Athletic Club - Sevilla FC
Finalerdia
Kopa

Athletic Club - Sevilla FC

Athletic Club
Athletic Club
30
Sevilla FC
Sevilla FC
  • 4' J.Martínez
  • 34' Llorente
  • 36' Toquero

KokapenaSan Mamés , Bilbo

FINALERA !

FC Bartzelona arerioa izango daAthletic Clubek bere 36. Kopako finala jokatuko du Sevilla FC mendean…

Athletic Club

FC Bartzelona arerioa izango da


Athletic Clubek bere 36. Kopako finala jokatuko du Sevilla FC mendean hartu eta gero (3-0, Javi Martínez, Llorente, Toquero). Gau majikoa, San Mameseko arnasaren eskutik eta hogeita bosgarren titulua eskuratzeko aukera azken finaletik ia mende laurden bat beranduago, 84/85 denboraldian Madrilen jokatu zena hain justu ere. Ilusio zurigorria kale kantoietan eta Euskal Herritik kanpoko leku askotan. Finalean gaude orain arteko errekorrak handitzeko asmoarekin: Kopako golkadarik handiena daukagu Athletic Club 12-Celta 1 (1946-47 denboraldia); Kopako final gehien irabazi duen jokalariarena: Gainzak, zazpi eta Kopako final gehien jokatu dituzten jokalariak, Gainza eta Jose Mari Belauste bederatzi aldiz. Halaber, Gainzarena da Kopako partida bakar batean gol gehien sartu duen jokalaria, zortzi Celtari arestian aipatu dugun hamabi eta bateko norgehiagokan. Azkenik, Gainza da Kopako partida gehien jokatu duen jokalaria, 99 hain zuzen ere.

Athletic jaun eta jabe izan da. Freskotasuna, presioa eta jokua jarri ditu zelai gainean eta San Mamesen zeudenak baino askozaz gehiagok, partida baino lehen eta partidan bertan, beharrezko bultzada eman diote taldeari. Oiloipurdia nagusi izan da Carlton Hoteletik San Mameserako bidaian, Katedralean bertan bizi dena deskribaezina izan da, batez ere, aldageletan bezala, farre algarak eta malkoak tartekatu direnean.

Orain, guztiok, klubak, taldeak eta zaleriak behar eta merezi genuena jaso dugu hainbatetan sufrimendua pairatu eta gero. Finalak jada ez dira izango aitite zein amamen kontuak, errealitatea baizik gaur debutariak izan diren belaunaldiak Athletic Club sentimendua zer den datozenei konta diezaieten. Athletic Club lehiakorra da oso. Gainera, Ligako sailkapena, Bartzelonaren kokapenari dagokionez, bere horretan segituz gero, hau da, lehen hiruren artean, datorren denboraldiko UEFAko Kopa berrituak Athletic Clubaren presentzia ziurtaturik izango du finala jokatu barik. Beraz bi hilabeteko ilusioa aurretik daukagu Valentziara, ala, auskalo, beste toki batera abiatu baino lehen.

Eta horretarako erronka zaila zeukan Athletic Clubek, zaila Sevilla talde sendoa eta eskarmentu handikoa delako. Zaila Ligan gol gutxien jaso duen taldea delako, hogeita bi soilik eta gainera atea hutsik partida gehien utzi duen taldea delako. Zaila ere azken hamarkadan ezusteak finalerdien eskutik etorri zirelako eta oraingo honetan jendearen ilusioa inoiz baino handiagoa eta nabarmenagoa zelako.
Joan den larunbatean genion moduan, denboraldiko apostua zen gaurko partida eta aurreko kanporaketan gertatu zen bezala freskotasunaren aldeko hautua eginda zeukan entrenatzaileak. Eta primeran atera zaigu helburua lortu delako.

Dida batean bideratu du Athletic Clubek kanporaketa. Jimenezek prensa aretoan San Mameseko arnasak eraginik ez duela izan ziurtatu badu ere, ukaezina da beroketa ariketetatik, himnoa kantatu denean eta partidan bertan, giroa beldurgarria izan da eta antzuak izan dira Sevillatik etorritako zaleen ahaleginak eta baita jokalarienak ere.

