36. minutuan. Hortik gutxira Espanyolek izan du lehen zatiko abagune bakarra, baina ez nolanahikoa Rufetek zutoinera jaurti baitu 39. minutuan. Jokaldi isolatuak gogora ekarri egin du Espanyolen kalitateak, baina Athleticek aukera paregabea izan du partida bideratuta uzteko atsedenaldira joan baino lehen. Susaeta geratu da bakar bakarrik Kameniren aurrean eta behin engainatuz gero, atezaina beste aldera bota da eta, gehiegi gurutzatu du baloia.

Bigarren zatian hegalak zeharo aldatu ditu Valverdek: Coro Rufeteren ordez eta Riera Valdoren ordez. Bisitariek erasora jo dute eta Tamudoren jaurtiketa harrapatu du Armandok 53. minutuan, Llorentek 56. minutuan buruz langara bere burukada bidali duen arren. Hortik gutxira Etxeberria sartu da Garmendiaren ordez, baina eskema ez dute aldatu zurigorriek. Partidako ordua bete denean Iraolak ezin izan du behar bezala baloia laga, baina Rieraren ahalegina ezerezean utzi du Ociok atepean, baloia kornerrera bidaliz. Riera saiatu da faltaz ere baina Armando ondo kokatuta zegoen.

Koikilik hartu du Del Hornoren tokia 67. minutuan, txartela baitzeukan eta Espanyol ere bere hegaletik lan handia ematen ziolako Athletic Cluberi. Llorentek, falta alde gora falta kontra behera, beste aukera berri bat izan du 68. minutuan, baina kanpora jaurti du ezkerrez. Athleticek ondo eusten zion partidari, baina Susaetak penalti garbia egin du 73. minutuan Tamudori. Tamudok berak lekutara bidali du jaurtiketa eta une horretan garaipena gertuago ikusi da.

Zurigorriek arnasa hartu dute lerroak apur bat aurreratu eta baloia eduki. Martinezek jaurti du gora 85. minutuan eta Llorenteri, arrazoi osoz, baliogabetu diote gola 92. minutuan, jokoz kanpo zela. Espanyol saiatu da amaitu arte, baina Cororen ahalegina antzua izan da azken unean. Azkenik helburua lortuta dirudi, lasaitasuna bilatzen baitzen azken urteotako ibilbide kaxkarraren ostean, klub askok urtez urte nahiko luketena, baina agi denez, batzuentzat berria da gure filosofiarekin gerra ematea. Guretzako ez.