Athletic Club - Valencia CF
Jardunaldia 13
Liga

Athletic Club - Valencia CF

Athletic Club
Athletic Club
12
Valencia CF
Valencia CF
  • 58' Muniain
  • Villa 61'
  • Mathieu 83'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athleticek 1 Valentziak 2: Traba gehiegi

Athletic Clubek 1-2 galdu du Valentziaren aurka. Muniainek gola lortu du eta gero Villak zein…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-2 galdu du Valentziaren aurka. Muniainek gola lortu du eta gero Villak zein Mathieuk valentziarrenak. Berdinketa zen emaitzarik justuena, behinik behin talde biek izan duten aukereei erreparatuz gero. Gure taldeak traba (edo oztopo) gehiegi izan ditu kalitatez eta beteraniaz hornituriko Valentziari aurre egiteaz gain. Justiziaz ari bagar, horretaz adituak direnentzat lehiak lan eskerga utzi du.

Bakoitzaren arabera Olentzerori zuzendutako eskutitz amaigabea osa daiteke eta: nola erakutsi txartelak, are gehiago bikoitzak badira, eskuak paseatzera, ea Muniainek goleko jokaldian izugarri indartsua denari falta egiten dion edota penaltia ote den gero David Lopezek zutoinera bidaltzen duena. Gauza berririk ez, azken finean, baina punturik ez urratzea pena bat izan da, matematikoki eta baita talde gero eta gazteago bati bere konfiantza indartzeko primeran zetorkiolako. Orain helburua Zaragozatik puntuak ekartzea da, batez ere Ligan boladaz bolada ez ibiltzeko.

Partida taktikoa izan da oso eta talde bakoitzak bere kartak mahai gainean ipini ditu hasieratik. Gureak ez zuen kontraerasoetan ezusterik nahi eta, beraz, Valentziari kontraerasora jokatzeko oso zirrikitu gutxi utzi dio. Aurreko partidei erreparatuz gero, valentziarren gol gehienak hortik zetozen eta. Aitzitik, Valentziak ez zuen inolako arriskurik nahi estrategian, zurigorrien gol gehienak hortik zetozen eta. Beraz, lehendabiziko faltatik den dena eta arlo guztietan oso landuta zeukala erakutsi du. Horregatik lehen zati osoan aukera bana ikusi da: Mataren jaurtiketa behartua Pabloren erdiraketaren ostean eta Yesteren jaurtiketa bat langatik gora abiatu dena.

Gainera, zailtasunak zailtasun, Athleticek aurkitu dituen lehen oztopoak fisikoak izan dira: Llorentek kolpea hartu du, beno hobeto esanda Llorenteri eman diote, eta ordu erdirako zelaia utzi behar izan du. De Marcosek hartu du bere tokia eta Susaetarekin goian kokatu da. Azken honekin batera, gainerako lerroetan Koikili, Orbaiz eta David Lopez nobedade izan dira osteguneko hasierako taldearekin alderatuz. Ikuskizun nabaririk ez, baina partida xake balitz bezala jokatzea ikuskizuna da ere. Gauzak okertzeko, Susaetak kolpea hartu du, beno Joaquinek eman dio txartela ikusi duen jokaldian, eta, atsedenaldira arte zelaian mantendu den arren, bigarren zatia hasi eta berehala Muniaini tokia utzi dio.
Bapatean partida piztu da. Minutu beran, 55.enean hain zuzen ere. Koikilik lehen txartel horia ikusi du eta Joaquinek baloia eskuarekin nahita moztu du, bigarrena beharko luke, baina epaileak ez du horrela ikusi.

Hurrengo minutuan Villa bakar bakarrik Iraizozen aurrean geratu da, baina makal edo harroegi ibili da baloia loratzean. Ia hurrengo jokaldian Martinezek jaurti du buelta erdian eta Muniain Cesar-en aldaratzea hartzeko azkar ibili da eta atzelariari aurrea hartu eta gero bat eta zerokoa egin du. Tamalez hiru minutu baino ez dira pasa Pablo Hernandezek Villari pasea sartu dionean eta golegilearen bolea barrura joan da zelaian bote eman eta gero.

Berdinketa berriro eta mugimendu gehiago. Amorebietak gura barik bere aterantz aldaratze bidali du 62. minutuan, Iturraspe Orbaizen ordez sartu da 63. minutuan eta Koikiliri bigarren horia atera diote zalantzarako uzten dugun jokaldian. David Lopez esker hegalera pasa da, De Marcos zelai erdiko eskuinera eta Muniain bakarrik geratu da goian. Villak faltaz mehatxua luzatu du eta Emeryk, badaezpada eta zelai gainean zeukana gutxi bazen ere, Zigic Joaquinen ordez zelairatu du, bide batez balizko bigarren txartelaren arriskua ere ekidituz.

Norgehiagoka aldapaz gora baldin bazegoen, are okerrago ipini da Mathieuk bigarrena egiteko Gorka Iraizozen aldaratzea boleaz libre zegoen toki bakarretik sartu duenean. Hamar minutu besterik ez zen falta partida amaitzeko, baina Athletic Club ez da besoak jaisten dituen horietako bat. Ondo kokatuta zegoen Athletic, baina gure jokalariek beharbada unera arte erabili ez duten erritmoa dantzan ipini dute, nahiz eta bat gutxiagoz egon. Baraja jada zelaian zegoen Dealberten ordez, Iraolari gol polita baliogabetu diote, jokoz kanpo zela, eta De Marcosek ezkerraldetik egin duen erdiraketaren ondorioz Navarrok enegarrenez ukalondokoa erabili du arerio baten jauzia ekiditzeko.

Penaltia, eztabaidagarria ikuspegiaren arabera arestian aipatu dugun lez, eta orain arteko traba guztiak nahiko oztopo ez baziren, David Lopezek zutoinera jaurti du. Buru makur geratu da, talde guztia bezala, baina zurigorriek ez dute amorerik eman eta adorea eta denbora izan dute Muniainen aukera sortzeko, jada 90. minutuan, nahiz eta Cesar-ek angelu gutxirekin eginiko jaurtiketa harrapatu duen eta Iraizozek korner baten jaurtiketa! buruz gutxigatik kanpora erremata zezan. Ez da golik sartu, baina San Mames bete duen zalegoak bakoitzaren lana bere neurrian baloratu du. Ea orain kolpe honek eta lesionatuen sortak urtea amaitzeko falta diren hiru partidatan min gehiegirik egiten ez duen.