Mallorca VS Athletic Club 9/11/2008 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
10. Jardunaldia

Mallorca3 : 3Athletic Club

Cleber Santana11'
Arango58'
Arango75'
Iraola43'(p.)
Ion Vélez79'
Llorente91'
Laburpen bideoa
Estadioa
Ono Estadi
Herria
Palma de Mallorca
Data
09/11/2008
Ordua
17:00
Data eta ordua
9/11/2008 - 17:00

Mallorcak 3 Athletic Clubek 3

Zurigorriak nagusi izan dira bigarren zatian eta partida berdindu dute. Athletic Clubek hiruna berdindu dute…

9 de nov. de 2008

Zurigorriak nagusi izan dira bigarren zatian eta partida berdindu dute.



Athletic Clubek hiruna berdindu dute Ono Estadin. Golegileak Iraola, penaltiz, Ion Velez eta Llorente izan dira. Cleber Santanak eta Arangok, bitan, egin dituzte Mallorcarenak.

Palma izan da bolada txarraren azken geltokia eta hirunako berdinketak sailkapeneko mixeriak ezabatzen ez dituen arren, Athletic Clubek zulotik ihes egiteko fedea eta, batez ere bigarren zatian, beharrezkoa den futbola dituela argi eta garbi erakutsi du.

Garaipena balitz bezala ospatu dezakegu Llorentek ia azken unean lortu duen gola. Partidaren hasiera kaxkarrak emaitza positiborik eskuratzea zailtzen zuela pentsa dezakegu, baina era berean, arrazoiz gainera, arestian aipatu dugun fedeaz gain, Athletic Clubek harrotasuna eta beharrezkoa zen indarra atera du garaipena eskuratzeko. Batik bat laugarren gol bat inolako arrazoirik gabe baliogabetu diotelako, beste penaltiren bat egin diotelako eta bigarren zatian nagusi izan delako.

Egia esateko, atsedenaldiaren ondoren Arangok egin dituen gol biak geldiezinak ziren, baina tristeena da atzelari baten gorputzean jo duen Varelaren jaurtiketa kenduta, bigarren zatiko jaurtiketa bakarrak izan direla. Emozioa nagusi hamargarren jardunaldian, askotan 37. jardunaldia zela bazirudien arren.
Horixe da amaiera, baina hasiera zeharo kezkagarria izan da. Bigarren minutuan Juradok jaurti eta Iraizozek baloia harrapatu du. Jokaldi horrek lehen zatiaren joera markatu du: Jurado oso ondo eta Mallorca errezegi. Esaterako hamaikagarren minutuan Cleber Santanak bat eta zerokoa ezarri du buruz inolako markaketarik gabe.

Gurean Llorente zen erreferentzia erasoan, baina aukera gehienak etxekoenak ziren: Nunesek buruz gora errematatu du 20. minutuan, bi beranduago penaltia eskatu du Llorentek, geroxeago seinalatu dutena baino argiago zirudien, 25. minutuan Llorentek buruz kanpora errematatu du korner baten ondorioz, arratsaldeko beste joera, Llorenteren nagusitasuna goitik. Arangok faltaz lana eman dio Iraizozi, 34. minutuan Varelak zartako ederra eman dio baloiari eta Iraizozek kornerrera desbideratu du eta hurrengo minutuan Adurizek buruz gora errematatu du.

Lehen zatiko azken txanpa joan-etorriz beterikoa izan da. Llorentek buruz errematatu du beste korner bat eta Juradok atepetik urrundu du, unera arte egiten ari zen jokua nahikoa ez bazen
ere. Bueltan Mario Suarezek buruz eman dio baloiari eta botea area txikian eman ostean langa gainetik joan da. Kontrako arean Medina Cantalejok penaltia seinalatu du, Ramisi txartel horia erakusteaz gain 42. minutuan, ustezko eskua zela eta, nahiz eta argiegi ikusi ez den. Lux atezainak Adurizen gomendioa segitu du, baina Iraolak beste aldetik egin du jaurtiketa eta gola.

Bigarren zatian Yeste sartu da Etxeberriaren ordez eta Llorenteren bizkarrean kokatu du bere burua. Baloia eta, beraz, ekimena zurigorriak ziren eta 50. minutuan Gabilondoren jaurtiketa harrapatu du Luxek. Lehen zatiko hasiera ez da errepikatu, baina bai Mallorcaren gol goiztiarra,
57. minutuan 2-1 egin baitu Arangok. Aduriz baloia laga dio eta Arangok ezkerrez gogor jaurti du zutoinera eta barrurantz abiatu da baloia.

Ia automatikoki Ion Velez sartu da Gabilondoren ordez eta askok madarikazioa hastear zela pentsatu dute. Llorentek enegarren errematea egin du buruz 61. Minutuan, baina primera aritu da Lux. Aldaratzean penaltia egin diote Llorenteri eta ia jarraian aurreñariari berari gol argia eta garbia baliogabetu diote. Nunesen eskuak baloia ikutu du arean, baina gura barik zela ematen zuen. Aieneak ez dira amaitu, 68. minutan Ion Velezek boleaz kanpora jaurti baitu Llorenteren lagapenaren ostean eta 75. minutuan 3-1koa heldu da. Protagonistak errepikatu dira Arangok boleaz gola egin duelako Adurizen lagapenaren ostean.

Osterabe ia automatikoki aldaketa: Susaeta David Lopezen ordez. Amorerik eman gabe gora jo du Athletic Club eta 78. minutuan hiru eta bikoa heldu da Ion Velezen eskutik, bigarrena Ligan, Yesteren pasearen ostean.

Manzanok goiko partean indarra mantendu nahi zuen Webo Arangoren ordez sartuz eta gauza bera Adurizekin eginez, kasu honetan Trejo sartzeko, baina ez zaio ondo irten. Zurigorriek jo eta ke segitu dute eta 83. minutuan Ion Velezek kanpora jaurti du. Erasoak bata bestearen atzetik, nahaspila arean eta korner ugari… azkenean Susaetaren erdiraketa bikaina Llorentek, 91. minutuan buruz, sareetara bidali duen arte.

Puntu bat, asteari ondo ekiteko garrantzitsua, asteazkenean Kopan segida behar duena izan eta igandean borobildu beharrekoa Osasunaren aurka. Puntuak beharrezkoak dira eta San Mames gotorlekua bihurtzea da helburua lasaitasuna erdiesteko bidean.