Real Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 12
Liga

Real Madrid - Athletic Club

Real Madrid
Real Madrid
51
Athletic Club
Athletic Club
  • 30'62' Ronaldo
  • 57' Sergio Ramos (p.)
  • 91' Ronaldo (p.)
  • Llorente 40'

KokapenaSantiago Bernabéu , Madrid

Itxura ona, aukerak, gabeziak… eta porrota

Real Madrilek 5 Athletic Clubek 1Athletic Clubek 5-1 galdu du Real Madrilen aurka. Ronaldok -3-,…

Athletic Club

Real Madrilek 5 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 5-1 galdu du Real Madrilen aurka. Ronaldok -3-, Higuainek eta Ramosek egin dituzte etxekoen golak eta Llorentek gure taldearena. Emaitza eta jokua, beste hainbatetan bezala, ez dira bat etorri, baina futbola horrelakoa denez gero, ez dugu beste kontsolamendurik espero. Aste osoan, horrelako zelai batean, punturik urratzeko partida biribila behar genuela behin eta berriz errepikatu ostean, egia esateko asmoak agerian geratu direla, baina gehienetan ekintzetan ez direla isladatu esan dezakegu.

Gure taldeak ia ordubetez joku ona egin du, arerioren atea behin eta berriz bilatu du, ez da etxekoen aurka kikildu, baina detaile txikietan ez gara fin ibili eta azkenean txikia handia bihurtzen joan da golkada mingarria jaso arte, nahiz eta bost gol horietatik bi penaltiz eta beste bat efektu gaiztoa hartu duen faltaz izan. Horri gehitzen badiogu aurrean geneukan etsaia puntakoa dela, bere atezaina gure kontrako norgehiagoketan hazi egiten ei dela eta gure atzeko lerroa finegi ibili ez dela… atera kontuak.

Oraingo honetan gure kontrako estatistiken erregea den epailearekin arazorik ez da izan,haren eginkizunak denetik izan duen arren. Llorente jokoz kanpo zirudien gure goleko jokaldian, Susaetari seinalatu dioten penaltian badirudi Di Mariak ondo behartu duela eta bitxikeria ez dena: hat trick egin duenak bi aldiz nabarmen bere burua bota du txartelik jaso gabe. Horretaz gainera, partida batean penalti bat baino gehiago seinalatu daitekela argi eta garbi geratu da.

Zigor handiegia beste behin ere, batez ere lehen zatian abaguneak partekaturik egon direla kontuan hartuta. Gainera gure taldeak askozaz hobeto ekin dio lehiari eta bigarren minutuan Llorentek Pepe eta Carvalho gainditu ditu, baita Casillas ere, baina atezainak apur bat ikutu du baloia eta Pepek atepean urrundu du.

Real Madrilek jokoari ez zion jarraikortasun gehiegirik ematen, baina argi dago min egiteko ez duela behar. Ronaldok txilenaz lekutara eta Di Mariak Martinezen hankan jo eta Iraizozek harrapatu duen jaurtiketak izan dira lehen abagune zurriak. Ekimena zurigorria zen, Orbaizen gidaritzapean, erraztasunez heltzen zen area ingurura, batez ere erasoko eskuin hegaletik, baina Real Madrilek ez zuen horrenbeste behar eta 20garren minutuan Di Mariaren pasea atzeko lerroaren erditik Higuainek aprobetxatu du bat eta zerokoa egiteko. Errezegi. Ia jarraian Ramosek buruz, bigarren zatian egin duen moduan, gola egiteko zorian egon da.

Partidak etenik gabe segitu du eta Athletic Clubek beste detaile “txikietako” batekin egin du topo: Casillasekin hain zuzen ere. Susaetaren bolea eta Llorenteren errematea desbideratu ditu eta, ia beti bezala, dena alde zihoanean egoera okertu da. Aldeko kornerra kontraeraso azkarra bihurtu da (tik, tik, tak gure entrenatzailearen hitzetan) eta ordu erdia bete bezain pronto, Ronaldok bi eta zerokoa ezarri du. Aldapaz gora Ronaldok bere lehen jauzi olinpikoa egin du, Higuainek eskuinez kanpora errematatu du eta Di Maria Iraizozen eskuetara, baina Athletic ez zegoen aldageletara esku hutsik joateko prest.

Llorente golarekin orain arte duen bere hitzordura heldu da, Gabilondok ezkerretik egin duen erdiraketak Casillasi ihes egin dio, Iraolak errematatu du ahal izan duen moduan eta baloia Llorenterengana heldu da, jokoz kanpo zegoen atzelariak jaurti duenean, baina ezkerrez saretara bidali du berrogeigarrenean. Atsedenaldira joan baino lehen Susaetak bere eskuin sorbaldan hartu duen kolpea gainditu du eta azken unean erdiraketa zitala egin du, baina Llorente ez da baloi bila mugitu.

Partida zabal zabalik zegoen, Athletic indarberriturik eta etxeko zaleek batzutan txistuka ere. Bigarren zatiari begira zelaietara itzultzen zen Amorebieta ezker lateraletik erdira pasa da eta Aurtenetxek Ustaritz minduta ordezkatu du, ezker lateralean bere burua kokatuz.

Real Madrilen aldaketarik ez, baina bai eragin handiko toki aldaketa, Di Maria ezkerretik mugitu da eta Ronaldo eskuinetik, lehen zatiko zuloa Marceloren aurretik estaliz. Dena den, zurigorriak gogotsu irten dira, ekimena eramanez, behin eta berriz Casillasen area ingurura ailegatuz eta arriskua ere sortuz, Susaetak faltaz lana eman dio Casillasi 53 minutuan, baina hortik gutxira epaileak ez du zalantzarik izan penaltia adierazteko eta Ramosek hirugarrena sartu du.

Eta partida amaitu da, zoritxarrak gehiegi baitzirela zirudien-eta, baina ez da horrela izan Muniainek Iñigo Perezi lekua utzi baitio ezker sorbalda minduta, Amorebietak txartel horia ikusi duen jokaldian Ronaldok efektu arraroa hartu duen faltaz laugarrena egin duelako, Ramosek eta Ronaldok aukera bana izan dutelako eta Martinezek, dena alde zuela, langara jaurti duelako… Ronaldok, penaltia bi aldiz jaurti ondoren bosgarrena ezarri baino lehen. Zigor handiegia, historia ezaguna finen, eta etxeko atzeko sendotasuna Osasunaren aurka mantentzeaz gainera, hurrengo bidaian, Donostiara egingo dena hain zuzen ere, berreskuratu beharko da.