Athletic Club - RCD Espanyol
Jardunaldia 17
Liga

Athletic Club - RCD Espanyol

Athletic Club
Athletic Club
11
RCD Espanyol
RCD Espanyol
  • 81' Iraola
  • Moisés Hurtado 37'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Espanyolek 1

Athletic Clubek eta Espanyolek bana berdindu dute. Moises Hurtado eta Iraola golegileak izan dira. Boladaz…

Athletic Club

Athletic Clubek eta Espanyolek bana berdindu dute. Moises Hurtado eta Iraola golegileak izan dira. Boladaz beteriko partidan puntu bat urratu du azken minutuetan Athletic Clubek. Ez da espero zen garaipena heldu, baina gaurko arerioarekin eta jaitsiera postuekiko aldea mantentzen da gutxienez. Gehiago merezi izan du gure taldeak hasierako minutetan eta askozaz gehiago ere azken txanpan, baina etekin paregabea atera die Espanyolek estrategiako jokaldiei, alde izan ditugunak hainbatetan.

Partidaren alderik txarrenak Orbaiz eta Amorebietaren lesioak izan dira, Balentziagak ikusi duen bosgarren txartelarekin batera. Alderik onena Toqueroren debuta izan da, ordu erdi izan baitu berdegunean, nahiz eta jardunaldia golarekin borobildu ezin izan duen.

Zurigorrien hasiera indartsua izan da. Lehendabiziko minutuan Yestek izan du abagunea, baina bere jaurtiketa kanpora joan da. Espanyolek ia ez zuen zelai erdia gainditzen, baina arratsaldeko armarik onena zein izango zen erakutsi du ahal izan duen guztietan: estrategia. Adibide gisa bederatzigarren minutuan Iraizozek langa gainetik bidali behar izan du baloia Neneren falta jaurtikeran ostean.

Bitartean gure taldeak min egiten zuen hegaletatik, batez ere eskuinetik, eta hogeigarren minutura arte hiru aukera garbi izan du partida bideratzeko. Javi Martinezek buruz errematatu du kanpora hamalaugarren minutuan, Llorentek, buruz eta kanpora baita ere 17. minutuan Susaetaren erdiraketaren ostean, baina toki ezinobean zela eta, hau argiena izan da, Javi Martinezek zutoinaren kontra ipini du Susaetaren pasea. Pena.

Horren ondoren indarrak parekatu dira. Espanyoli partidaren erritmo geldoa interesatzen zitzaion eta baliabide guztiak ipini ditu hori lortzeko. Arestian esan bezala, Neneren aurrean Iraizozek kornerra desbideratu duen jokaldia kenduta, arrisku guztia Maneren taldeak ederto lantzen duen bidetik etorri da. Jokaldi horren ondorioz Espanyol aurreratu da: lehen zutoinera jaurti den kornerra sareetara bidali du buruz Moisesek 37. minutuan eta Luis Garcia saiatu da urrutitik faltaz, baina atezainak baloia kornerra urrundu du. Unerik zailenak izan dira, zurigorriak aurrera joaten saiatu direlako, baina katalunyarrek min egin diete horrelako jokaldietan. Atsedenaldira abiatu baino lehen jokaldia errepikatu da ia, azken unean Iraizozek atepetik atera duelako eta, gainera Nenek egin duen aldaratzearen osteko errematea harrapatu ere.

Ez zen merezitako emaitza, baina bigarren zati osoa jokatzeke zegoen, azken bolada honetan Athletic markagailuan atzetik joateko ohiturarik ez duen arren. Aldageletatik Athletic indarberriturik irten da, baina ez du abagunerik sortu. Caparrosek aldaketak egiteari ekin dio berehala, 54. minutuan Etxeberria Yesteren ordez sartuz. Sartu berria eskuinaldean kokatu da eta Susaeta kontrako hegalera abiatu da eta 61. minutuan Toquero Ion Velezen ordez zelairatu da. Eibartik ekarritakoak estraineko aukera izan du, baina Kamenik erraz harrapatu du bere burukada 70. minutuan. Espanyol gero eta atzerago sartzen ari zen, baina etxekoek ez zuten biderik aurkitzen. Callejon Cororen tokian sartu du Manek, arriskua sortzeko bide bakarra estrategia izaten segitzen zuen arren. Gainera, bigarren zatiko aukera bakarrean, 72. minutuan, korner jaurtiketa soilik zurigorriek ikutu dute: Ociok atzerantz orraztu du eta ia atepean buruz Balenziagak urrundu du.

Minutuak pasatzen ari ziren, etenik gabe, baina talde honek grina ere daukala erakutsiz, azken txanpan barrutik zeukan guztia eman du, nahiz eta Orbaizen baja pairatu behar izan duen 78. minutuan. Moisesek, azkenean bai, txartel horia baino gehiago zena ikusi du Orbazizi eginiko sarrera dela medio, baino askozaz lehenago merezi zuen soilik falta bat bestearen atzetik egiteagatik bazen ere. Irizpide eta oreka falta izan da epailearen gabeziarik handiena eta lehen zatian Ociori erakuts ziezaiokeen txartel gorriarekin gertatu den moduan, inor ez da pozik geratu, are gutxiago San Mameseko zaleak azken minutan hiru jokalari LLorenteren gainean ikusi dutenean.

Norgehiagokaren hondakinak ei ziren, Athletic Clubek jada berdinketa lortuta zeukanean, 81. minutuan hain justu ere, korner baten osteko nahas-mahasean Toquerok baloia arearantz itzuli du eta bertan Iraolak txilena ikusgarria egin du banakoa ezartzeko. Iraolak berak garaipena izan du bere hanketan lau minutu beranduago, baina Kamenik kornerra desbideratu du bere jaurtiketa.
Azkenean, puntu banaketa eta bosgarren partida jarraian galdu gabe urtarrilari ekiteko. Eta oraintxe bertan Kopa dugu zain, lehiaketa erakargarria, Ligan, esan bezala, bide luzea bezain zaila jorratzeke dagoela ahaztu barik.