Athletic Club VS Numantzia 30/11/2008 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
13. Jardunaldia

Athletic Club2 : 0Numantzia

Llorente7'
Llorente31'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
30/11/2008
Ordua
17:00
Data eta ordua
30/11/2008 - 17:00

Athletic Clubek 2 Numantziak 0

Athletic Clubek 2-0 irabazi du, Numantziaren aurka. Fernando Llorentek lortu ditu gol biak lehen zatian….

30 de nov. de 2008

Athletic Clubek 2-0 irabazi du, Numantziaren aurka. Fernando Llorentek lortu ditu gol biak lehen zatian. Garaipenari esker gure taldeak azken hiru postu madarikatuetatik irten da, bigarren partida irabazi du jarraian Katedralean eta ez du golik jaso. Gauzak horrela, gainditu beharreko ikasgaia etxetik at zeozer urratzea izaten segitzen du, garaipena erdiestea zehazki esanda.

Hiru puntu garrantzitsuak nagusitasuna hasieratik zurigorria izan den lehian. Gainera gure taldeak jakin izan du abantailaz jokatzen eta erritmoa ezartzen eta bigarren zatian aukerarik onenak izateaz gain, arerioak aterantz jaurti gabe utzi du ere.

Partidak hasiera eta amaiera berbera izan du: txartela sinistuezina hasierako hamaikakoan Athletic Clubarekin estreinatzen zen Xabi Etxeitari. Lehen minutuko jokaldian Barkerok ederto disimulatzen du eta azken minutukoan, aldiz, epaileak denbora galtzen ez duenari zigortu dio, beharbada Etxeitak txartela zeukala gogoratu barik edo, honezkero jada zazpi baitziren erakutsitakoak iskanbila gehiegirik gabeko neurketan. Pasarterik txarrena izan da jokuan ere hasiera eta amaiera berbera izan duen norgehiagoka: Athletic nagusi hasi eta nagusi amaitu, tartean fase guztiak berberak izan ez diren arren.

Eskema errepikatu du Caparrosek azken partidarekin alderatuz, hamaikakoan Amorebieta eta Orbaiz kenduta, aipaturiko Etxeita eta Yesteri uzteko. Lehen arriskua bosgarren minutuan heldu da, baina Garmendiaren erdiraketa errematatzera zihoan Llorentek bultzakada jaso du. Erraz ahaztu den jokaldia, bi minutu beranduago bizi-bizi egon delako Yeste. Falta bat Numantziako jokalari baten gainetik atera du Susaetarengana hegaletik bidaltzeko eta horren erdiraketa Llorentek buruz sareetara errematatu du. Bederatzigarrenean gaur hegaletatik gehiago aritu den Garmendiaren erdiraketa ezin izan du gutxigatik errematatu Llorentek, atzelari bat tartean sartu da eta.

Partida orekatu da eta Athletic Clubek metro gehiegi eman dio Numantziari. Halaz ere, Soriako taldeak ez du arriskurik sortu, atera duen korner sorta albo batera utzita. Hurrengo abagunea Yesterena izan da 26. minutuan baina bere jaurtiketa kanpora joan da. Askozaz hobeagoa joan zaio Llorenteri 31. minutuan, baloia areaz kanpoan jaso baitu eta atzelariari izkin egin eta gero ezkerrez izugarrizko zartakoa lortu du bi eta zerokoa egiteko eta bere bosgarren gola Ligan. Zailena egina zegoen, zalantza izpirik gabe eta atsedenaldira arte minuturik eskasenak jokatu du Athleticek. Gurean Bilbao Athleticeraino heldu zen Goiria zornotzarrak izan du aukera bakarra, baina bere burukada kanpora joan da.

Bigarren zatiari begira Kresicek Toche sartu du Queroren tokian. Handia txikiaren ordez, Barkero puntaerditik ezker hegalera mugituz. Athleticen, aldiz, aldaketarik ez, baina bai marrazki berria. Garmendia atzeratu da euskarrira eta Yeste Llorenteren bizkarrean kokatu da. Aurrekoetan ez bezala, zurigorriak ondo ipinita irten dira zelaira eta 47. minutuan Susaetak zartakoa bidali du langara eta errebotearen osteko errematea JuanPabloren eskuetara bidali du eibartarrak. Ordubeterako Gurpegik hartu du Yesteren tokia eta Garmendia itzuli da puntaerdira.

Numantzia nahi eta ezin zebilen, eta Tocheren bolea bat kenduta, lekutara abiatu dena, arriskua ez zen ezagutzen gure areatik. Belvis sartu da Del Pinoren ordez eta Athleticek abagune aparta izan du ia segituan, baina Juanpak desbideratu du David Lopezek orpoz egin duen erremate zaila. Protagonista berak izan dira 70. minutuan, Lopezen falta jaurtiketa atezainarengana abiatu baita.

Athleticek partidaren erritmoa geldoa ezartzen zuen bitartean, Etxeberria sartu da Garmendiaren ordez eta Llorentek ezkerrez baloia etxera eramateko aukera izan du 79. minutuan, baina jaurtiketa, gutxigatik bada ere, kanpora egin du. Iraolak areaz kanpotik jaurti du 83. minutuan, eta baloiak atzelari baten kontra jo ostean Juan Pablok kornerrera desbideratu du. Del Olmok Susaeta ordezkatu du eta 88. minutuan Llorentek buruz errematatu du, baina atzelari batek urrundu du baloia, gehienetan Numantziak hanketan izan duena, baina lorpen bakarra 78. minutuko melea izan da. Hobe.
Azkenik, gaurko helburua bete ostean, zuloa gertuegi dago oraindik, baina egunero egiten den lanari konfiantza gehitzen badiogu, bidea edozein unean aurki daiteke.