Real Valladolid - Athletic Club
Jardunaldia 22
Liga

Real Valladolid - Athletic Club

Real Valladolid
Real Valladolid
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 39' Víctor (p.)
  • 58' Víctor
  • Orbaiz 63'

KokapenaJosé Zorrilla , Valladolid

Valladolidek 2 Athletic Clubek 1

Athletic Clubek 2-1 galdu du Valladolid taldearen aurka. Victorrek etxekoen gol biak sartu ditu, lehena…

Athletic Club

Athletic Clubek 2-1 galdu du Valladolid taldearen aurka. Victorrek etxekoen gol biak sartu ditu, lehena penaltiz, eta Orbaizek egin du gure taldearena Llorentek penalti bat zutoinera bidali eta gero. Gorabeherez beteriko partida izan da eta amaieran, tamalez, zurigorriek Pucelara hurbildu diren milaka zaleekin emaitza ona ezin izan dute ospatu.

Eta gorabeherak denetik izan dira, alde batetik Ustaritz eta Javi Martinez minduta zelaia utzi behar izan dutelako eta Yesteri azken txanpan txartel gorria erakutsi diotelako; bestetik haizeak talde biei lan handia eman dielako eta, halaber, epailearen lanak inor gustora utzi ez duelako. Jardunaldia amaitu eta gero, hamargarren dago Athletic Club, orain Valladoliden atzetik, eta hurrengo igandean Recreativo gainditu beharko du lasaitasunari eusteko eta, bide batez, aldeko gol-aldeak pilatzeko orain arte Malaga eta Valladolidarekin duen moduan.

Partida irekia izan da oso. Hasi eta berehala jokaldi bitxia ikusi dugu: Llorentek aterantz segitu du Garcia Calvo lurrean zela, baina altuegi jaurti du. Iskanbila jarraian antolatu da harmailetan, zelaian eta aulkietan, Valladolidekoek baloia kanpora botatzeko eskatu dute eta, eta horra hor bitxikeria, partida hasi aurretik baloia kanpora ez zutela jaurtiko ohartarazi eta gero. Horretaz gain, zurigorriak haizearen alde irten dira, batetik hala jotzen zuelako eta, bestetik, gure jarraitzaileek San Mamesen bezala sentitzeko arrazoiak etengabe eman dietelako.

Bederatzigarren minutuan Llorenteren jaurtiketa ezin izan du Justo Villarrek harrapatu, Iraizozi bigarren zatian haizearen eraginez gertatu zaion legez, eta Ion Velezek gutxigatik ezin izan du errematatu eta gauza bera errepikatu da 17. minutuan, baina Justo Villarri berriro baloia ihes egin dion eta Ion Velezen geroko burukada gora joan da. Tarte horretan Iraizozek desbideratu duen Victorren burukada da etxekoen aldetik azpimarratu dezakegun bakarra. Halaz ere, indarrak, ekimena eta baloiaren jabetza orekatu dira minutuak aurrera joan ahala eta Valladolid Athleticaren area ingurura gehiago hurbildu da, erdiraketa arriskutsuetatik baino haratago joan barik. Prietok kanpora buruz errematatu duen baloia aipa dezakegu 36. minutuan eta oreka nagusi izaten segitzen zuen, harmailetan ezik, hor zurigorrien nagusitasuna nabaria zen eta. Dinamika hori erabat aldatu da minutu bat beranduago, Valladolidek baloi luzea bidali duenean, Iraizoz Sesmaren hanketara irten da, baloia ikutu, desbideratu… eta penaltia. Ez da gure astea izan penalti puntutik. Protesta guztiak alferrikakoak izan dira, epaileak gure atezainak baloia lehen ikutu duela onartu duen arren. Victorrek bat eta zero ezarri du eta atsedenaldira bitarteko berriak lesioek eragindako aldaketekin lotuta etorri dira. Gurean Ustaritzek Etxeitari lekua utzi dio eta Valladoliden Garcia Calvok Beari.

Gure jokalariak aldageletara burumakur abiatu dira, baita ere Javi Martinez adduktorean lesionatu delako (ez da joango espainiar 21 urte azpiko deialdira) Horren ordez Del Olmo irten da ezker hegalean jokatzeko eta Yeste euskarrira pasa da. Athletic Club partida lehenbailehen berdintzea gura izan du hasieratik eta 51. minutuan ia lortu du, baina korner jaurtiketa ate aurretik paseatu da. Valladolidek, aldiz, ondo eta gustora irakurri du norgehiagoka eta lehen zatian sortu ez duen arriskua pilatzea lortu du hasierako ordu laurdenean. Pedro Leonek faltaz haizea alde zuela kanpora bidali du, Victorrek bi eta zerokoa ezartzeko 58. minutuan Sesmaren pasea jaso eta gero kontraeraso azkar bezain on batean, eta Pedro Leonek falta berri bat izan du Iraizozi lana emateko.

Ordubeterako Etxeberriak Susaeta ordezkatu du, taldeak hegaletatik sakontasun gehiegi erakutsi ez duen arren. Halaz ere, eta 61. minutuan Ion Velezen jaurtiketa kanpora abiatu denetik, ekimena zurigorria izan da, batez ere epaileak irudietan aurkitzeko zaila den Nanok Llorenteri egin dion penaltiaren ostean. Heldu ei diete Llorenteri bi atzelarien artean eta lurrera bota ere. Bazirudien epaileak gogoak zituela lehen zatikoa nolabait parekatzeko, beranduegi. Llorentek zutoinera jaurti du penaltia eta osteko melen Orbaizek bidali du barrura.

Golak harmailak eta jokalariak berpiztu ditu, baina Goitomena izan da hurrengo abagunea. Orpoz area txikian 70. minutuan, baina Iraizozek hankarekin urrundu du baloia. Joan etorri zoroetan, publikoaren gozamenerako, Ion Velezi beharbada arratsaldeko penaltirik garbiena egin dio Beak, baina gehiegi omen zen. Horren truke epaileak ez ditu Athleticaren aurka falta argi batzuk seinalatu eta txartel hori bat Del Olmori barkatu dio. Kontsolamendu tristea oso.

Athletic Clubek abagune garbi bat izan du 74. minutuan, azkena, Llorenteri jada ez zioten elastikotik heltzen badaezpada, baina gehiegi pikatu du burukada eta Ion Velezentzat altuegia izan da botea bigarren zutoinean. Hortik amaiera arte uste baino lasaiago igaro da denbora Mendilibarren taldearentzat eta Athleticaren baloi luze guztiak alferrikakoa izan dira. Arratsaldea “borobiltzeko” epailea ausarta izan da oso eta Yesteri txartel gorri zuzena erakutsi dio Sesma erditik kentzearren falta bat gora bidaltzeko. Beraz, ez da Recreativoren aurka egongo aspaldiko partez aste tarteko partidarik gabeko astearen ostean.