Recreativo VS Athletic Club 2008-9-25 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
04. Jardunaldia

Recreativo1 : 1Athletic Club

Javi Guerrero71'
David López76'
Laburpen bideoa
Estadioa
Colombino
Herria
Huelva
Data
25/09/2008
Ordua
20:00
Data eta ordua
2008-9-25 - 20:00

Recreativok 1-Athletic Clubek 1: Beste puntu bat etxetik at

Recreativok eta Athletic Clubek bana berdindu dute. Javi Guerrerok egin du etxekoen gola eta David…

2008ko ira. 25a

Recreativok eta Athletic Clubek bana berdindu dute. Javi Guerrerok egin du etxekoen gola eta David Lopezek lortu du berdinketa. Biak bigarren zatian. Banakoarekin hiru dira jada Athletic Clubek galdu gabe daramatzan partidak, etxetik at jokatu duen partidatan ez du galdu, ezta irabazi ere egin eta zurigorriek igandean bertan Getafe hartuko dute San Mamesen euren tokia sailkapenaren erdiko postuetan finkatzeko asmoz. Gaurkoan ez da partida ikusgarririk ikusi, baina gure taldeak sendotasuna hartzen ari dela berretsi du, aukerak sortu ditu eta baita errakzionatzeko gaitasuna ere bai.

Joan den igandeko norgehiagokan ikusi zen bezala ekin diote talde biek partidari, biek 4-4-2koa erabiliz, biek gorantza joan guran, baina minutu luzez aukerak sortu gabe. Bitartean goizegi, 13. minutuan, ikusi du txartel horia Balentziagak, nahiz eta partida amaitu arte egoera zailari ondo eutsi dion. Halaber, Susaeta eta David Lopezek tokia trukatu dute ordu laurdenerako, etxekoen aldetik Sisik ia joku guztia antolatzen zuen bitartean. Talde biek nahi eta ezin, txartelak pilatzen ziren bitartean: 18 minutuan Turienzok Javi Fuegori erakutsi dio eta 22. minutuan Aitor Ociori. Ez zirudien aparteko garrantzia zutenik, baina hortik gutxira epaileak Javi Fuegori bigarren horia barkatu dio.

Gauzak horrela partidako lehen aukera izan du Llorentek, buruz, 24. minutuan, baina burukada langa gainetik joan da. Poliri beste txartel hori bat erakutsi diote 26. minutuan eta hogeitazazpigarrenean Javi Martinezek ezkerrez eta boleaz kanpora jaurti du.
Etxekoak behin eta berriz saiatzen ari ziren laugarren jardunaldia izateko urduriegi zegoen zalegoaren aurrean eta jokalarien kokapena aldatzen zuten zurigorrien bizkarra hartu guran. Alferrik, partida kontrolik gabe segitzen zuen arren, talde biei izugarri kostatzen baizitzaien hiruzpalau pase osatzea. Recreativorentza abagunerik aipagarriena 36. minutuan heldu da Camuñasek Guerreroren erdiraketa aterantz bidali duenean, baina Iraizozek desbideratu du baloia. Ostean kontrerasoan Ion Velezen aukera ikusi dugu 38. minutuan, baina Asier Riesgok eskua sartu du bikain. Atsedenaldira joan baino lehen, 41. minutuan, txartel berri bat, kasu honetan Javi Martinezi eta bat beranduago Iraizozek erraz harrapatu du urrutitik egindako jaurtiketa.

Bigarren zatiari begira, aldaketa bakarra: Orbaizek Gurpegiren tokia hartu du, baloia gehiago erabiltzeko asmoarekin. Aukeretan orekak irauten zuen: 48. minutuan Oliveiraren zartakoa harrapatu du Iraizozek eta Riesgok gauza bera egin du Martinezen jaurtiketarekin. Aurreko aldaketaren ildo beretik, Caparrosek prensa aretoan ziurtatu duen legez, 53. minutuan Yeste sartu da Ion Velezen ordez. Athleticek aurrera jo du: Llorenteren lagapena buruz eta Susaetak gutxigatik bota du kanpora 55. minutuan eta 58. minutuan balizko penaltia egin diote Javi Martinezi, baina aste honetako jokaldi eztabaidagarriak ikusita, erortzeko eskarmentua falta ei zaio.

Arerioaren txanda berehala eta Iraizozek geldiketa bikaina Guerreroren burukadari 63.minutuan. Boladari etekina atera guran,hortik gutxira Colungak Javi Fuego ordezkatu du Recreativo erasokorrago bihurtuz. Eta partidaren zoramenari etekina atera dio 70. minutuan. Zelai erdian galdu du baloia Athletic Clubek eta ondorengo kontraerasoan Guerrerok baloia gurutzatu du sareetara.

Aldapaz gora dema eta Caparrosek berehala Etxeberria sartu du Javi Martinezen ordez, Yeste euskarrira pasatuz Automatikoki Zambranok zelai erdia indartu du Barber Marco Rubenen ordez sartuz.

Egoera berriari neurria hartzeko denborarik gabe, 76. minutuan Yesteren erdiraketa bat errematatu du ezkerrez David Lopezek banakoa ezartzeko Riesgoren laguntzarekin eta norgehiagoka berri bat hasi da. Zambranok osterabe mugitu du marrazkia Akale Sisiren ordez ipintzeko. Bigarren zatian pilak agortu zaizkio hegaleko jokalariari.

Joan-etorriz beteriko lehia bihurtu da eta giro horretan Athletic Club eroso sentitu da. Etxeberriak zein Llorentek aukera bana izan dute, baina ezin izan dute golik egin. Etxekoak ez dira geldirik egon eta Adrian Colungak ezkerrez gora jaurti du boleaz 86. minutuan eta asturiarrak berak berebiziko aukera izan du 88. minutuan, baina Iraizozek gaueko geldiketa bikaina egin du baloia kornerrera desbideratuz.

Puntu bat gehiago, futbolean batazbesteko ingelesa deitzen dena osatzeko. Ildo horretatik sendo ibiltzeko Getafe garaitu behar, horixe da hurrengo erronka ziztu bizian doan Liga honetan.