Athletic Club - Sevilla FC
Jardunaldia 25
Liga

Athletic Club - Sevilla FC

Athletic Club
Athletic Club
12
Sevilla FC
Sevilla FC
  • 25' Gabilondo
  • Kanouté 39'57'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Sevillak 2

Gutxigatik, baina ezinAthletic Clubek 1-2 galdu du Sevillaren aurka. Gabilondok aurreratu du gure taldea, baina…

Athletic Club

Gutxigatik, baina ezin


Athletic Clubek 1-2 galdu du Sevillaren aurka. Gabilondok aurreratu du gure taldea, baina Kanoutek bi egin ditu andaluziar taldearentzat. Eta Liga pasatu denez zain dago jada azken urteotako partidarik garrantzitsuena eta hor, izkinaren bueltan zegoela argi eta garbi igerri da arbeletan, batez be gurean. Eta, zergaitik ez, baita harmailetan ere. Zaleriak ere ulertu du zein zen apustua, arriskutsua bai, ezer ez baitu ziurtatzen, baina orain balio ez duena da guztion partez Kopari lehentasuna ematea eta orain gaurkoa harriduraz hartzea. Almerian antzekoa gertatu zen, epaile berarekin, Xixongo partidaren garrantzia zela eta, eta osteko emaitza ona izan zen. Espero dezagun gauza bera gertatzea Kopako finalerdietan. Gainera, gabeziak gabezi, Athletic Clubek ez du Kanoutek erakutsi duen kalitatea izan, baina bai kemena eta adorea azken unera puntuak urratzeko aukera izateko.

Caparrosek ohikoak ez diren jokalariak zelairatu du nagusiki, hau da, Armando, Ustaritz, Etxeita, Balenziaga, Gurpegi, Muñoz eta Toquero, eta hauekin batera “ohikoagoak” direnak: Amorebieta, Gabilondo, Susaeta eta Ion Velez. Sevillak, aldiz, Navas, Renato eta Adriano ohiko hamaikakotik at utzi ditu Jimenezek, bigarrenak bigarren zatian jokatu badu ere.

Partidaren hasieran talde biek euren papera bete dute. Sevillak partida kontrolatu nahi zuen eta Athletic bere lekuaren bila zebilen. Testuinguru honetan epaileak ere espero zen papera bete gura zuen eta Almerian erakutsi zuen moduan bere nahia da jokuari jarraikortasuna ematea. Helburu bezala primeran dago, baina gauza bat da jokatzen uztea eta bestelakoa jokaldiak horren txarto ikustea.

Minutuak aukerarik gabe pasatzen ari ziren eta hainbat uneotan orekatu da baloi jabetza. Capelen erdiraketa batera ez da heldu kalitatea handiko jokalaria den Perotti, Susaetak arrasean jaurti du kanpora 21. minutuan eta gauza bera egin du Romaricek faltaz 23. minutuan. Athleticek gero eta sinismen gehiago zeukan bere buruarengan eta zalegoak ere bultzatzeari ekin dion tartean Gabilondok gola egin du korner baten ostean. Etxeitak buruz jo du, Gurpegik moztu egin du atzelarien aldaratzea eta Gabilondoren zartakoa Palopen eskua baino indartsuagoa izan da. Gure taldeak minuturik onenak izan ditu eta 28. minutuan Susaetak faltaz Palopi lana eman dio.

Athleticen eta Sevillan hegaleko jokalariak naturala ez den tokian jokatzen ari ziren eta epaileak txartelen maila ezberdina erabiltzen zuen bitartean, antzuak ziren Sevillaren ahalegin guztiak, baina atsedenaldirako bidean Balenziagak behar bezala urrundu ez duen baloia Mosquerak hartu du, arean sartu eta Kanoutek bere erakustaldiari ekin dio. Bana markagailuan.

Aldaketarik gabe Kanoutek aukera garbi garbia galdu du 47. minutuan, baina Athletic Clubek ez zuen tajuzko gaitasunik erakusten erantzuna emateko. Jimenezek Renato zelairatu du Fazioren ordez baloia hobeto mugitzeko eta hurrengo minutuan Kanoutek Armandori lana eman dio, debutariak erantzun egokia emanez.
Iturraspek Muñoz ordezkatu du 55. minutuan baina hortik gutxira Kanoutek, hasieran txarto kontrolatu duen arren eta lau atzelariak baloiaren atzean zeudela, gol ederra lortu du bat eta bikoa ezartzeko.

Caparrosek Iñigo Velez sartu du Ion Velezen ordez ; Acostak eta Konkok atsedena eman diote Kanouteri eta Capeli hurrenez hurren eta Garmendia zelaietara itzuli da Gabilondoren ordez. Sevillak partida zegoen moduan uzteko tresna guztiak ipini ditu mahai gainean eta aukera garbirik gabe pasatu dira minutuak eta minutuak, bisitariak lasai eta Athletic ezinean, baina talde honek, sasi guztien gainetik, arima eta grina dauzka, eta azken txanpan bi aukera paregabe izan ditu : Garmendiak buruz baloia sartu dio Toquerori 88. minutuan eta aurrelaria Palopen aurrean geratu da, baina bere jaurtiketa oinarekin urrundu du atezainak. Azken jokaldian, Etxeitak buruz, gutxigatik ez du berdinketa ezarri. Azkenik, Athletic Clubek gaurko gudua galdu du bai, baina ez gerra. Azken bataila asteazkenean omen da, baina inork ez zuen esan erraza izango zenik.