Athletic Club - Real Betis
Jardunaldia 35
Liga

Athletic Club - Real Betis

Athletic Club
Athletic Club
10
Real Betis
Real Betis
  • 29' Ion Vélez

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Betisek 0: Lasaitasuna heldu da

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Real Betis taldeari Ion Velezek sartu duen golari esker. Zurigorriek…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Real Betis taldeari Ion Velezek sartu duen golari esker. Zurigorriek 44 puntu eskuratu dute jada eta baliteke biharkoan lasaitasun erabatekoa izatea, matematikoa alegia, dagoeneko horrela ez bada. Gainera, lehen helburua lortuta eta orain arte UEFA izan denarako tokia poltsikoan, zentzu guztekin daude asteazkeneko finalari begira, batez ere zaleek gaur zelairatu diren jokalarien grina, engaiamendua eta ahalegina ulertu eta eskertu dutelako, azken finean, sasi eta zailtasun guztien gainetik talde dagoelako, talde dugulako eta Kopako finala eskuratzeko egin den ahalegina antzua izan ez delako.
Grinatsu irten dira zurigorriak, ekimena eraman guran eta Betisek aurreko lerroan duen bolbora usaina Armandoren areatik urrun mantentzeko asmoz. Hala eta guztiz ere, partidako lehen aukera garbia Edurena izan da, baina banako jokaldia erremate desbideratuarekin amaitu da hamazazpigarren minutuan. Oreka zen nagusi, 4-4-2koarekin Athletic Clubek eta 4-2-3-1arekin bisitariak, eurak zurigorrien atzeko lerroaren bizkarra hartu guran.

Nahiz eta ohiko jokalari asko zelaian ez izan, Athleticek erritmoa ezarri dio partidari eta amaieran agerian geratu da arerioa baino askozaz indartsuagoak izan direla. Gainera baloi luzeak eta motzak tartekatu dituzte eta horrelako batean partidako gol bakarra heldu da: Garmendiak ez du kontrol ona egin arean, baina atzera bidali du baloia, Muñozekin ormarena egin, baloia berriz eskuratu, Etxeberriari laga eta kapitainak Muñozi pasa erdilariak area ertzetik Ion Velezi baloi ederra emateko eta aurrelariak, area txikian, ez du barkatu. Zoramena harmailetan, ohiko titular askorik gabeko aurtengo denboraldiko hirugarren lehian garaipena eskura zelako.
Zaleek lana ez zela erraza izango jakin bazekiten, baina meritoak egin dituzte: Armandorengandik hasi eta aurreko egunetan lesionaturik ibili den David Lopezeraino. Tartean Enekok hamaikako batean egiten zuen debuta, Etxeitak erakusten du jauzia benetazkoa dela, Ustaritzek ondoezak gainditu ditu, Balenziaga ezker hegalean jokatzen badakiela erakutsi du, euskarrian ofizioz eta indarrez Muñoz eta Gurpegi bezala, zer esanik kapitainari buruz, eskuin hegalean lehen zatian eta bigarren aurrelari bezala gero eta Garmendia, lerro artean buru eta bihotzarekin Ion Velezek gola berreskuratu duen egunean. Lan eskerga egin behar izan dute jaitsierako postuetan erortzeko arriskua duen Betisen aurrean.
Eta zelaian Oliveirak Ion Velezen antzeko aukera izan du, baina Armandok izugarrizko geldiketa egin du 34. minutuan eta baita ere 41. minutuan indarrez beteriko Emana bere aurrera heldu denean edota erdilariak berak areaz kanpotik 43. minutuan jaurti duenean.

Etxeko kontraerasoetan lasaitasun apur bat falta zen, baina abantailaz heldu gara atsedenaldira, abiapuntu garrantzitsua hiru puntuak eskuratzeko, bigarren zatian Betisek ez baitu atera errematatu.

Nogesek dena jarri du jokoan, Mark Gonzalezek Nelson ordezkatu du, Damia atzeratu da eta Edu ezkerretik eskumaldera pasatu da. Alferrik, Oliveiraren bolea bat lekutara joan dena kenduta, Betisek baloia eduki du, falta asko bidali du arearantz, baina tajuzko arriskurik ez du sortu eta Athletic Club talde lehiakorra denez gero, etxerako lanak ondo egin ditu, primeran Aidaren doinuak errepikatzeko irrikaz zegoen zalegoaren gozamenerako.

Ordubete pasa da eta estutasunak ez ziren handiegiak gure taldearentzat, baina gol bateko abantaila txikia da beti. Rivera sartu da Cañasen ordez, egur gehiago sutara, alferrik berriro ere. Velezek buruz errematatu du kanpora 63. minutuan ezkerrean jada jokatzen ari zen Garmendiaren erdiraketaren ostean eta lehia amaitzeko ordu laurden falta zela den dena sartu dute andaluziarrek: Pavone Fernando aurrelaria Vega ezker lateralaren ordez.

Caparrosen erreakzioa berehala heldu da: Amorebieta Enekoren ordez eta Ustaritz eskuin lateralera. Presarik gabe, jairik jai zebilen harmaila, aspaldiko partez mosaiko irabazleak ezagutzen duena, eta aulkitik aldaketak hondarrezko erlojua balira bezala kudeatu dira: Toquero Etxeberriaren ordez eta ia amaieran Susaeta Ion Velezen ordez. Epaileak sei minutuko luzapena eman ditu, gehiegitxo, baina argigarriak soropilean zein zen nagusi adierazteko: zurigorriak, jada Koparen bila abiatzear daudenak. Talde dago, berezi, sendoa eta ilusioz betea. Orain Valentzian dugu historiarekin hitzordua eta denon artean lortuko dugu.