Hércules CF - Athletic Club
Jardunaldia 1
Liga

Hércules CF - Athletic Club

Hércules CF
Hércules CF
01
Athletic Club
Athletic Club
  • Llorente 46'

KokapenaJosé Rico Pérez , Alicante

Herculesek 0 Athletic Clubek 1: Hasiera ona

Athletic Clubek Herculesi 0-1 irabazio dio Ligako estreinaldian milaka zale zurigorrien aurrean. Llorentek, buruz Gabilondoren…

Athletic Club

Athletic Clubek Herculesi 0-1 irabazio dio Ligako estreinaldian milaka zale zurigorrien aurrean. Llorentek, buruz Gabilondoren falta erdiraketa errematatuz, bigarren zatia hasi eta berehala, garaipenaren gola egin du. Lehen zatian gauzak orekatu samar ibili dira, baina gure taldearen golak gauzak errazago ipini ditu bero eta haizea etsai izan diren arratsaldean. Halaber, Jon Aurtenetxeren debuta aipatzekoa da eta gauzarik okerrenak Toqueroren orkatilaren zartadura eta Gabilondoren gainkarga izan dira.

Lehen minutuak zurigorriak izan dira. Etxekoek debutariaren zama nozitu dute eta ez dira finegi ibili. Une horietan Susaetak, Gabilondoren falta jaurtiketa azkarra indartsuegi errematatu duenean eta Gabilondok berak, faltaz, Calatayuden eskuetara bidali duenean, Ligako lehendabiziko gola egiteko abagune izan dute, baina asmatu barik. Herculesek partidako lehen txartel biak ikusi ditu, baina minutuak aurrera joan ahala urduritasuna konfiantza bihurtu dute. Athleticek ez zeukan jada argitasun gehiegirik, ez zuen baloi jabetzaz gozatzen eta etxekoak, Tote eta Tiagoren gidaritzapean, ekimena hartu dute, hori bai, arrisku larregirik sortu gabe ere.

Aukerarik nabarmenena Portillok izan du hogeigarren minutuan Toteren enegarren lerroarteko pasea jaso eta gero, baina Iraizozen irteera nahikoa izan da baloia kornerrera bidaltzeko. Hala eta guztiz ere, hamar minutu txar pasa ostean, zurigorriak lasaitu egin dira eta azken txanpan berriro Susaetak faltaz (askok gola eta guzti ikusi dute zelaian zein telebistetan) eta Gabilondok lekutara abiatu den boleaz abagune bana izan dute.

Sargoria eta joku eskasia ziren nagusi atsedenaldirako, baina talde bietako zaleek tentsio puri purian mantentzen zuten. Halabeharrez. Alderik txarrena erizaindegian egon da. Hasieran Susaetak ikusle guztiak ikaratu ditu falta jasotzean txarto jauzi denean, baina zorionez ez zaio ezebez gertatu. Aitzitik, Abraham Paz eta Toqueroren arteko talkaren ondorioz, aurrelariak 43garren minutuan zelaia utzi behar izan du. David Lopezek hartu du bere tokia, baina irten berria eskuin aldean kokatu denez gero, Susaeta bigarren aurrelaria bihurtu da.

Aste barruan hainbatetan aipatu den moduan, estrategiak garrantzitsua suerta zitekeen lehiaren azken emaitzan, eta halaxe gertatu da aldageletatik bueltatu eta berehala. Ia zelai gainean kokatzeko astirik izan gabe, Susaetari egin dioten falta jaurtiketa Gabilondok primeran atera du eta Llorentek buruz sareetara desbideratu du. Zero eta batekoa Gabilondoren eguneko “azken zerbitzua” izan da, minduta Muniani bere lekua utzi baitio 54. minutuan. Bigarren aldaketak postu aldaketak ekarri ditu: Susaeta berriz eskuin aldera, David Lopez ezker aldera eta Muniain Llorenteren bizkarrean.

Esteban Vigok ere haren peoiak mugitu ditu. Lehenengo eta behin, Abel Aguilarrek Kikori tokia utzi dio. Sartu berria eskuin hegalean kokatu da, Tote barrurantz mugiaraziz, lehen bezala min asko egiteko, 65garren minutuan Portillori beste pase on bat eman dionean legez, baina Iraizozen irteera zulo eta angelu gehienak itxi dizkio eta baloia goitik kanpora abiatu da.

Dena den, Athletic eroso sentitu da eta baloia denbora gehiagoz zeukan, arriskurik nabarmenena ere sortuz. Llorente saiatu da Calatayuden aldaratze eskasaz baliatzen, baina kanpora jaurti du. Muniainek ezin izan du buruz amaitu berak hasitako jokaldia 71garren minutuan eta hiru beranduago Martinezen jaurtiketa Calatayudek harrapatu du.

Herculesek zelai gainean indar gehiago sartuta zeukan jada, Thomert Sendoaren ordez zelairatu denean, baina alferrik. Dena den, azken ahalegin bat egin du eta Tiago Gomesek aukera pare bat izan du, ia jarraian, 79garrenean jaurtiketa ahula Iraizozen eskuetara atera zaionean eta, 82garrenean, buelta erdian gure atezainari lan gehiago eman dionean. Hortik gutxira CRistianek bere lekua hartu du, Iturraspek Susaetarekin egin duen legez.

Azken uneak lasaiak izan dira oso, batez ere Fritzelek bere bigarren txartel horia azken minutuan ikusi duenetik eta elastiko berria estrenatzen zutenek txapelketako lehen hiru puntuak poltsikoratu dituzte, bertaratu diren milaka zaleen gozamenerako. Orain Ligak etenaldia izango du, eta hurrengo arerioa ez da makala izango, Europako Superkopa eskuratu berri duen Atletico Madril, baina bitartean ez da batere txarra gure talde gazte eta sendoarentzat ibilbide luzea puntuekin hastea.