Athletic Club - Real Valladolid
Jardunaldia 3
Liga

Athletic Club - Real Valladolid

Athletic Club
Athletic Club
20
Real Valladolid
Real Valladolid
  • 51' Llorente
  • 82' Iraola (p.)

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2-Real Valladolidek 0: Heldu da lehen garaipena

Athletic Clubek 2-0 irabazi dio Real Valladolid taldeari eta Ligako lehen garaipena erdietsi du hirugarren…

Athletic Club

Athletic Clubek 2-0 irabazi dio Real Valladolid taldeari eta Ligako lehen garaipena erdietsi du hirugarren jardunaldi honetan. Llorentek, buruz, eta Iraolak, penaltiz, egin dituzte gure taldearen gol biak. Hiru puntuez gain, zurigorriek estreinaldiko zentzazio txarrak baztertu dituzte, partidak behar bezala jokatzeko eta irakurtzeko gai direla soberan erakutsiz.
Ez zen arerio erraza Mendilibarren taldea, denboraldiaurrean frogatu zen legez, eta hasieratik presioa izan da nagusi San Mameseko txoko guztietan. Etxekoek eta bisitariek ez zioten muzin egiten aurrera joateari eta Lehen Mailan dagoen parekotasunaren isla izan dira lehen minutuak. Parekotasuna baita ere aukerak sortzeko orduan, ez baitzen abagune garbirik inondik ikusten.
Lehendabizikoa Llorentek izan du, ez nolanahikoa gainera, baina David Lopezen korner jaurtiketaren ondorioz egin duen burukada kanpora joan da… 24. minutuan! Berrindartu da Athleticen erasoa eta hurrengo jokaldian Marcosek eskuarekin moztu du baloia arean, baina epaileak ez du penaltirik seinalatu. Bigarren zatian pitatu duenarekin alderatuz, argiagoa zirudien honako hau, baina tira, zurigorriek bereari eutsi diote, eta baita Sergio Asenjo atezain gazteak ere, berari esker, besteak beste, Valladolid golik jaso gabe joan da eta.
Hasteko David Lopezen jaurtiketa arrasean desbideratu du ordu erdia gainditu bezain pronto. Honez gero jaurtitzaileak eskuinaldetik zebilen jada eta Susaeta kontrako hegaletik. Hogeita hamahirugarren minutuan hamaikakoan hasieratik irten den Ion Velezen ezkerrez egindako jaurtiketa ere harrapatu du Asenjok. Eta atezaina tartean ez zenean pittin bat falta izan zaio Athletici. Adibidez Balentziagaren barnealdia eta atzera eginiko pasearen ostean Llorentek irrist egin duenean edota David Lopezen baloi loratuak Asenjo gainditu duenean, baina gutxigatik kanpora abiatzeko. Dena den abagunerik garbiena lehen zatiaren luzapenean heldu da. Balentziagak erdiratu du ezkerraldetik Amorebietak buruz Ion Velezi laga dio baloia eta horrek sareetara jaurti du. Marrazainak ez du asmatu, baina banderatxoa altxatzean jokaldia bertan behera geratu da.
Valladolid hainbatetan saiatu da arriskua sortzen, baina bizpahiru jaurtiketa desbideratuak albo batera utzita ez dio lan gehiegirik eskaini Iraizozi. Umorezko detailea ikusteko ere parada izan dugu atsedenaldira joan baino lehen: aste osoa bueltaka ibili gara Caparrosen mutilen balizko “joku zikina” gora eta behera kanpotarren bigarren entrenatzaileak hizpide hartuta, eta eurek baloia kanpora ez zutela botatzen eta abar… baloia kanpora bota duten arte Athleticen presioa ez baizitzaion Pucelako taldeari erosoa suertatzen une horretan. Azken finean mundu guztiak ahal duenean egiten duena.
Bigarrenean Alvaro Rubiok izan du aukerarik argiena hasi eta berehala, baina Iraizozek desbideratu egin du zartakoa. Susmorik ezkorrenak nolabait aldentzeko edo, Athletic Clubek erasoari ekin dio lehen zatian amaitu barik utzitako lana borobiltzearren. Llorentek burukada ederra egin du 49. minutuan, baina hobeagoa izan da Asenjoren geldiketa. Aldaratzea Ion Velezek harrapatu du, baina atzera egin duen paseak ez du tajuzko errematatzailerik aurkitu.
Ez ei zegoen modurik, baina Athleticek ez du federik galdu eta talde jokaldi bikaina osatu du bi minutu beranduago. Zelai erditik Javi Martinezek ireki du esker hegalera, hor Susaetak ondo bikoiztu duen Balentziagari laga dio eta honen erdiraketa bigarren zutoinean Llorentek sareetara bidali du buruz. Zailena egin ondoren jo eta ke segitu du Athleticek, presioa eta konbinaketak landuz, gora begira azken finean. Ion Velezi gertatu zaion bezala, bere bolea altuegi joan zaiolako eta epaileari ere, gora begira baitzegoen 53. minutuan Javi Martinezi penaltia egin diotenean.
Ordubete baino lehenago aldaketa bikoitza egin du bere palkotik Mendilibarrek: Victor eta Ogbeche Aguirre eta Borjaren ordez sartu dira 4-3-3koa osatzeko, hasierako baino are erasokorrago. Mendilibarrek berak prensa aretoan onartu duenez, alferrik hori ere.
Gurean Del Olmok David Lopez ordezkatu du Athletic Clubarekin debuta egin ahal izateko. Irten bezain pronto berebiziko aukera izan du, baina, nola ez, Valladolideko atezainarekin egin du topo eta bost minutu beranduago gora jaurti du eskuinez.
Canobbio sartu da Valladoliden Nano zentralaren tokian, alferrik oraingoan ere eta Iturraspek zelaitik bertatik San Mames ezagutu du. Halaz ere, partida ixtear zegoen eta bigarrena behar zuen Athleticek lasaitasun ia erabatekoa izan zedin. Eta penaltiz heldu da, behar bada gutxien izan den penaltian eta behar bada horregatik bitan jaurti behar izan du Iraolak, bitan ederto, bitan barrura. Eta hor amaitu da lehia, nahiz eta Iraizozek geldiketa on bi egin eta Etxeberriaren erdiraketa batek langan jo.
Athleticek behar zituen hiru puntuak eskuratu ditu eta konfiantza izateko arrazoiak eman ere, futbolean egoerak eta ikuspegiak egun batetik bestera aldatzen diren arren. Horregatik gaurkoak Huelvan baieztatu beharreko pausoa besterik ez da.