Athletic Club - Real Zaragoza
Jardunaldia 7
Liga

Athletic Club - Real Zaragoza

Athletic Club
Athletic Club
21
Real Zaragoza
Real Zaragoza
  • 11' Iraola
  • 22' Llorente
  • Braulio 93'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Alde nabarmena

Athletic Clubek 2 – Real Zaragozak 1Athletic Clubek 2-1 irabazio dio Zaragozari. Iraolak eta Llorentek…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 – Real Zaragozak 1



Athletic Clubek 2-1 irabazio dio Zaragozari. Iraolak eta Llorentek gure taldearen golak egin dituzte eta Brauliok Zaragozarena. Zurigorrien nagusitasuna nabaria izan da oso. Aipatzekoa da Ibairen debuta eta sufritu duen lesioa.

Bi asteko geldiketaren bueltan etxekoak, bi partida jarraian galdu ostean, hasieratik garaipenaren bila abiatu dira erritmoa bizia ezarri nahian. Norgehiagokako lehen abagunea Llorenterena izan da, hirugarren minutuan langa gainetik buruz errematatuz. Halaz ere bisitarien erantzuna berehala heldu da, bederatzigarrenean, Anderrek ezkerrez jaurti duenean, baina Iraizozek ederto erantzun du.

Ameskeria baino ez da aragoikoentzat. Erritmoa etxekoena zen eta Susaetaren portaera egoeraren erakuslerik onena zen. Lehendabiziko aukeran errematatzailerik ez du aurkitu, baina hamabigarrenean korner jaurtiketa baten ostean, Susaetaren beraren bigarren erdiraketa atzelari batek urrundu du eta aldaratzea Iraolak zetorkion munduan eskuinez areaz kanpotik sareetara bidali du. Era ederra Athletic bezalako talde batean 300 partida jokatu izana ospatzeko.

Hortik aurrera Athletic jaun eta jabe izan da eta atsedenaldira bi goleko abantalairekin heldu bada ere, askozaz lasaiago iristeko merezimenduak egin ditu. Gola sartu eta berehala Toqueroren eskuinkada Doblasek harrapatu du. Ordu laurdenean Llorentek buruz langa gainetik errematatu du, baina hirugarrenean, 23garren minutuan, ez du hutsik egin Susaetaren pase bikaina buruz barrura errematatu duenean. Bi eta zero eta zurigorriek ezarritako erritmoari eutsi diote.

Bitartean epaileak Susaetari horia atera dio, lehen Ponziori eta gero Diogori gertatu zaien bezala. Zaragozak ezin zuen tajuzko erantzunik emon eta baloia Anderretik pasatzen ez zenean luze jokatzea zer den erakutsi du. Aurrean, gure taldeak abaguneak pilatzen segitu du. Hogeita hamahirugarrenean Muniainek hasitako jokaldi bat Toqueroren erdiraketan izan du azkenaurreko pausoa eta Susaetak oin punta sartu du, baina baloia gutxigatik kanpora abiatu da.

Are politago egin gura zebilen Athletic eta gauzak borobiltzeko asmoak beharbada ez dio utzi etekin gehiago ateratzen. Adibidez kontraeraso batean, Muniain eta Susaetaren artean, azken unean baloia galdu da. Zaragozakoek horiak pilatzen segitu dute, Sinamak eta Pinter-ek kasu honetan. Azken honek gero larrutik ordaindu du. Atsedenaldia baino lehen Gurpegiri gola baliogabetu diote. Erdilaria ez zegoen jokoz kanpo, baina tira.

Aldaketarik ez bigarren zatiaren hasieran, baina zurigorriak ez dira lehen zatian bezain indartsu irten. Hala eta guztiz ere, Susaetaren erdiraketa Llorentek buruz kanpora errematatu du 51. minutuan eta bisitarientzat egoera kezkagarria bazen ere, ehun eta hogei segundu beranduago are ilunago bihurtu da Pinterrek, Llorenteri oina aurpegian ipini eta gero, bigarren txartel horia ikusi baitu.

Pasa den jardunaldian Zaragozak egoera berbera ezagutu zuen, zero eta bi galtzen eta jokalari bat gutxiagorekin eta, azkenik, binako berdinketa erdietsi zuen. Egia esan, galtzeko gehiegirik ez zeukan eta arriskuak hartu ditu. Ponziok faltaz, gutxigatik kanpora jaurti du, Gabik bezala 61garrenean. Une horretan Boutahar Anderren ordez sartu da.

Ibaik bere debuta egin du, Toquero 67garren minutuan ordezkatuz eta hiru beranduago zoriontasuna zoritxarra bihurtu da belaunean mina hartu duenean. San Mames izozturik geratu da, batez ere jokalariak izoztu eta ikaratu direla konturatu denean. Taldea ez da berpiztu ia azken bost minutuak heldu arte.

Igor Martinezek Ibairen tokia hartu du eta Marco Perezek Bertolorena, Gabilondo Muniainen ordez 80garrenean sartu da, Jorge Lopez Sinamaren lekua hartu duen bitartean. Kontakizunaren arreta horretan ipintzen bada berdegunean ezer berezirik gertatzen ez zelako da. Gure taldea eroso zebilen eta Zaragoza arriskurik sortu gabe.

Jorge Lopezen ustekabeko baten ostean, Llorentek hirugarrena egiteko aukera izan du, baina Doblas fin ibili da, ondorengo Gurpegiren burukadan bezala. Iraola ere buruz saiatu da Susaetarekin egin duen jokaldi politaren ostean. Eta lehia amaitzeko hamar segundu falta zirela Brauliok Zaragozaren gola egin du, alferrik, baina markagailua estutu da. Partida ikusi ez duenak norgehiagoka bestelakoa izan dela pentsa badezake ere, Athletic Clubek hamargarren puntua nagusitasun osoz eskuratu du. Pena Ibairen lesioa. Ea lehenbailehen berdegunetan berriro ikusten dugun.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustaritz, Koikili; Susaeta, Gurpegi, Javi Martinez, Muniain; Toquero eta Llorente. Aulkian Raul; Gabilondo, Orbaiz, Aitor Ocio, Ion Velez, Igor Martinez eta Ibai egon dira.

Real Zaragozak honako hamaikakoa zelairatu du: Doblas; Diogo, Lanzaro, Contini, Ponzio; Gabi, Pinter; Braulio, Ander, Bertolo; eta Sinama egon dira. Aulkian Alex, Edmilson, Jorge Lopez, Lafita, M. Perez, S. Boutahar eta Obradovic egon dira.

Epailea Ramirez Dominguez izan da. Laguntzaileak Matias eta Hernandez izan dira.