Real Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 8
Liga

Real Madrid - Athletic Club

Real Madrid
Real Madrid
32
Athletic Club
Athletic Club
  • 12' Sneijder
  • 29'59' Higuain
  • Etxeberria 35'
  • Iraola (p.) 44'

KokapenaSantiago Bernabéu , Madrid

Real Madrilek 3-Athletic Clubek 2: Lan ona eta sari eskasa

Athletic Clubek 3-2 galdu du Santiago Bernabeu futbol zelaian Real Madrilen aurka apur bat gehiago…

Athletic Club

Athletic Clubek 3-2 galdu du Santiago Bernabeu futbol zelaian Real Madrilen aurka apur bat gehiago merezi duen arren. Gure golegileak Etxeberria eta Iraola, penaltiz, izan dira eta Sneijder eta Higuain, bitan, etxekoenak. Azken finean, astean jorratu den bezala, partida borobila egin behar duzu honako zelaietan puntuak ateratzeko eta faktore gehiegi pilatu dira hala ez izateko. Gainera, partida joan den moduan ikusi eta gero, hankasartzeak egotekotan guztiontzako izan dira, eta emaitza zein sailkapena gehituta, epaileek Real Madrilen aurkako kanpainian daudela ere entzun behar.

Norgehiagoka espero zen bezala hasi da. Real Madril mina egin guran, 4-3-3rekin, jokalariak etengabe lekuz aldatzen eta Athletic Club ondo ipinita atzean 4-4-2koarekin. Tamalez zuriek berehala ohartu dira atzokoan zuloa erditik zela. Sneijderrek gehiegi loratu du baloia bere zelaitik bigarren minutuan, baina minik handiena Higuainek egiten zuen eskubitik abiatuta zentralen bizkarra hartuz. Zazpigarren minutuan gola egitean jokoz kanpo ez zena seinalatu diote, baina zorte gehiago izan du Sneijderrek 12. minutuan, Balentziagaren kokapenaz baliatu baia Iraizoz behetik gainditzeko.

Betiko moduan, gutxi egin, baina zeukan ia guztia gola bihurtzen zuen Real Madrilek. Unera arte Athletic hegal bietatik sartzen zen, azken erdiraketak ez ziren onak, baina zurigorriak behin eta berriz saiatzen ziren. Gauzak horrela, dinamika zoroan sartu da lehia. Llorentek buruz errematatu du eta Casillasek Marcelorekin batera, urrundu du atepean. Hurrengo minutuan Sneijderrek zutoinera jaurti du eta 19. minutuan Etxeberriak ezkerrez gutxigatik bota du kanpora eta ia segituan Gabilondoren banako jokaldia geratu du Casillasek.

Urduritasuna nagusitzen hasia zen harmailetan, baina Higuain lasai lasai zebilen, 27. minutuan gora jaurti du eta 28. minutuan errezegi sartu da sukalderaino erdi-erditik. Aurrekariak kontuan hartuta, oso erreakzio gaitasun gutxi erakutsita zeukan Athletic Clubek, baina ez du amorerik eman eta atsedenaldira arte bere zelaian eduki du Real Madril. Hasteko Etxeberriak amaitu du hiru partida golik sartu gabe Athleticek zeraman bolada txarrarekin Yesteren pasea jasoz eta Casillas gaindituz. Hogeita hamalaugarren minutua zen eta atsedenaldira heldu baino lehenago gure taldeak berdindu du partida. Gabilondok jaurti du Casillasen eskuetara 41. minutuan eta partida 45. minutura iristeko zela Heinzek penaltia egin dio Llorenteri eskua aurpegian ipiniz. Protesta andana, batez ere falta zen bigarren zatiari begira, etekinak lehen zatian bertan nabaritu diren arren. Luzapenean, partida amaierako berbera, hau da, hiru minutukoa, Etxeberria bazihoan kontraerasoan eta Marcelok belauna kolpatu du nabarmen baloia urrun zela. Txartel horia soilik eta protestak penaltia gora eta bera.

Bigarren zatian aldaketarik ez eta Athletic Clubek lehen zatiaren joera bera mantendu guran irten da, hau da, baloia mugitu albo batetik bestera eta gola bilatu. Halaz ere, lan borobila egin behar zenez, ez da nahikoa izan eta Real Madrilen ohikoari eutsi dio. Bazirudien zelaian ez zela, Robbeni kontrola luze joan zaio baina hortik zetorren Higuainek zartakoa bidali du langara Iraizozek ikutu eta gero. Hortik gutxira korner baten aldaratzean, zoritxarreko errebotea, baloia Heinzerentzat eta jaurtiketa langara. Hazi dira zuriak eta Robbenek Iraizozi lana eman dio 55. minutuan.

Garmendia sartu da Etxeberriaren ordez eta 57. minutuan pasea eman dio Gabilondori, baina honen jaurtiketa, eskuinez eginikoa, kanpora joan da gutxigatik bada ere. Eta partida borobilaren bila edo, bidetik Yesteri baloia galdu zaio, Gagok lapurtu, bizpairu pauso eman eta sakonean sartu dio baloia Higuaini horrek hiru eta bikoa lasaitasun askoz ezartzeko.

Guti sartu da Van der Vaarten ordez, Salgadok txartel horia ikusi du 65. minutuan eta Gabilondoren jaurtiketa kornerrera joan da 68. minutuan. Real Madrilek joku hori maite du, joan eta etortzea eskatzen duena, arerioa babes gabe uzteko. Guda horretan Robbenek jaurti du gora eta Sneijderrek lana eman dio Iraizozi.

Athleticek gura zuen, baina borobila baino, aldrebestua atera zaio norgegiagoka bost minututan, aurpegia eta gurutzearen artean txarrena. Michel Salgadok Yesteri falta nabarmena egin dio 73 minutuan, bigarren txartela zela, baina bultzakaden artean ahaztu ei zaio epaileari. Ez ordea gorria Amorebietarentzat 77. minutuan, merezita zirudien, baina txiste txartzat har daiteke aurrekoa ikusita. Horretaz gain, Diarrak ordezkatu du Sneijder, atzeko lerroa sendotu guran edo.

Caparrosek Casas eta Susaeta zelairatu ditu Gabilondo eta Yesteren ordez eta bat gutxiago egon arren denekin joan da gora. Etxekoentzat zen eskenatokirik ederrena, hutsuneak nonnahi eta Higuainek izan du abagunerik garbiena, baina bere burukada gehiegi gurutzatu du. Gurean, aldiz, berdintzeko azken aukeraz gozatu eta sufritu dugu, Llorenteren izugarrizko zartakoa zutoinean jo baitu.

Ostean, Schuster, gizalege handiko pertsona izateaz gainera, keinu itsusiak barne, Saviola sartu du Raulen ordez eta zurigorriek ez dute arrisku gehiagorik sortu.
Azkenik ez da punturik urratu, bat gutxienez merezi den arren, baina garaipenak eskuratzeko ezinbestekoa izango da Bernabeun berreskuratu diren zentzazioak Kopan eta Ligan plazaratzea San Mamesen bertan eta, bide batez, joku onarekin batera, iazko atzeko segurtasuna berreskuratzea. Pena, baina horrela gaude eta talde moduan soilik aurkituko da irteera.