Hércules CF - Athletic Club
Final hamaseirenak
Kopa

Hércules CF - Athletic Club

Hércules CF
Hércules CF
22
Athletic Club
Athletic Club
  • 9' Llera
  • 36' Cámara
  • Llorente 71'
  • Del Horno 77'

KokapenaJosé Rico Pérez , Alicante

Herculesek 2 Athletic Clubek 2: Emaitza ona itzulerako

Athletic Clubek bina berdindu du Kopako final hamaseirenetako joaneko partidan. Llerak eta Camarak egin dituzte…

Athletic Club

Athletic Clubek bina berdindu du Kopako final hamaseirenetako joaneko partidan. Llerak eta Camarak egin dituzte etxekoen bi golak lehen zatian eta, bigarrenean, Llorentek eta Del Hornok berdindu dute lehia. Onena emaitza izan da, batez ere partida aldapaz gora jarri delako, Yesteren itzulera partida osoa jokatu baitu, gaitasuna kontrako emaitzari buelta emateko eta burua hotza izatea hamarren aurka. Txarrena Iraizozen lesioa izan da, zoritxarrak Aranzubiari berriro jokatzeko aukera eman dion arren.

Partidak eztabaidarako lau jokaldi izan ditu orden honetan: lehendabizikoa balizko penaltia Yesteri 35. minutuan. Beharbada gehiegi antzeztu du gure jokalariak erorketa, baina epaileak txartel horia erakutsi ez badio oso argi ez zeukalako izango zen.

Horren ostean bi eta zerokoa heldu da eta ia atsedenik gabe, 37. minutuan, bigarren jokaldi eztabaidagarria: Sendoa baloi baten bila joan da, gorantz egin du jauzia eta Iraola aurreratu egin da. Aktak dionaren arabera ostikada eman dio Iraolari besoan eta bularrean eta nabariak dira gaur, hasieran behintzat, atzeko lerrora itzuli denaren gorputzean. Batzuentzat gehiegizkoa izan da gorria, baina alderatu dezakegu, esaterako, Del Horno eta Ocio, besteak beste, ikusi diztuzten txartelekin. Guda horretan Goikoetxea entrenatzailea ere kanporatu du epaileak.

Hirugarren jokaldia izan da Herculeseko atzelari baten eskua bere arean, jada bigarren zatian eta markagailuan 2-0rekin, Muñozen zartakoa desbideratzeko. Zurigorriek horixe eskatu dute batera, baina epaileak ateko sakea seinalatu du.

Azkenik, laugarren jokaldi eztabaidagarria, 65. minutuan heldu da eta penaltia eskatu dute etxekoek Amorebietak Blas Perezi elastikotik heldu dionean. Halaxe izan da irudipena zelaian bertan ere.

Saltsa honen inguruan edo gainetik jokatu da partida. Bazirudien Athleticek ekimena eramango zuela eta Yestek izan du lehen aukera faltaz bigarren minutuan, baina Herculesek pixkaka sartu du Athletic arean, alde batetik ia falta guztiak aukera bihurtuz jokalari gehienak arearantz bidaliz eta, bestetik, gure taldeko akatsengatik, paseetan, presioan eta markaketetan. Horrelako batean heldua da bat eta zerokoa bederatzigarren minutuan Llerak falta baten jaurtiketa buruz errematatu duenean. Yestek lana eman dio Sergio Aragonesesi 12. minutuan eta Llorentek gehiegi loratu du baloia 18. minutuan, baina jokaldi isolatuak ziren eta arrisku gehiago sortzen zuen Herculesek eta erraztasun gehoagorekin gainera.

Lehen zatiaren azken txanpan lehendabiziko bi jokaldi eztabaidagarriak gertatu dira, eta hauen artean bigarren gola areaz kanpoko jaurtiketa bortitzaren bitartez Camarak egin duena. Atsedenaldia baino lehenago David Lopezek izan du aukera 41. minutuan, Aduriz sartu da Gabilondoren ordez minutu beran eta Del Hornok aukera izan du luzapenean, baina atzelari batek urrundu du arriskua.

Atsedenaldiaren ostean Zubiaurrek hartu du Javi Martinezen tokia, baina kokatu da eskuin lateralean, Iraola aurreratuz, Muñoz eta Yeste euskarrian eta David Lopez ezker hegaleko erasoan. Goian bi aurrelari, Aduriz eta Llorente. Gauzak okertzeko eta erasoan sartzeko ere Etxeberria berotze ariketak egiten zegoela, Iraizozek zaintiratua sufritu du eta Aranzubiak, aspaldiko partez, bete du bere tokia 54. minutuan.

Bigarren zati honetan Athleticek jakin izan du jokatzen behintzat, baloia albo batetik bestera zentzu gehiagoz mugituz, buruz eta baloi gehiegi arearantz loratu barik. Gainera aprobetxatu ditu bi faktore: etxekoen nekea bat gutxiagorekin eta Herculesen eskuin hegalean sortu den hutsunea, batez ere David Lopezek eta Del Hornok aukera asko bait zeukaten bi baten kontrakoarena egiteko hortik Javi Gozalezi asko kostatzen baizitzaion beherantza mugitzea. Gauzak horrela Yestek bilatu du atzeko lerroaren bizkarra baloia Del Hornori sartuz eta honen erdiraketa zetorkion moduan Llorentek bultzatu du ate barrura.

Jada ez zen emaitza hain txarra, eta Goikoetxeak harmailetatik taldea berpizten saiatu da Ruben Navarro Blas Perezen ordez sartuz, hamar minutu lehenago Farinos Mariñoren tokian kokatuz egin duen moduan. Halaz ere, hortik gutxira eta hegal beretik heldu da berdinketa, 77. minutuan alegia, Del Hornok Yesteren pase sakona gola bihurtu duenean.

Hercules ez zen Aranzubiaren ingurura iristen eta Ariel Montenegro sartu berria izan da arrisku txiki bat sortu duena 78. minutuan. Llorentek, bestalde, izan du berebiziko aukera 80. minutuan, baina gora errematatu du Iraolaren erdiraketa. Eta horrela joan zaigu lehia non azken emaitza ondoriorik onena izan den, ea data finkorik ez duen itzuleko partidan Athleticek lortzen duen final zortzirenetarako txartela.