- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2008-09
- Málaga CF - Athletic Club
Málaga CF - Athletic Club
KokapenaLa Rosaleda , Málaga
Malagak 0-Athletic Clubek 0: Lehendabiziko puntua
Athletic Clubek lehendabiziko puntua eskuratu du Malagarekin husna berdindu eta gero. Lehen zatian partida eskasagoa…
Athletic Clubek lehendabiziko puntua eskuratu du Malagarekin husna berdindu eta gero. Lehen zatian partida eskasagoa izan da eta bigarrenean zurigorriek joku hobeagoa egin dute, baina aukerak ez dira gauzatu.
Alderik onena izan da taldearen gaztetasuna, 24 urte inguruko bataz bestekoa, eta Iturraspe eta Balentziagaren debuta partida ofizialean. Biek estraineko partida jokatu dute Lehen Mailan, Bigarren B Mailarekin dagoen erritmo aldea azken minutuetan nabarituz.
Bigarren jardunaldi honetan zelaiaren egoerak norgehiagoka baldintzatu du. Nahiz eta lehia hasi baino lehenago soropila ureztatu duten, ezinezkoa izan da tajuzko jokurik egitea. Horretan eragina izan du ere taldeen jarreran Malagak zein Athleticek lehen zatian ez dutelako inolako arriskurik hartu baloia edukitzean. Gauzak horrela, arriskualdi oso gutxi ikusi dugu La Rosaledan eta gehienak jokaldi nahasien ondorioz heldu dira.
Etxekoak gehiago saiatu dira, urrutitik gehienetan. Hamalaugarren minutuan Dudak doi-doi eman dio lana Iraizozi, 20. minutuan Callejaren erdiraketa itxia ikusi dugu, 26. minutuan Baharen zartakoa urrundu du Iraizozek, beharbada abagunerik argiena izan da, eta 42. minutuan Luqueren txanda izan da, baina desbideraturik jaurti du ezkerrez.
Gurean, egia esateko, aukera bakarra azpimarra daiteke, 33. minutuan Yestek buelta erdian egin duena, Llorentek buruz ikutu eta gero. Arnauk kornerrera bidali du baloia. Bigarren zatiari begira atsedenaldian gehiago egiteke zegoela zirudien, eta halaxe gertatu da.
Aldaketarik nabarmenena Athleticek ezagutu du. Jokalari berberak ziren, baina ez jarrera. Zurigorriek zelaiaren egoera ahaztu edo baztertu dute eta baloiaz jabetu dira hasieratik.
Hegaletatik gehiago mugitu dute baloia, batez be eskuinaldetik, eta aukerak heldu dira bata bestearen atzetik. Lehendabizikoa Yesterana izan da 47. minutuan, baina bere boleak atzelari baten kontra tupust egin du. Javi Martinezena izan da hurrengoa, jokaldi entsegatuaren ondorioz, 55. minutuan, baina Susaetaren pasea atzera lekutara bidali du erdilariak. Hurrengo minutuan Susaetak ezkerrez jaurtik du areaz kanpotik eta 60. minutuan Iraolak jaurti du Arnauren eskuetara ormarena egin eta gero.
Ez da golik lortu eta partida orekatu da. Halaz ere Malagaren arriskua falten bitartez hel zitekeen nagusiki eta sustoa eman digu Dudak 65. minutuan. Baloia zuzenean kanpora joan da, epaileak kornerra seinalatu duen arren.
Honezkero aldaketak hasiak ziren, Tapiak ezker hegalari freskotasuna emateko eta Caparrosek Iturrasperen hanketako minei erantzuna emoteko. Ion Velez irten da eta Yeste euskarrira mugitu da. Aulkitik haize-ahokada eta abiadura bilatu ditu batera Tapiak, Adrian Luqueren ordez sartuz, baina eragina ez da korner eta hegaleko faltetan baino nabaritu.
Athleticek ere azken ahalegina egin du, indar gehiegirik gabe eta Yestek lana eman dio, urrutitik berriro ere, Arnauri, 80. minutuan. Etxekoen aldetik luzapenean heldu da azken arriskualdia Eliren kontraeraso azkarra eta ondorengo jaurtiketaren eskutik, baina alferrik.
Lehendabiziko puntua eta zentzazio onak atzean, estraineko partida golik jaso gabe, itxaropenez beteriko debutak eta taldeak, hainbestetan eskuinaldera okertuta ere, baloiarekin min gehiago egin duela behin soropilaren egoera tamalgarria albo batera utzita.
Hiru partidako astea datorkigu orain, bi San Mamesen izango dira (Valladolid eta Getafe) eta bitartekoa kanpoan (Recreativo), inolako atsedenaldirik gabe, lehenengo eta behin etxean utzitako irudi kaxkarra garbitzeko baliagarri beharko zutenak.