UD Almería - Athletic Club
Jardunaldia 12
Liga

UD Almería - Athletic Club

UD Almería
UD Almería
14
Athletic Club
Athletic Club
  • J.Martínez 37'
  • Ustaritz 41'
  • Llorente 60'
  • De Marcos 77'

KokapenaJuegos Mediterráneos , Almería

Almeriak 1 Athletic Clubek 4: Gorantza

Athletic Clubek 1-4 irabazi dio UD Almeriari. Javi Martinez, Ustaritz, Llorente eta De Marcos golegileak…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-4 irabazi dio UD Almeriari. Javi Martinez, Ustaritz, Llorente eta De Marcos golegileak izan dira. Garaipen garrantzitsua bolada onari segida emateko eta sailkapeneko goiko postuetan segitzeko. Gauzak horrela hogei punturekin lasaitasunezko marraraino heltzeko beste horrenbeste falta direla esan daiteke. Gure taldeak defentsako lana ondo egin du eta bere aukerak ederto aprobetxatu ditu, batez ere estrategian. Hiru puntuak ondo datozkigu beharrezkoa den morala eta konfiantza irabazteko Europako Leagueko sailkapenari begira eta igandean etorriko zaigun Valentziari aurre egiteko.

Dena den, hasiera ez da batere erraza izan. Almeria erasokor irten da, presio handia eginez eta Athleticek zailtasun handiak zituen baloi jabetza izateko. Gainera epaileak bosgarren minutuan Iraolari txartel horia erakutsi dio eta Crusat aurrean izanda arazoa handiagoa zen. Ondoren, hamargarrenean, Cismak faltaz hesiaren erditik kanpora jaurti du.

Ez zebilen fin gure taldea eta arerioak abagunerik sortzen ez bazituen ere, Piattik aukera bikaina izan 21. minutuan, atzeko lerroari bizkarra hatuz, baina Iraizozek urrundu du eta jarraian heldu da unerarteko gure aukerarik garbiena. Falta bat Athleticen alde, atzelariek urrundu dute, baina aldaratzea Susaetarengana heldu da eta bere erdiraketa Javi Martinezek zetorkion moduan eskuinez zutoinera errematatu du. Partida jada ez zen Almeriarena eta ekimena orekatu da. Koikilik txartel horia ikusi du 31. minutuan eta Iraolaren inguruan sortu den arazoa beste hegalean ere piztu da. Zorionez biak arazorik gabe gainditu dira.

Norgehiagoka irekita zegoen. Cismak, faltaz berriro, lana eman dio Iraizozi 35. minutuan, baina atezainak kornerra desbideratu du. Ostean Javi Martinezek baloia ia bere atean sartu du, baina asmatu beharrekoan asmatu egin du, 37. minutuan hain zuzen ere. Yestek primeran atera du falta bat eta Martinezek bigarren zutoinean buruz sareetara bidali du.
Bitartean M’Bamik ere txartel horia ikusi du, baina inportanteena izan da abantaila handitu dugula hortik gutxira. Landutako jokaldia izan da. Yesteren korner jaurtiketa motza Gurpegik ikutu du lehen zutoinean, Iraolaren lanaz baliaturik, eta kontrako zutoinean atzetik zetorren Ustaritzek bigarrena egin du, bere lehen gola eginez Athleticeko kamisetarekin partida ofizialean.

Bigarren zatia hasteko Hugo Sanchezek aldaketa bikoitza egin du, Goitom Rodriguezen tokian eta Corona M’Bamiren tokian sartuz. Piatti ezker aldera pasatu da eta Crusat eskuinaldera, eta Goitomek aurrelaririk aurreratuen tokia hartu du. Lehen minutuetan saiatu dira andaluziarrak eta aukerarik nabarmenena Piattik izan du bitan 55. minutuan Crusaten kontraeraso azkarraren ostean. Yestek horia ikusi du 58. minutuan, baina lasaitasuna berehala heldu da, hurrengo minutuan Llorentek zero eta hirukoa egin duenean, estrategian berriz ere. Kasu honetan Yesteren falta jaurtiketa buruz errematatu eta gero, Acasiete atzelariak helduta zeukan arren. Ordu erdi falta zen oraindik, baina garaipena gertu zegoen.

Susaetak ere txartel horia ikusi du, David Lopezek Gurpegi ordezkatu du. Nafar erdilariak hainbat arazo zeukan bikian kolpe baten ondorioz, baina ez dirudi larria izango denik. Partida, espero zenez, moteldu da, etxekoak azken ahalegina 70. minutuan egin duten arren, Acasietek, buruz eta irten berria zen Ortizek ezkerrez, baina bietan Iraizozekin topo egin dute.
Castillo Yesteren ordez irten da, ezker hegalean kokatzeko, hortik oraingo honetan Ortizen bideak ixteko, Crusat bigarren aurrelari moduan jada zen eta.

Norgehiagoka amaitzeko ordu laurden bat falta zela De Marcos sartu da Llorenteren ordez eta ikutu duen lehen baloia gola izan da, Susaetaren erdiraketa ederto errematatuz. David Lopezek bosgarrena egiteko aukera izan du, baina sartu duena Almeria izan da, penaltiz, 84. minutuan. Kalu Ucheren golak ez du lehiaren norabidea aldatu eta De Marcosek beste aukera bat izan du, Susaetak zutoinera jaurti du, eta David Lopezi jaurtiketa Alvesek desbideratu dio. Amaiera lasaia eta hogei puntu izateaz gain, aldea jaitsiera postuekiko hamahirukoa da, beraz lasaitasunerako beste horrenbeste falta direla esan daiteke. Bitartean, aurrekoetan esan dugun moduan, uneaz gozatu behar.