RC Deportivo - Athletic Club
Jardunaldia 32
Liga

RC Deportivo - Athletic Club

RC Deportivo
RC Deportivo
30
Athletic Club
Athletic Club
  • 31' Coloccini
  • 63' Sergio (p.)
  • 79' Filipe

KokapenaRiazor , A Coruña

Deportivok 3 Athletic Clubek 0: Bolada amaitu da

Athletic Clubek 3-0 galdu du Riazor futbol zelaian, Coloccinik, Sergiok penaltiz eta Filipek egin dituzte…

Athletic Club

Athletic Clubek 3-0 galdu du Riazor futbol zelaian, Coloccinik, Sergiok penaltiz eta Filipek egin dituzte partidaren golak. Gaurko emaitzarekin bolada onari (sei partida galdu gabe) amaiera ematen zaio eta, behin jardunaldia amaituta, sailkapenean hamargarren postuan egon arren, toki berean segitzen dugu gertuen dagoen europar postuari begira.

Zazpigarrenean galdu egin du Athletic Clubek eta, harrigarria bada ere, Riazorren heldu da denboraldiko golkadarik handiena. Tamalez ordubeteko orekaren ostean, bi eta zerokoaren eskutik, Deportivok ez du inolako zailtasunik izan markagailua borobiltzeko.

Talde biek bolada ona zeramaten eta errespetuz ekin diote lehiari espero ziren sistemez horniturik. Athletic Clubek, harmailetan oso ondo babesturik, ederto itxi dio ezker hegala etxeko taldeari, baina zailtasun gehiago izan du eskuinaldetik, batez ere Wilhemssonekin. Halaz ere, Llorentek izan du lehendabiziko aukera zortzigarren minutuan Koikiliren erdiraketa buruz errematatzean, baina ez dio behar legezko indarrik eman baloiari eta Aouatek harrapatu du erraz.

Xiscok aukera izan du 13. minutuan, baina hainbat jokaldietan bezala, tartean sartu da atzelari zurigorri bat. Lafitak kanpora errematatu du buruz 18. minutuan eta Xiscok berebiziko zartakoa bidali du atera 24. minutuan, Armandok erantzun ona eman diola. Eta husnako berdinketarekin David Lopezek aukera garbia izan du zero eta batekoa ezartzeko 29. minutuan, baina Aouatek konpondu du jokaldi honen hasieran egin duen hankasartzea. Zoritxarrez bi minutu beranduago heldu da galiziarren lehendabiziko gola, zoritxarrez estrategiako jokaldian eta, zoritxarrez ere, ezagunak ziren arrisku sortzaileen eskutik, buruetatik zehazki, erdiko hiru atzelariek buruz jo baitute: Sergiok areara bidali Pablo Amok erdira buruz bidali, erdian Lopok buruz jo eta Coloccinik buruz barrura.

Ospakizunean antzeztu da aste barruan prestaturiko “mendeku” ia orokor ulertezina bi urtez egondako edozein entrenatzailearentzat, baina futbola horrela izateaz gainera, bira asko ematen duela ahazten da arinegi. Kirolari dagokionez, golaren aurretik aukera garbia izan du Athleticek eta golaren ostean ere bai. Kasu honetan Garmendiak baloia kendu dio De Guzmani eta Llorenteri laga, baina honen jaurtiketak atezainarekin egin du topo.

Bestalde Xiscok gurutzatuegia jaurti du 35. minutuan eta 37. minutuan Javi Martinezek bidali du kanpora urrutitik. Oreka, esan bezala, nagusi lehen zatian eta aldaketarik gabe, atsedenaldian behintzat, bigarren zatiari begira.

Hasteko, 47. minutuan Loporentzat txartel horia, kronika honetara ekartzen duguna ondorengo jokaldi bati lotzeko. Tartean Javi Martinezen burukada gora 48. minutuan eta 55. minutuan Lopok Llorenteri falta egin dio arean sartzear zela. Bigarren txartel horia zirudien, baina ez dira horiek Dauden Ibañezen estiloko lanak. Bitxikeri moduan, Deportivok ez du partidarik galdu etxean Daudenekin eta gaur erakutsi duen lan onari epailearen irizpideak gehitzen badizkiogu, akabo.

Falta jaurti du Lopezek eta Llorentek ezin izan du buruz sartu, baina ezta Iraolak ere bere jaurtiketa bortitzak Aouatek desbideratu duelako. Berehala Aduriz sartu da Garmendiaren ordez eta Riki Wilhemssonen tokian. Lafita eskuin hegalean kokatu da eta sartu berria ezkerrean, nahiz eta 61. minutuan eskuin oinean aukera izan gola egiteko. Ez du golik lortu, baina bai penaltia eragin 62. minutuan. Eztabaidagarria da oso Amorebietaren sarrera, baina epaileak ez du inolako zalantzarik izan. Penaltia eta Sergioren gola. Eta hor amaitutzat eman daiteke lehia. Muñoz (gero lesionatu dela) sartu da Ocioren ordez 66. minutuan, Javi Martinezen kokapena atzeratuz, eta Cuellar itzuli da taldera 75. minutuan Gabilondoren ordez, hamaikakora ere itzultzen zen Davi Lopez ezker hegalean jartzeko.

Gauzak ez dira gehiegi aldatu, Amorebietaren burukada bat 70. minutuan kenduta, eta Deportivok lasai asko jokatu du azken txanpa, espazio askorekin eta arriskualdiak sortzen: Xiscok buruz zutoinera errematatu du, Filiperen falta jaurtiketa langara desbideratu du Armandok, baloia gelditu dio atezainak Xiscori… baina ezin izan du bere irteerarekin ekiditu Filiperen baloi loratua 80. minutuan, hiru eta zerokoa. Eta, sari bezala, zutoinetako baloiak zenbatu ditzakeen moduan, ohitura txarra ere zenbatzen du Armandok, esaterako kolpeak jasotzearena, kasu honetan Tabordaren ostikada izterrean jasoz.

Halaz ere, kolpe gogorragoa izan da gaurko porrota, eskura zegoena, hots, Intertoto, bertan mantentzen den arren. Eta behin etxeko lanak egin eta gero, zilegi da ilusio hori piztuta izatea, nahiz eta gurean arruntena zerutik infernura egun batetik bestera pasatzea izan. Ez dezagun ahaztu nondik gatozen egungo egoera aztertzeko garaian eta horretarako Valentziaren aurkako partida aurreko zentzazioak berreskuratzeko baliogarria izan daiteke. Egunen batean galdu behar zuen taldeak, eta askotan esaten den moduan, hobe da behin hiru eta zero galtzea, hirutan bat eta zero galtzea baino.