Sevilla FC VS Athletic Club 18/5/2008 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
38. Jardunaldia

Sevilla FC4 : 1Athletic Club

Kanouté40'
Keita78'
Kanouté80'
Navas87'
Aduriz3'(p.)
Laburpen bideoa
Estadioa
Ramón Sánchez-Pizjuán
Herria
Sevilla
Data
18/05/2008
Ordua
21:00
Data eta ordua
18/5/2008 - 21:00

Sevillak 4-Athletic Clubek 1: Hasiera ona eta azkenean ezin

Athletic Clubek 4-1 galdu du Sevillaren aurka eta hamaikagarren tokian amaitu du aurtengo Liga Txapelketa….

18 de may. de 2008

Athletic Clubek 4-1 galdu du Sevillaren aurka eta hamaikagarren tokian amaitu du aurtengo Liga Txapelketa. Adurizek, penaltiz, sartu du gure taldearen gola, hasi eta berehala, baina ostean Kanoutek (2) Keitak eta Navasek egin dituzte etxekoenak. Hasiera ona eta ezintasunez beteriko bukaera, horixe litzateke norgehiagokaren laburpenik errazena. Pena, azken finean Intertotorako txartela eskura egon delako andaluziarren futbol zelaian garaipena erdiestea oso zaila zen arren. Azken jardunaldiko emaitza txarrak ez luke ozpindu beharko kanpainaren balantze baikorra: taldeak oinarrizko helburua bete du azken bi denboraldien abiapuntutik ikusita, hots, lasaitasuna eskuratzearena, eta guztion buruan dago lehendabiziko pausoak eman dituela talde sendo bat osatzeko.

Baldintza bikoitza bete behar zen gaurkoan: geuk irabazi eta Deportivok galdu. Bigarrena gertatu da, iazko denboraldian geure larruan nozitu genuen moduan, Vila-real indartsu dabilelako, baina Sevilla ere sartu da europar lehiaketetan eta duen indarra erakutsi digu. Hala eta guztiz ere, lehen urratsak itxaropenarako atea ireki dute: hirugarren minutuan penaltia egin diote Llorenteri. Adurizek De Sanctis engainatu du zero eta batekoa ezartzeko.

Zurigorriek ez dute atzerapausorik eman eta ordu laurdenean partida erabakita uzteko ez, baina hobeto bideratzeko aukerak egin dituzte. Gurpegik buruz errematatu du korner bat seigarren minutan eta angeluan bertan jo du baloiak eta hamalaugarren minutuan zentimetro batzuk falta izan zaizkio Gabilondori Llorenteren lagapena barrura bidaltzeko. Ostean Kanoutek izan du abagunea buruz eta Gabilondo saiatu da berriro, faltaz kasu honetan, 16. minutuan, baina kanpora.

Tamalez, berpiztu da Sevilla eta nola gainera, pixkaka hartu dute zelai erdian baloia eta, beraz, ekimena, eta ez dute askatu atsedenaldira arte. Asko heldu dira area ingurura, batez ere eskuinaldetik, eta ez dute jokalari txarrak horretarako. Adrianok ezkerrez kanpora jaurti du 25. minutuan, kanpora bota du Renatok 28. minutuan eta ukabilez urrundu behar izan du Armandok Renatoren beraren falta jaurtiketa hortik gutxira. Konek jokaldi polita eraiki du ordu erdirako, baina Armandok igerri egin dio jaurtiketa. Su-etenik gabe, Renatok zutoinera jaurti du 31. minutuan eta bost beranduago bakarrik geratu da gure atezainaren aurrean, baina izkin egitean Amorebieta aurreratu da. Zoritxarrez ez da gauza bera gertatu 40. minutuan, Gurpegik kendu baitio baloia Koneri baina Kanouteren hanketan geratu da doi-doi banakoa ezartzeko. Jokoz kanpo eskatu dute zurigorriek, baina alferrik.

Halaz ere, aldageletara abiatu baino zertxobait lehenago beste aukera bat sortu du Athleticek. Llorentek errematatu du korner barri bat, baina kanporantza abiatu da baloia.

Atsedenaldiaren ostean, Iraola sartu da denboraldi honetan lehendabiziko aldiz jokatzen zuen Urko Arroyoren ordez eta Ustaritzek bete du Koikiliren tokia. Aldaketek marrazkia aldatu dute: Iraola kokatu da eskuin hegaleako atzeko lerroan, Garmendia bere aurretik, Gurpegi euskarrian eta Ustaritz esker hegaleko atzeko lerroan.
Eta bigarren zatiaren hasiera lehena bezain itxaropentsua izan da: Gabilondok De Sanctisen “oparia” jaso du, baina baloia gehiegi loratu du langa gainetik. Ez da azken aukera izan, 50. minutuan errepikatu baitu Gabilondok, baina kanpora jaurtiz berriro ere.
Sevillak ez zuen oraindik arrisku gehigirik sortzen eta A Coruñatik iristen ziren berriak ez ziren txarrak. Etxekoak zain zeuden Biri taldeak sostengu ederra ematen zien bitartean eta gure taldean hirugarren aldaketa egin du Caparrosek: Etxeberria sartu da Llorenteren ordez lehia amaitzeko ordu erdi bat falta zela. Kasu honetan jokalariak eskatu du aldaketa, kolpe gogorra jaso baitu ezkerreko gandor iliakoan. Jimenezek aldiz, aldaketak egiteari ekin dio une berean eta ez nolanahikoak: Capel sartu da Adrianoren ordez 61. minutuan, gero Maresca Poulsenen ordez 68. minutuan eta Keita Renatoren tokian 76. minutuan.

Minutuak pasatzen ari ziren inolako abagunerik ikusi barik, Kanouteren barnealdi bat kenduta, Amorebietak atepean urrundu duena, baina Ociori seinalatu dioten falta baten ondorioz sartu berria zen Keitak ezarri du bi eta batekoa 78. minutuan. Eta hortxe amaitu dira itxaropenak eta indarrak gure taldearentzat eta Sevilla den modurik gordinean, espazioekin aldapaz behera, agertu zaigu: Navasek zutoinera jaurti du 81. minutuan eta aldaratzea bakar bakarrik zegoen Kanoutek sareetara bidali du (3-1) Capelek gurutzatuegia jaurti du 84. minutuan, Kanouteren jaurtiketa gelditu du Armandok ia jarraian eta Navasek egin du lau eta batekoa 88. minutuan Muñiz Fernandez epaileak txistu egiteko keinua egin duen jokaldian, falta zela eta, baina keinuan geratu denez ederto aprobetxatu du Navasek. Amaitzeko eta lehen zatiaren parekoa burutzeko, aukera zurigorria: Javi Martinezen jaurtiketa desbideratu du De Sanctisek luzapenean.

Beraz, zati biek bilakaera bera izan dutela esan dezakegu: hasiera ona, Sevillaren erreakzioa partida berdintzeko lehen eta gero erabakitzeko eta azken aukera zurigorria, alferrik ordea. Aitzitik ez da alferrikakoa izan denboraldi honetako lana, batez ere diru eta izen gehiago duten askok pairatu duten sufrimenduak ikusita, beti ona baita norberaren egoera Liga osoaren baitan aztertzea.

Behin amaituz gero, gutxiago falta zaigu jada hurrengo denboraldiari ekiteko.