Athletic Club - Villarreal CF
Jardunaldia 3
Liga

Athletic Club - Villarreal CF

Athletic Club
Athletic Club
32
Villarreal CF
Villarreal CF
  • 10'39' Llorente
  • 57' J.Martínez
  • Cani 48'
  • Cazorla 83'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 3 Vila-realek 2: Jaun eta jabe

Athletic Clubek 3-2 irabazi dio Vila-real taldeari. Llorente (2) eta Javi Martinez golegileak izan dira….

Athletic Club

Athletic Clubek 3-2 irabazi dio Vila-real taldeari. Llorente (2) eta Javi Martinez golegileak izan dira. Hiru partida eta hiru garaipen amaierarik gabeko partiden zerrenda honetan. Oraingoan, gure taldeak izugarrizko neurketa jokatu du eta Vila-real taldeari gol batengatik soilik gailendu bazaio ere, alde are zabalagoa lortzeko abaguneak izan ditu.

Taldeak sei aurpegi berri erakutsi du osteguneko partidarekin alderatuz, Toquero, Koikili, Ustaritz, David Lopez, Gabilondo eta Javi Martinez, baina gogo eta joku maila bera erakutsi du Ligan goiko postuak eskuratzeko lehian egoteko asmoarekin plazaratu den Vila-realaren aurka. Gainera, maila handiko futbolaz gozatzeaz gainera, San Mamesera hurbildu direnek Aketxeren debuta ere ikusi dute. Alderik txarrena bikoitza izan da, batetik Martinezek eta Llorentek izan duten lesioak, bere bilakaera ikusteke dago, eta, bestetik, horrenbeste aukera sortu eta gero Athleticek azken minutuetan egin behar izan duen lan eskerga abantailari eusteko.
Osteguneko partidaren ostean genioen moduan, gauzak bere neurrian hartu behar dugu gaurkoan ere, poztasuna bai, baina bidea hasi baino ez da egin.

Vila-real zelaian agintzeko asmoarekin irten da, baloia asko ikutuz eta barrutik jokatuz, baina zurigorriek presioa ajustatu dutenerako Valverderen taldearentzat estutasunak hasi dira. Zortzigarren minutuan Gabilondok aukeren zerrenda luzeari, ia amaigabeari, hasiera eman dio. Bere bolea gutxigatik kanpora joan da, baina ez du axolarik izan, hortik bi minutura baloia gune beroan lapurtu eta gero, Toquerok eskumaldera ireki du baloia eta David Lopezen erdiraketa buruz sareetara bidali du Llorentek, bere estraineko gola Ligan izan da.

Atsedenaldira arte Athletic jaun eta jabe izan da, inolako ezbairik gabe, goitik eta behetik, zelaiko eremu guztietan. Ez da atzerapausorik eman eta jo eta ke aritu da bigarrenaren bila. Gabilondok buruz aukera izan du Iraolaren pasea kanpora errematatu duenean; David Lopezek beste Lopezi lana eman dio falta jaurtiketa batekin; Llorenteren burukada izugarria 31. minutuan heldu da atzetik hasitako jokaldiari amaiera emateko, baina arerioen atezaina hor zegoen. Zortzi minutu beranduago Llorentek bere bigarren gola egin du. Beste baloi lapurketa bat erdialdean, baloi sakona Llorenteri, jokoz kanpoarekin jolasean, horrek bularrez kontrolatu du eta ezkerrez baloia gurutzatu. Zutoinean jo eta gero, barrura. Halaz ere, erasoaldia ez da eten. Gabilondok, faltaz, Diego Lopezekin egin du topo eta Llorentek areaz kanpotik arrasean bota du kanpora luzapenean.

Eta Vila-real? Ondo, eskerrik asko. Ibagaza lesionatu da ordu laurdenerako eta Fusterrek bete du bere tokia. Hogeita hamaseigarren minutuan Caniren burukada arriskutsua izan da dena. Arriskutsua jokaldiarengatik eta Amorebietaren oina erdilariaren buruaren parean egon delako. Horretaz aparte, Vila-realek zortea izan du ere, hamaika jokalariekin aldageletara joan delako, Marcanok eta Egurenek laranjatik paseatu dira eta. Bigarren zatian Fusterrek ere bigarren horia ikusteko merituak egin ditu.

Aldegeletatik bueltan Athleticek bereari eutsi dio, hau da, gora begiratzeari, baina punteriarik gabe. Llorentek izterrarekin errematatu du, baina Diego Lopezek ondo erreakzionatu du eta Toquerok txilenaz langa gainetik errematatu du. Aitzitik, ezustea berehala heldu da. Capdevilak ezker hegaletik erdiratu du, bigarren zutoinean Joseba Llorentek erdira itzuli du baloia eta bertan Canik trabarik gabe bi eta batekoa ezarri du. Hiru minutu baino ez dira pasa eta Vila-realen aurkako azken urteotako mamuak berpiztu dira. Dena den, Athletic ez da kikildu eta ekimena eramaten segitu du eta 52. minutuan Llorentek bere gosea asetu nahian errematatu du gutxigatik kanpora. Valverdek Nilmar atera du zirrikitua aprobetzatu guran, baina ez zen itxoiteko eguna eta Llorentek ezkerrez kanpora jaurti du eta Toqueroren burukada atezainak kornerra desbideratu du. Dena den, guzti hau bost minututan, merezitakoa heldu da hurrengo jokaldian. Gabilondok atera du kornerra eta Javi Martinezek buruz bidali du sareetara. Eta oraindik ordu laurdenera heldu gabe.
Une horretan heldu da Iraizozen txanda Nilmarren burukada desbideratzeko, baina bigarren zatia luzea izan da oso. Hasteko Martinezek, minduta, zelai utzi behar izan du eta Yeste sartu da bere ordez. Aurkarian Piresek Rossiren tokia hartu du. Llorentek aukerak eta aukerak pilatzen segitu ditu eta 71. minutuan Lopezen aurrean bakar bakarrik geratu da, baina bere baloi loratua desbideratu du atezainak.

Muniain David Lopezen ordez sartu da 72. minutuan, Toquero eskumaldean kokatu da, eta 79. minutuan Aketxe Llorenteren ordez. Vila-realek ekimena hartu du, lehendabizikoz, eta Piresen urrutiko jaurtiketaren ostean Cazorlak faltaz bigarrena egin du. Sei minutu, hamar luzapenarekin, espero gabe sufritzeko, baina horretan justiziak eta jokuak bat egin dute hiru puntu oso gozoak eskuratzeko Tenerifen Ligako laugarren jardunaldia jokatu baino lehen.