Athletic Club - CA Osasuna
Final zortzirenak
Kopa

Athletic Club - CA Osasuna

Athletic Club
Athletic Club
20
CA Osasuna
CA Osasuna
  • 4' Gabilondo
  • 18' Ion Vélez

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2 Osasunak 0

Athletic Club Kopako final laurdenetan dago jada Osasuna 2-0 gainditu ostean. Gabilondok eta Ion Velezek…

Athletic Club

Athletic Club Kopako final laurdenetan dago jada Osasuna 2-0 gainditu ostean. Gabilondok eta Ion Velezek egin dituzte zurigorrien golak hasi eta berehala eta hortik aurrera zurigorriek behar bezalako lehia jokatu dute. Horretan Iraizozek 63. minutuan Portillori harrapatu dion penaltiak ere garrantzia izan du etxekoen nagusitasuna lasaiagoa izan zezan.

Gauzak horrela urtarrileko egutegia bete da dagoeneko eta Xixongo Sporting dago zain hurrengo kanporaketan. Lehendabiziko partida San Mamesen izango da datorren asteazken/ostegunean eta itzulekoa Asturiasen astebete beranduago. Bitartean Valentzia da hurrengo erronka Ligan, domeka honetan bertan, eta lehen itzulia ixteko gure taldeak harmailaren bultzada izango du arerioari eta nekeari aurre egiteko. Norgehiagoka horretan Amorebietarena da baieztaturik dagoen baja bakarra eta beraz, atzealdean behintzak, aldaketak egongo dira.

Athletic Clubek lehiari behar zen moduan ekin dio eta zelai erdian ohi baino jokalari gehiago atera duen Osasuna atzean sartu du. Bigarren minutuan Susaetak penaltia eskatu du, falta egin diote baina areaz kanpo, Masoudek lehendabiziko txartela ikusi du hirugarren minutuan eta laugarrenean Gabilondok bat eta zerokoa ezarri du ezkerrez, areaz kanpotik, baloia angeluan ipiniz aldaratzea ederto kontrolatu eta gero. Hasiera ezinobea alde guztietatik begiratuta: lasaiagarria izan da gola, baina pizgarria ere era berean.

Portilloren bitartez Osasuna erreakzionatzen saiatu da, baina ez zen aurrelariaren gaua eta Iraizozek arrasean egindako jaurtiketa gelditu dio seigarren minutuan. Etxekoek espazioak topatu, gura barik, eta nahita aurkitu dituzte, Llorentek kanpora jaurti du 15. minutuan, baina Ion Velezek ahaleginaren saria eskuratu du bi beranduago. Baiezkoan dago Athletic eta haren jaurtiketak behar zuen errebotea hartu du barrura joateko. Bi eta zero eta, beraz, luzapena ezinezkoa zen jada, baina partida amaitzeko ordubete eskas zegoen pasatzeke.

Nafar taldeak hasierako 4-5-1arekin segitzen zuen, baina eskema hori kontraerasoan aritzeko diseinaturik zirudien. Horregatik Iraizozek 26. minutuan hartu duen Sunnyren burukada albo batera utziz, hutsik dago Osasunari dagokion lehen zatiko arriskuen orria. Gurean aldiz, aukera pare bat egon da kanporaketa atsedenaldirako erabat konponduta uzteko. Beharbada Vicente Calderonen gertatu zenari kontrakoa eramateko edo, Llorentek jokaldi bikaina egin du ezkerraldetik eta pase ona eman dio arearen bihotzean zegoen Ion Velezi, baina aurrelariak ezin izan du errematatu. Ostean, 36. minutuan hain justu ere, Llorentek atezainari aurrea hartu dio korner baten jaurtiketan, baina langa gainetik buruz errematatu du.

Atsedenaldia pasa eta gero, Gurpegik Javi Martinez ordezkatu du, baina inolako eskema aldaketarik gabe. Osasuna pauso bat eman du aurrera, baina txikia eta lehendabiziko aukera Gabilondorena izan da, kasu honetan eskuinez jaurti duenean, eta oraingo honetan Ricardok kornerrera desbideratu du. Hurrengo jokaldian mele antolatu da Osasunaren arean eta Iraolaren jaurtiketak Ricardoren eskuarekin egin du topo. Berehala Camachok bi aldaketa egin du batera: Delporte Nekounamen ordez irten da eta Pandiani Masouden ordez. Aldekaten eskutik marrazki aldaketa heldu da eta 4-4-2 argiago antolatu dute nafarrek. Portillo eta Pandiani aurrean, Delporte ezkerrean eta Jokin eskuinean, Sunnyren posizioa pixka bat atzeratuz.

Hurrengoak izan dira Osasunaren minuturik onenak, gutxi badira ere. Horrelako batean gaueko protagonistak ibili dira berriro ere dantzan, baina kasu honetan Athleticen arean eta Gabilondok Portillori penalti egin dio. Zalantzazkoa hasieran, aurrelariak soropilean jotzen zuela ematen zuelako, eta argiago gero, erdilariak osasunar jokalari zertxobait zapaltzen zuela zirudielako. Penaltia eta Iraizozek bere bigarren penaltia baliogabetu du San Mamesen, lehendabizikoa gure koloreak defendatuz, aurrekoan Adurizen jaurtiketa ezerezean utzi zuelako, baina egun horretan Espanyoleko kamiseta zeraman jantzita. Jokaldi erabakigarria izan da, Osasuna lur jota utzi duena.

Toquero sartu da Ion Velezen ordez 65. minutuan eta Hector Font Jokin Esparzaren ordez 72. minutuan. Gabilondok bereari eutsi dio, hau da, arriskua sortzeari eta kanpora jaurti du ezkerrez 72. minutuan, gure azken aukera izan da (gehiagorik ez zen ei behar) Osasunak aldiz, berea 78. minutuan izan du, baina Josetxo eta Pandiani ez dira ados jarri falta jaurtiketa bat errematatzeko orduan.
Minutuak errukirik gabe pasatu dira, baina Delportek ez du hutsik egin San Mamesen iskabilarekin duen hitzorduan eta txartel gorria ikusi du harmailetatik Cucotaz gogoratzen ziren bitartean. Azkenik, zortzigarren partida jarraian galdu gabe, partidaren irakurketa zuzena, atean golik jaso ez eta bultzada handia urtarrileko aldapari ekiteko.