Gainera edozeinek kanporaketa bati buelta emateko amesten zuen hasiera izan du lehiak. Sevillak ia ez zuen zelai erdia gainditzen eta talde garaia eta indartsua zelairatu duen arren, ezin izan du ekiditu hegaleko sake batetik lehendabiziko gol hartzea. David Lopezek areara bidali du, Llorentek buruz area txikira eta Javi Martinezek, atzetik zetorrela, Palopen gorputzaren aurka errematatu du eta baita aldaratzea ere, baina kasu honetan sareetara. Zoramena, alde bat. Athletic Club finalean zegoen jada. Eta Del Nido presidenteak metaforikoki osorik jango zuten lehoia gose zen eta ez du Sevilla bere atzaparretatik askatu, astindu eta zauzta-zauzta jan baizik. Partidan eskatu diren hiru ustezko penaltietatik, hirugarrena Luis Fabianok bigarren zatian eskatu du, bi gertatu dira hortik gutxira. Toquerorena, Luis Fabianorena bezala ez zuen ematen, kasu bietan erorketa gehiegi gehiegitu dutelako. Llorenteri, elastikotik tiraka 12. minutuan, argiago zirudien baina europar lana egin duen Mejutok ez du ezebez seinalatu. Hamahirugarren minutuan Orbaiz geratu da bakar bakarrik Palopen aurrean, baina angelu gutxirekin atezainak desbideratu du jaurtiketa.

Athletic ikasten ari denez gero, lasaiago hartu ditu hurrengo minutuak, Sevillari zirrikuturik utzi gabe, jakina. Baloi luzeak eta norabide aldaketak erabiltzen zituen Sevillari errepasoa emateko. Kontraeraso azkarretan oinarritzen zen ere eta 32. minutuan Javi Martinezek buruz errematatu du gora, baina erdi-erdian jo dio Sevillari bi minutu beranduago. Toqueroren desmarkaketa ona egin du eskuinetik. Bere erdiraketa errematatzailerik ez du aurkitu, baina atzelari baten burukada ezkerralderantz bidali du baloia. Hor Yestek kontrolatu du eta, burua altxatu ostean, arearen bihotzera zuzendu du bertan Llorentek erremata zezan, Palopek ikutu ikutu du, baina ezin izan du ekiditu bi eta zerokoa. Zoramena bikoiztu da eta jada prest zeukan aldaketa gauzatu du Jimenezek: Luis Fabiano Fazioren ordez, Renato euskarrira atzeratuz. Alferrik hori ere. Aurrez aurretik iragarri genuen bezala, Kopako norgehiagokak ez zeukan inolako zerikusirik Ligakoarekin eta larunbatean Kanoutek ohore guztiak eraman bazituen ere, gaurkoan zapatuan zapore mingotsarekin amaitu zuen Toquerorentzat izan dira laudorioak.

Haren lan eskerga biribiltzeko Llorenteren pasea jaso du area parean 37. minutuan eta, oraingoan bai, Palopen irteera gainditu du zoramena hirukoizteko. Metaforak metafora, hiru eta zeroren eskutik azken egunetako esaldi xelebreak izan du erantzuna eta goiti beheti jango zuen lehoiaren buztanak joku dexente eman du, metaforak metafora, Del Nidoren gosea asetzeko. Sevilla lur jota zegoen eta lehen zatiko arrisku guztia Iraizozek erraz harrapatu duen Navasen jaurtiketak laburbildu du dena 40garren minutuan.

Bigarren zatian, Athletic Clubek egin beharreko guztia egin du, baina bitxia bada ere, harmailetan urduriago egon dira lehen zatian baino, ulergarria da bestalde, finala eskura zela sentitu delako, baina ezin fidatu Sevillak duen bolbora kontuan hartuta. Aulkian geratzen zitzaion jokalaririk erasokorrena atera du berdegunera Jimenezek atsedenaldiaren bueltan: Capel Adrianoren ordez. Alferrikako lana ere bai. Gainera zurigorriek ikasgaia ikasita zekarten eta presio, gogo eta adore berarekin zelairatu dira Sevilla puskatzeko. Espazio gehiago zeukaten eta atzean sendo egoteaz gainera mina ere egin dute, adibidez 58garren minutuan Orbaizek Palopi lana eman dionean, Toqueroren jaurtiketa 66. minutuan Palopek harrapatu duenean eta Toqueroren ordez zelairatu den Ion Velezek Palopen eskuetara jaurti duenean. Gurean ere Gurpegik atsedena eman dio Javi Martinezi eta Gabilondok David Lopezi.

Ez du inolako arriskurik hartu Athleticek baloia behar zenean urrunduz eta horra hor Sevillaren aukeren zerrenda txiki-txikia: 60garren minutuan Renatoren txilena urrundu du Ociok eta 76. minutuan andaluziarrek burukada bat kanpora bidali dute. Horretaz gain, gure taldea oso ondo defendatu ditu korner eta falta guztiak, nahiz eta giroan Sevillaren kalitatearen itzala luzea somatzen zen.

Azkenean, finalera, harrotasunez, joku onez eta merezimendu osoz. Jaia zelaian, jaia hotelean, jaia Bilbon eta ilusioa zein itxaropena Bizkaia baino haratago hedatzen dena. Horixe egiteko gai izan da gaurko Athleticek: ameskeria zirudiena egia eta ilusio hutsa bilakatu da. Merezi genuena finean. Zorionak athletizaleak.

Bidali zure finalerdietako bideoa gure web orrialdea [email protected] E-postara hainzuzen ere.