Osasuna VS Athletic Club 2009-1-8 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
1/8

Osasuna1 : 1Athletic Club

Pandiani83'
Llorente92'
Laburpen bideoa
Estadioa
Reyno de Navarra
Herria
Iruñea
Data
08/01/2009
Ordua
21:00
Data eta ordua
2009-1-8 - 21:00

Bana Iruñean

Osasunak eta Athletic Clubek bana egin dute Kopako final zortzirenetako joaneko partidan. Pandianik 83. minutuan…

2009ko urt. 8a

Osasunak eta Athletic Clubek bana egin dute Kopako final zortzirenetako joaneko partidan. Pandianik 83. minutuan eta Llorentek 93. minutuan sartu dituzte golak. Husnako berdinketa zirudien lehiaren emaitzarik lojikoena minutuak aurrera joan ahala, baina banakoa askozaz hobeagoa da itzulekoari aurre egiteko, kanporaketa San Mamesen erabakiko da eta. Zurigorriek lehen zatian gehiago merezi dute eta etxekoek bigarrenean, abagune gutxiko norgehiagokan.

Athletic Clubek partidari ondo ipinita ekin dio. Osasunak zailtasunak zituen arriskua sortzeko eta ordu laurdenera arte ez du tajuzko hurbilketarik egin Ezquerrok buruz langa gainetik errematatu duenean. Dena den askozaz goizago gertatu den jokaldi aipagarria ekarri behar dugu gogora, zazpigarren minutuan Sergiok Susaetari penalti argia baino argiagoa egin diolako, zelai erdian txartelarekin zigortzen den sarrera horietako bat. Protestak alferrikakoak izan dira eta epaile berarekin Santiago Bernabeun bizi izandakoa memorian berragertu da. Gainera, Gurpegiri txartel horia atera dio laguntzaileak berehala, epaileak ez baitu jokaldia ikusi, eta hasierako hamaikakoan berragertzen zenak baldintzatuta ikusi du bere jokua, borroka askoko partida zela kontuan hartuta. Penaltia ere eskatu dute zurigorriek Ion Velezi egindakoa kasu honetan, erdiraketa batean heldu diotenean. Alferrik ere, gure jokalariek egin duten kontraeraso gehienak bezala, azken unean ez baitzuten asmatzen gero eta gogorrago zegoen soropilaren gainean.

Ion Velezen buruzko lagapen batean edota Gurpegik buruz langa gainetik egin duen errematean egon dira aukerak atsedenaldia baino lehen, baina ezin zen askozaz gehiago espero.

Osasunak, aitzitik, zailtasun berak zituen zelaiaren egoerarekin, eta jaurti dituen area inguruko falta asko albo batera utzita, Ezquerroren bitartez egin du arriskurik gehien, 34. minutuan gora jaurti duenean. Lehen zatiko azken txanpan Masoudek, ezkerrean hasi dena, gero erdira pasa dena eta bigarren zatian eskuinaldetik jokatu duena, atzera egindako pasea errematatzean abagunea izan du, baina atzelari zurigorri batek aldendu du baloia.

Lan erdia egina, zailena falta zen oraindik. Hasieran ez bezala, bigarren zati honetan gorritxoak indartsuago irten dira. Atzera egin den lagapenaren ondorengo errematea bigunegia egin du Vadoczek, Ezquerrok kanpora jaurti du eta Nekounamek oso ondo baina altuegi, guzti hau 55. minuturako. Une horretan Toquerok Kopan ere egin du debuta -Balenziaga bezala-, Ion Velezen ordez irten denean.

Testuinguru horretan partidako gauzarik bitxiena ikusi ahal izan dugu, Amorebietari seinalatu ez dioten ustezko falta baten ondorioz: muku zapiz eta plastikoko poltsa zuriz bete da Reyno de Navarra futbol zelaia epailearen kontra protestatzeko, lehen zatian ikusitakoa nahikoa ez balitz bezala. Beharbada elurra faltan edo izan da.
Portillok buruz errematatu du kanpora 63. minutuan, baina Osasuna ez zebilen horren indartsu jada. Lehia amaitzeko 25. minutu falta zirela Pandiani eta Delporte sartu ditu Camachok Ezquerro eta Juanfranen ordez eta Orbaizek Gurpegi ordezkatu du. Une horretan zelai honetan espero ez zen erreakzioa izan dute etxekoen zalerik sutsuenak eta aspaldiko partez entzuten ez ziren irainak eskaini diote nori eta nafar jokalari bati, Carlos Gurpegiri. Gauzak gehiegi kakaztu direlaren seinale.
Hortik gutxira Iraolak izan du partidaren aukerarik garbiena, zalantza izpirik gabe: Susaetak bota du kornerra eta bigarren zutoinean, Ricardo gaindituta zela, Iraolak behar zen moduan errematatu egin du buruz, goitik behera baloia zelaian jotzeko… baina soropila horren gogorra zegoenez gero, baloia botea eman eta gero langa gainetik abiatu da. Sinistuezina.
Athleticek ekaitza ekiditu du eta Portilloren jaurtiketa baten ostean partidaren erritmoa markatzeari ekin dio jokua Iraizozen ingurutik aldenduz. Bitartean hirugarren aldaketa egin du Athleticek, Etxeita Ocioren ordez sartuz. Hala eta guztiz ere, Pandianik bere bolada golegilearekin segitzeko aukera izan du eta ia ezerezetik bat eta zerokoa ezarri du 83. minutuan.

Athleticek ez zuen erreakzionatzeko inolako gaitasunik erakusten eta une batez iazko Kopan Santanderren bizitakoa etorri zaigu burura, hau da, partida gutxigorabehera kontrolpean izan itzuleko partidari begira eta hamar minututan dena pikutara. Ez da horrela gertatu sartu berria zen Sunnyk 92. minutuan kanpora jaurti duelako eta, batez ere, egunik txarrenetan ere talde honek fedea duelako. Azken minutuan Gabilondok baloia zelai erdian lapurtu du, Susaetari eman dio, honek erditik ireki du eskuinaldera eta hortik Iraolak erdiratu du Toquerok, behartuta, aterantz errematatzeko. Ricardok desbideratu du baloia, baina aldaratzea Llorenterengana heldu da eta aurrelari nafarrak golarekin duen harremana berreskuratu du, honen ondorioz, final laurdenetara pasatzeko ateak zabalik utziz. Ez da gutxi, eta norgehiagoka gogorra izango den arren, askozaz samurragoa da etxetik at gola egin eta gero.

Eta partidarik galdu gabe Ligako erronka Calderonen, baina hori igandeko kontua izango da.