Athletic Club - CA Osasuna
Jardunaldia 11
Liga

Athletic Club - CA Osasuna

Athletic Club
Athletic Club
20
CA Osasuna
CA Osasuna
  • 15' J.Garmendia
  • 89' Llorente

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2 Osasunak 0

Aste zaila primeran amaitu du Athletic Clubek Osasuna mendean hartuz (2-0) Garmendia eta Llorenteren golei…

Athletic Club

Aste zaila primeran amaitu du Athletic Clubek Osasuna mendean hartuz (2-0) Garmendia eta Llorenteren golei esker. Zurigorriek Ligan lau puntu eskuratu dute eta Kopan aurrera segitzen dute, lasaitasun pixka bat hartu du taldeak, bolada onean dagoelako, sailkapenean jaitsiera postuetan segitzen duen arren.

Beraz, argi dago gure jokalariek zein teknikariek bide luzea daukatela ibiltzeko, baina inportanteena konfiantza eskuratzea da eta helburua lortzen ari dela esan daiteke. Baieztatzeko ez da etsai samurra izango Deportivo, baina igandean saiatu behar.

Athletic Club lehen zatian nagusi izan da eta merituak egin ditu partida erabakita uzteko, bigarren zatian Osasuna erreakzionatzen saiatu da, baina, oraingoan bai, atzeko lan ona egin du gure taldeak kontrako markagailua hutsean uzteko.
Joseba Etxeberriak aste honetako prentsaurrekoan bildurraren partida bezala bataiatu zuen eta bildur barik irten da Athletic ia leporaino zegoen San Mamesera.
Hasieratik etxekoek ekimena eraman dute, David Lopezek gora jaurti du bigarren minutuan eta kornerrak zein estrategian Athleticek min egiten zion Osasunari. Sartuago zegoen Athletic norgehiagokan, nahiz eta atzo zuriz jantzi zirenak arerantz hainbat baloi bidali duten, batez ere eskuinaldetik. Ordu laurdenerako zurigorrien erasoaldia gorpuztu da. Javi Martinezek buruz baloia Llorenteri kendu dio eta hamaseigarren minutuan Osasunaren hegaleko sakean Athleticaren presioak saria jaso du, Llorente sartu da arean izkin egin die atzelariei, jaurti du, Robertok desbideratu du baloia eta Garmendiak, atzoko hamaikakoaren “ezustea”, bat eta zerokoa ezarri du eskuinez. Goizegi San Mamesen izateko, zoritxarrez ez bait gaude ohituta, baina, jakina, ongi etorria.

Athletic Clubek ez du amorerik eman eta erasoan segitu du, eten barik. Hemeretzigarren minutuan David Lopezek ezkerretik falta jaurti du, ez dakigu zehazki zuzenean ala Llorentek orraztuta, baina baloia zutoinean jo du. Hor zegoen lehia. Eta baita sei minutu beranduago ere, baina Garmendiaren jaurtiketa atzelari baten gorputzean jo eta gero ozta-ozta kornerrera abiatu da. Hurrengo minutuan boleaz saiatu da, baina Robertok kornerrera bidali du, baloia kanpora zihoala ematen bazuen ere. Horren jaurtiketan Llorenteri penalti argia egin dio Cruchagak, baina seinalatu barik. Honekin lotuta eta aldageletara bost jokalari txartel horiarekin joan direla kontuan hartuta, harrigarria da oso Cruchagak zein Flaño txartelik ikusi gabe amaitzea, sikieran faltak bata bestearen atzetik egiteagatik.

Lehen zati honen azken txanpan erritmoa moteldu da, Ustaritzek bere tokia utzi dio Xabi Etxeitari eskuin hankako adduktorean ziztada sentitu ostean eta heldu berria ederto moldatu da erantzunkizun handiko partidan.

Bigarren zatian, aldiz, mamuak berragertu dira gure taldeak hasiera motela izan baitu. Aldaketarik gabe bi taldeetan, baina Osasunak aurrera pausoa eman du. Ez zen zaila, lehen zati osoan aukerarik ez du sortu eta. Bigarrenean Vadoczek izan du lehendabizikoa, Pandianik 49. minutuan bezala, baina bigunegi eta desbideraturik errematatu du Juanfranen erdiraketa. Pixkaka berpizten joan da gure taldea eta Llorentek ezin izan du behar legez errematatu Susaetaren erdiraketa 53. minutuan.

Hortik gutxira Etxeberriak hartu du Garmendiaren tokia, ia jarraian Osasunak bere atean gola egiteko zorian egon da eta 59. minutuan Vadoczek errematatu du buruz kanpora. Une horretan aldaketa bikoitza egin du Camachok: Ezquerro (txistuekin jasota San Mamesen) eta Sola sartu ditu Juanfran eta Jokin Esparzaren ordez, hau da bolbora gehiago, eta are gehiago ere Portillo Pandianiren ordez geroago artu denean, baina alferrik 83. minutura arte ez baitu beste aukera garbirik sortu Osasunak, kasu horretan Iraolak bigarren zutoinean kornerrera desbideratu duenean erdiraketa itxi bat. Zurigorriek defentsako lana zuten helburu ia bakartzat eta ordurako urduritasuna nagusi zen harmailetan, batez ere denboraldi honetako aurrekariak ia beti negatiboak izan direlako, baina oraingo honetan, Valladoliden aurka etxeko lehendabiziko garaipenean gertatu zen moduan, atea hutsean geratu da eta astea borobiltzeko, izugarrizko gola lortu du Athletic Clubek 88. minutuan.

Iraolak enegarren barnealdia egin du bere zelaitik, ormarena bitan egin du
Etxeberriarekin eta baloi sakona sartu dio Llorenteri. Aurrelariak posizioa irabazi du, buelta erdia primeran eman eta eskuinez sareetara jaurti, bere Ligako hirugarren gola egiteko. Merezitako saria harentzat eta taldearentzat. Ia seguru, gol horren egileak izen galaktikoagoak dituzten jokalariak protagonistak izanez gero, asteko jokaldia litzateke. Urrezko puntuekin konformatu beharko.
Bitartean, A Coruñan etxetik kanpo estrainekoz irabazteko erronka dugu zain lasaitasunaren bila.