Athletic Club - UD Almería
Jardunaldia 1
Liga

Athletic Club - UD Almería

Athletic Club
Athletic Club
13
UD Almería
UD Almería
  • 55' Ion Vélez
  • Pellerano 7'
  • Negredo 32'
  • Ortiz 49'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 UD Almeriak 1: Porrota hasteko

Athletic Clubek 1-3 galdu UD Almeriaren aurka. Ion Velezek egin du gure taldearen gola eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-3 galdu UD Almeriaren aurka. Ion Velezek egin du gure taldearen gola eta Pelleranok, Negredok eta Ortizek bisitarienak. Ez dago aitzakiarik Ligako lehendabiziko porrota justifikatzeko hasieratik erraztasun gehiegi eskaini baititu Athleticek eta zortea, hau da asmatzea, falta izan zaio bigarren zatian partidan bete-betean sartzeko, beranduegi eta oso zaila zen.

Hasieran bazirudien partida Almeriaren zelaian jokatuko zela, baina denboraldiaurrean batzutan gertatu den bezala, nahikoa izan zaio arerioari lehen baloi gelditua gola egiteko. Zazpigarren minutuan kornerra atera dute andaluziarrek, Chicok orraztu du arearantz eta hor Pelleranok, bakar bakarrik, sareetara bidali du. Zurigorriek erreakzionatu dute, Etxeberriak boleaz gora jaurti du hamargarren minutuan eta jarraian Susaetari balizko penaltia egin diote.
Espero zen legez, Gonzalo Arkonadaren taldea oso ondo ordenaturik kokatu da zelaian eta burua hotza mantentzearekin norgehiagoka irabazteko pauso handiak eman. Gainera iazko denboraldian bezala, puntaerdiek erdilariak ederto lagundu dute zelaian nagusitasuna lortu arte. Baloia kanpotarren hanketan zela, kontraerasoetan egin du minik handiena gure taldeak.

Gauzak horrela Susaetak aukerarik onena izan du 25. minutuan baina Diego Alvesek esku ona atera du eta ia jarraian txilenaz egindako errematea harrapatu du. Dinamika bera zen, Almeria lasai, Athletic Club nahi eta ezin, harmailetatik hasieratik sostengu ederra heltzen zen… baina 32. minutuan aldapa gorago ipini da lehia. Casasek atzera bidali du baloia, tamalez Negredoren oinetara eta aurrelariak Iraizozen irteera gainditu du aise. Zero eta bi. Eta ordubete aurretik.
Hala eta guztiz ere okerrena izan da San Mamesen ohikoa ez dena gertatzen hastea eta txistuak egon dira gure jokalarientzat, Casasentzat hain zuzen ere eta, bigarren zatian jada, Yesterentzat, Almeria txalo artean adio esaten zaion bezala. Horrela da futbola gurean eta zorionez adierazpen askatasunak aukera ematen du denetarako aste honetan bertan ikusi den moduan. Atsedenaldira arte baloia ikutzen dakiela erakutsi du Almeriak.

Bigarren zatian are okerragoa izan da hasiera, hasi eta berehala Ortizek hirugarrena egin baitu, kasu honetan etxekoen oparirik gabe. Athleticen Orbaiz eta Ion Velez sartu dira Gurpegi eta Etxeberriaren ordez. Gutxienez Ion Velezek ederto mugitu da atzeko lerroaren atzetik 55. minutuan eta Susaetaren baloia ezkerrez errematatu du bat eta hirukoa ezartzeko.

Zerbait gehiago ikusteko zeuden gogoak eta golaren alaitasunaren eskutik, Athleticek unerik onenak bizi izan ditu, baloia ederto berreskuratuz eta abiaduraz jokatuz. Bi minutu beranduago Ion Velez sartu da zentralen artean, baina azken unean atzelari batek aurrea hartu dio jaurtitzeko prest zela. Hortik gutxira David Lopez sartu da Susaetaren ordez eta Crusat Piattiren ordez, albo bietan freskotasunaren bila edo.

Gauzak horrela, 66. minutuan heldu da jokaldirik erabakigarriena. Brunoren eskua arean eta penaltia. Yestek hartu du erantzunkizuna, berehala gainera, baina Diego Alvesek hankekin urrundu du penalti jaurtiketa. Tristura nagusitu da. Tristura une horrentantxe bertantxe amaitu delako lehia Athleticarentzat, baina tristura horrek txistuak piztu ditu Yesterentzat, penaltia huts egiteagatik suposatzen da. Beroaldia pasata, azpimarratzekoa da ere zale askoren erantzuna txaloz hartu baitute.

Txistu ala txaloekin, minutuak aurrera joan dira, bihotzak bultzaturik Athletic eta, arazorik gabe, lasai asko Almeria kontraerasoak antolatu nahian. Azken unean Javi Martinezek izan du abagunea, baina taldeak partida osoan erakutsitakoari segituz, kanpora abiatu da bere burukada. Ez da ametsetan irudikatuta geneukan Liga hasiera.

Gutxienez partida telebistan ikusi ezin izan duten zaleek dirua eta partida txarra aurreztu dute. Hori bai, jakin dezatela izan dela AVSk partida produzitu dutenei irudiak eskatu ez dielako. Irudiekin ala irudirik gabe, askozaz hobeto egin beharko du Athleticek Malagan bigarren jardunaldian. Bi aste daude indarrak eta ideiak biltzeko.