Athletic Club - Real Sporting de Gijón
Jardunaldia 15
Liga

Athletic Club - Real Sporting de Gijón

Athletic Club
Athletic Club
30
Real Sporting de Gijón
Real Sporting de Gijón
  • 6' Llorente (p.)
  • 24' Iraola
  • 31' David López

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 3 Sportingek 0

Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Sporting taldeari. Llorente, penaltiz, Iraola eta David Lopez golegileak izan…

Athletic Club

Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Sporting taldeari. Llorente, penaltiz, Iraola eta David Lopez golegileak izan dira.

Garaipen argia lehen zatian, hiru gol lehen ordu erdian, eta joku ona eta inteligentea bigarrenean. Hauxe litzateke etxean, golik jaso gabe gainera, Athletic Clubek jarraian eskuratzen duen hirugarren garaipenaren laburpena eta zoriona osoa inoiz ez denez, Gurpegik azken uneotan jaso duen kolpe gogorrak tristura eta kezka puntua jarri du San Mamesera hurbildu den zalegoarengan.

Guzti hau partida erakargarri baten amaieran izan da, ordura arte osagarri guztiak bildu dira Katedralean: golak, grina, joku erasokorra alde bietatik, zaleen arteko lehiakortasuna, euria parau barik, zelaia lokaztuta… eta taldea pixkaka gorantza doala, baina oraindik bolada onagoa beharrezkoa izango da lasaitasun osora iristeko.

Hasierako jokaldietan Sporting gorantza joan bada ere, Athletic Clubek ekimena hartu du eta, azken partidatan gertatzen den legez, etxean behinik behin, lehen zatian gola egin du eta horren eskutik lasaitasun eta eraginkortasun gehiago etorri dira. Laugarren minutuaren ondarrean enegarren penaltia egin diote Llorenteri, eta ematen du aurtengo denboraldian baietz, seinalatzen dituztela. Iraola hurbildu da baloia hartzera, baina Llorente azkarrago ibili da eta erditik doi-doi barrura jaurti du. Alferrikakoa izan da Cuellarren lan zikina penalti puntua izorratu guran.
Golaren ondoren Athleticek su eta gar segitu du, baloia azkar mugituz eta hiruzpalau paserekin arearantz helduz. Horrelako batean Susaetak izan du abagunea, baina ezkerrez zetorkion moduan jaurti beharrean eskuinez egin du kanpora.

Sportingek hasierako dinamikan segitu du, hau da, konbinaketak egiten zuen eta baloi sakonak bilatzen zituen, are gehiago Bilic gabeko hamaikakoa zeukala kontuan hartuta, nahiz eta ohiko 4-2-3-1a erabili . Halaz ere, korner baten ostean eratu den melen baino ez du abagunerik sortu eta Athletic Club, oraingoan ere, eraginkorrago izan da estrategia jokaldietan. Korner baten jaurtiketan Llorentek jo du buruz, Ion Velezek bigarren zutoinean erdiratu du baloia, buruz ere, Cuellarrek ezin izan du harrapatu eta Iraolak, atepean bi atzelarirekin batera, baloia sareetara bidali du.

Bi eta zero eta dinamika bera. Sportingek nahi eta ezin, Barralen jaurtiketa kanpora joan da 28. minutuan eta Athletic Clubek ez du etsi. Ordu erdia pasata, Yesteren pase bikaina David Lopezek eskuinez errematatu du eta partida amaitutzat eman zitekeela zirudien. Sportingek galdu du norabidea eta zurigorriek aukera izan dute abantaila handitzeko. David Lopezen jaurtiketa langa gainetik abiatu da eta Cuellarrek burukada harrapatu dio Llorenteri. Dena den, Sportingen izaera erasokorrak aukera ahalbidetu dio luzapenean, baina Barralen jaurtiketa Ociok urrundu du atepean.

Bigarren zatian taldea eraldatu du Preciadok: Bilic eta Michel zelaira Carmelo eta Matabuenaren ordez. Alferrik ere, 4-4-2 argia marraztu duen arren, Bilic-Barral aurrean zirela. Aitzitik, topiko guztiak behin betiko apurtzeko asmoz edo, zurigorriek hasiera indartsua egin dute, aukerak bata bestaren atzetik pilatuz. Iraolak buruz errematatu du eta Cuellarrek kornerra bidali du; Ion Velezen jaurtiketa desbideratu du Cuellarrek eta Susaetak ezin izan du golik egin eta Llorentek bi atzelariei izkin egin eta gero gutxigatik kanpora jaurti du eta ia segituan buruz, baina Cuellarrek harrapatu egin du baloia.

Sporting altxatu denerako gero eta denbora gutxiago zegoen erreakzionatzeko eta partida euripean desegin da. Asturiarrek abagune bakarra izan dute, 63. minutuan Pedrok arrasean jaurti eta Iraizozek harrapatu duenean, baina partida aspalditik zegoen erabakita.

Amaitzeko, Gurpegiren ikaragarrizko kolpea eta Cuellarren lesioa peronen, partida alaiak merezi ez zuen amaiera, baina horrela izan da dema etxetik at Bartzelonarekin batera estatistika hobeak zituen arerioren aurkakoa, gure taldeak aise gainditu duena. Dena den, eta aste osoan guztiz kontrakoa esan eta gero, Sporting laguntalde bat dela idatzi ala esango dutenak ziurrenik egongo dira. Horrela ere, bada futbola, baina Athleticek merituren bat edukiko duelakoan gaude.

Azken finean, esan bezala, luzea da oso oraindik behetik alde egiteko bidea eta Betis ez da areriorik samurrena, baina urtea ondo amaitzeko aukera paregabea da. Ea lortzen den.