Athletic Club - Villarreal CF
Jardunaldia 9
Liga

Athletic Club - Villarreal CF

Athletic Club
Athletic Club
14
Villarreal CF
Villarreal CF
  • 28' Etxeberria
  • Rossi 23'
  • Pires 52'
  • Altidore 89'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 – Vila-realek 4

Athletic Clubarentzat izan da lehen zatia eta bisitariak nagusi bigarrenean.Etxeberriak egin du zurigorrien gola eta…

Athletic Club

Athletic Clubarentzat izan da lehen zatia eta bisitariak nagusi bigarrenean.


Etxeberriak egin du zurigorrien gola eta Rossik, Piresek, Cazorlak eta Altidorek egin dituzte bisitarienak. Oraingoan ere bi aldeko partida izan da, zertzelada onak utzi ditu gure taldeak eta, aurrekoetan legez, emaitza berbera, baina kasu onetan are mingarriagoa da azken aldea kontuan hartuta, oraindik Ligako partidarik galdu ez duen taldearen aurka izen den arren.

Hasieran Athletic Club izan da nagusi, Vila-realen golari erantzuna eman diolako, aukerak sortu dituelako eta partidari erritmo altua ezarri diolako, baloiarekin gauza oso onak egiteko gai dela berriro argi utziz. Bigarren zatian, tamalez, bisitariak erraz nagusitu dira, alde batetik jaurtitzean eraginkorrak izan direlako oso eta, bestetik, baloiaren jabetza ia esklusiboki izan dutelako. Gaurko porrotarekin egoera larria da eta guztion lana gutxi izango da zulotik irtetzeko.

Lehiaren kontakizunari dagokionez, Angelen jaurtiketa desbideratua kenduta, erasorik garbienak zurigorriak izan dira hastapenean. Bederatzigarren minutuan Etxeberriak azken unean ezin izan du jaurti, hamaikagarrenean Llorentek errematatu du buruz eta Diego Lopezek harrapatu eta hamahirugarrenean Balenziagak gora jaurti du areaz kanpotik. Askotan aipatu dugun bezala, arerioek ez dute gehiegirik egin behar gola egiteko eta halaxe gertatu da gaur ere. Oraingo honetan Balenziaga saiatu da baloiarekin ateratzen, baina baloia kendu diote, Rossirengana heldu da eta areatik bertatik bat beta zerokoa 23 minutuan.

Aldapaz gora enegarrenez, baina bost minutu beranduago Etxeberriak errematatu du buruz korner jaurtiketa bat, ia angelurik gabe, eta Athletic Club berpiztu da, Vila-real jokuz eta gogoz mendean hartuz… baina golik egin gabe. Yestek sartu du baloia falta jaurtiketaz 31. minutuan, baina Diego Lopez atezainak ikutu ez ei duenez, epaileak gola ondo baliogabetu du jaurtiketa ez-zuzena zela argi eta garbi zegoen eta.

Hogeita hamabostgarren minutuan David Lopezek izugarrizko zartakoa egin du areaz kanpotik eta angelurantz zihoan baloia hatz puntaz urrundu du Diego Lopezek. Ez zegoen modurik eta korner jaurtiketaren ondoren Vila-realeko jokalari batek atepean atera du baloia bularrez eta nahikoa ez bazen, jarraian Iraolaren erdiraketa errematatu du buruz Llorentek, baina gezurra badirudi ere, kanpora joan da baloia.

Harrigarria bada ere, Vila-realek, ia zaratarik atera gabe, abisua utzi du atsedenaldira abiatu baino lehen: Piresen erdiraketa-jaurtiketa arriskutsua egin du 38. minutuan eta korner jaurtiketan Llorente bisitariak zutoinera errematatu du. Oraindik Etxeberriak boleaz izan du aukera eta Amorebietak baloia gutxigatik ez du harrapatu Vila-realen atepean eta ahalegin horretan lesionatu da.

Txarto amaitu lehen zatia, nahiz eta zaleak gure taldearen jokuarekin eta jarrerarekin pozik egon, eta okerrago hasi bigarrena. Erritmorik gabe ekin diote talde biek eta hori guretzako hilgarria izan da. Vila-realek, gaurkoan ere erakutsi duenez, ez du erritmo alturik behar, baloia hanketan duela gura duena eta interesatzen zaionean ezartzen duelako. Ia konturatu barik, zazpi minututan dena erabalkita utzi du: Rossik bizkarra hartu dio Iraolari 52. minutuan, atzera pasa eta penalti puntu ingurutik Piresek jaurti, Balenziagak apur bat desbideratu eta sareetara. Kolpe latza eta are latzago Cazorlak 59. minutuan eman duena, ezkerrez errematatuz sareetara. Iraizozen ikutuak ez du ezertarako baliorik izan. Tarte txiki horretan Athletic baloi barik babes gabeko taldea dela erakutsi du, ez baitaki atzeko zirrikutuak ixten.

Aldaketa bikoitza egin du Caparrosek, Martinez eta Ion Velez Yeste eta Etxeberriaren ordez sartuz, baina beranduegi zen taldea jada lur jota zegoela. Vila-realek lasai asko segitu du eta Cazorla eta batez ere Mati Fernandezen bitartez aukera garbi bi izan du. Gurean beste bat: Javi Martinezen burukada bat eta beste bat argiagoa, Diego Lopezek azken unean harrapatu diona 84. minutuan eta zigorra are mingarriagoa bihurtzeko, Altidorek, denbora galtzeko irten dena luzapenari begira, lehen baloia ikutu eta barrura bidali. Zigor handiegia bai, baina azken finean bosgarren partida da punturik zenbatzen ez duguna eta argi gorri guztiak jada daude piztuta.