Sevilla FC - Athletic Club
Finalerdia
Kopa

Sevilla FC - Athletic Club

Sevilla FC
Sevilla FC
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 60' Duscher
  • 90' Acosta
  • Llorente 43'

KokapenaRamón Sánchez-Pizjuán , Sevilla

Zapore mingotsa eta emaitza irekia

Athletic Clubek 2-1 galdu du Sevillaren aurka Kopako finalerdietako joaneko partidan. Llorentek egon du zero…

Athletic Club

Athletic Clubek 2-1 galdu du Sevillaren aurka Kopako finalerdietako joaneko partidan. Llorentek egon du zero eta batekoa lehen zatian eta bigarrenean Duscherrek eta Acostak egin dituzte andaluziar taldearenak. Hemendik hilabetera itzuleko partida jokatuko da San Mamesen eta gaur Sevillan bizi izan dugun giroa etxean gaindituko delakoan gaude. Bestelakoa izango da epailearekin horrenbeste zorterik izatea.

Partida euriarengatik baldintzaturik egon da. Hasiera batean ez zuen ematen etxekoek partida jokatzea nahiko zutenik, norgehiagoka ofizialki hasteko ordubete falta zela inork ez baitzuen ezebez egiten ura kentzeko. Adibide gisa gure jokalariek zein teknikariek ezin izan dute aulkian jesarri, urez beteta zegoelako, igerilekua bailitzan. Amaieran zapore mingotsa, etxetik at gola sartzea eta batengatik galtzea ez dagoelako batere txarto etxean erabaki behar duzun kanporaketarako, baina gola noiz heldu den ikusita, biharko gainditurik egongo den tristura hedatu da espedizio kideengan eta Sevillara bidaia egin dute ehundaka zaleengan.

Erasora ekin dio Sevillak lehiari, baina soropilaren egoerak ez dio batere lagundu. Partida osoan gertatu den bezala, estrategian zegoen gakorik garrantzitsuenetako bat eta arrisku konkreturik gabeko lehen estualdiak heldu dira Iraizozen area ingurura. Arestian aipatu den estrategiaren garrantziaz gain, lehen ordu laurdenean dinamika guztiak argi eta garbi isladatu dira. Talde biek baloi luzeak nahiago zituzten, partida ez zegoen erakustaldi gehiegi egiteko eta epaileak ez zeukan inolako arazorik area inguruan Athleticen aurkako faltak etengabe seinalatzeko, baina ez alde. Joera horren aurka protesta egiteagatik, eta ez jokaldi zehatz bat, ikusi du Iraolak lehen txartela eta azkenik bost izan dira gure taldearentzat eta batekin amaitu du Sevillak.

Minutu asko pasa dira lehen aukera garbiak ikusteko. Estrainekoa Ion Velezena izan da, 24. minutuan urrutitik Palop aurreraturik zela ikusi du, baina baloia langa gainetik joan da, gutxigatik bada ere. Beherago errematatu du Romaricek 33. minutuan, langararen kontra hain zuzen ere, eta bi minutu beranduago gorago Renatok faltaz. Petroleoaren bila zebiltzan talde biak falta guztietan, inolako disimulurik gabe, baina azken txapan zurigorriak askozaz eraginkorragoak izan dira. Llorentek bularrez kontrolatu du 40. minutuan eta indarrez jaurti du, baina Palopek kornerrera desbideratzea lortu du. Ostean David Lopezek atera eta Llorentek buruz barrura. Zero eta bat Palopek irteera txarto neurtu duen jokaldian. Atsedenaldia baino lehenago, Yestek ezkerrez jaurti du, baina kanpora.

Bigarren zatian Acostak Renatoren tokia hartu du eta min handiago egin dio Athletici. Dena den, Xixonen gertatu zen bezala, neurketa erabakitzeko aukerak izan ditu Athletic Clubek. Argiena Ion Velezena izan da, baina ia atepean ez da heldu David Lopezen baloia gola bihurtzeko. Pena, eta zentzazio bera ere 59. minutuan Yesteren pase sakona jaso duenean, baina angelurik gabe geratu da Palopen aurrean.

Kornerra Athleticen alde eta Sevilla berpiztu da aldaratzearen ondorioz izugarrizko kontraerasoa antolatu duelako. Eskerrak Koikili ezin hobeto gurutzatu dela azken unean gola ekiditzeko. Capelek Adriano ordezkatu du ordubeterako eta Toquero prest zegoen Ion Velezi, eta batez ere bere bizkarrari, atsedena emoteko. Tartean mele antolatu da gure arean eta enegarren errebotean Duscherrek banakoa ezarri du, ordu erdia aurretik zela.

Golak Sevilla indarberritu du. Athletic Clubek txartelak pilatzen zituen eta Sevilla baloiak Kanouteri, inolako lotsarik gabe, gure taldea munduan baloi luzeak jokatzen duen bakarra dela ematen duen arren. Horrekin batera soropila lehortu da, edo ur gutxiago zeukan eta lehen zatian ikusi ezin izan dugun jokua agertu da, nahiz eta ura igerilekura salto egiteko desagertu ez. Atzerapausoa eman du gure defensak Kanouteren inguruan babesa ezartzeko, eta horrekin batera espazioa zabaldu da Acosta lerro tartean min egin zezan eta baita Jesus Navasentzat hegaletik min gehiago egin zezan. Azken hau nolabait oztopatzeko Balenziaga Yesteren ordez sartu da 70. minutuan.

Sevillarren arriskuak urriagoak ziren, baina halaz ere baloiaren monopolio zeukan Sevillak, horrek duen arrisku guztiekin. Halaz ere, baloi sakona heldu zaio Kanouteri 83. minutuan eta Javi Martinezek hanka sartu baino lehen, aurrelariak bere burua bota du. Penaltia, Kanoutek berak jaurti duena, baina zutoinera eta berarengana itzuli da. Jokoz kanpo beraz.

Libratuko ginela eta itzulekoan husnakoa finalera pasatzeko nahikoa zela pentsatzen zutenentzat ere nahiko komeriak heldu dira. Iraolak, buruz, izan du abagunea bat eta bikoa egiteko. Hurrengoan David Lopezek kontraerasoa amaitu du arrasean jaurtiz eta minutu berean Kanoutek Duscherren pase sakona ederto bereganatu du, baina Iraizozek kornerra desbideratu du Amorebieta minduta geratu den jokaldian.

Orduan bai, dena eginda zegoela zirudien, baina Sevillak aurreko kanporaketan Valentziaren kontra egin zuena egin du, hau da luzapenean bere bigarren gola sartu, kasu honetan Acostaren bitartez, honetan ere, errebote batetaz profitatuz. Valentziaren aurka finalerdietara iristeko balio zitzaion, baina guztion esku da oraingoa alferrik izatea.

San Mames bete beharko dugu ametsa egia bihurtzeko, baina ez jendez soilik, baizik eta animoz eta kantez. Ez da emaitza txarra, askok sinatuko lukeena partida hasi baino lehen, etxean gaindi dezakeguna, baina gogorra da askozaz emaitza txukunagorik eskura zenean galtzea. Martxoan ez digu ihes egingo.