Athletic Club - CA Osasuna
Jardunaldia 13
Liga

Athletic Club - CA Osasuna

Athletic Club
Athletic Club
10
CA Osasuna
CA Osasuna
  • 92' Gurpegi

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Estrategiak ere puntuak ematen ditu

Athletic Clubek 1 Osasunak 0Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Osasuna taldeari. Gurpegik gola lortu du…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Osasunak 0


Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Osasuna taldeari. Gurpegik gola lortu du 92garren minutuan eta gauzak horrela gure taldeak, garrantzi handiko hiru puntu eskuratzeaz gainera, partida guztietan gola egin duen bakarra izaten segitzen du. Bide batez, joko onaren faltan, fedearen garaipen hau golik jaso gabe heldu da, aste osoa hartzen diren golekin bueltaka ibili eta gero eskertzekoa dena.

Asko kostatu zaio gure taldeari nagusitasuna eskuratzea, beharbada etxeko azken norgehiagoketan txarto ohituta geundelako, beharbada taldea lehian ohi baino hotzegi sartu delako edota beharbada Osasunak prestatu duen jokoa ondo egin duelako. Edozein arrazoia zela eta, lehen aukera garbia bisitariena izan da, hamaikagarren minutuan, eskuin aldetik heldu den erdiraketa Monrealek buruz errematatu duenean, baina Iraizozek gaurkoa egun ona izango zela iragarri du baloia desbideratuz. Jarraian Muniainek goregi jaurti du eta hortik gutxira Llorentek ere lekutara ezkerrez.

Norgehiagoka irekia zen oso eta aukerak, garbiegiak ez ziren arren, ate bietan ikusi ahal izan ditugu. Adibidez Sorianok Monrealen erdiraketa kanpora errematatu du; Susaetak korner jaurtiketa zuzena langara bidali du, atezaina begira zela eta gero Llorentek ez du gutxigatik errematatu, jada hogeigarren minutua zen. Masoudek gero ez du angelurik topatu eta 26an Juanfranek boleaz kanpora jaurti du.

Gure txandan Llorentek buruz 29garrenean falta erdiraketa kanpora errematatu du Ricardo geldirik zela. Susaetak beste falta bat jaurti du eta Ricardok, oraingoan bai, ukabilez urrundu du. Llorentek buruz 37garren minutuan burukada behartua kanpora bidali du talde jokaldi polit baten ostean.

Halaz ere, abagunerik argiena 44. minutuan Llorentek izan du. Korner jaurtiketa aterantz buruz zuzendu du, Monrealek ahal izan duen moduan urrundu eta aldaratzea Gurpegik lehen eta Muniainek gero ezin izan dute barrura bidali. Atsedenaldia arte nabaria zen estrategiaren garrantzia gure joko erasokorrean, baina azken unera arte ez da benetan nozitu zein garrantzitsua den arlo hori ongi lantzea, batez ere parekotasuna nagusi den partidetan.

Bigarren zatian gauzak ez dira gehiegi aldatu. Javi Martinezen ezkerkada Ricardok harrapatu du eta gauza bera gertatu da ondoren boleaz jaurti duenean. Bazirudien Athletic ekimena eramatera irten zela, baina partida moteldu da. Amorebietak txartela ikusi du, lehen Puñalek bezala eta gero Monrealek. Zurigorriek nahi zuten, Osasunak etxekoen urduritasunarekin eta harmailaren hoztasunarekin jolastean ari ziren bitartean.

Caparrosek Gabilondo Susaetaren ordez sartu du 62garrenean eta Muniain eskuinaldera pasa da. Hortik gutxira zaleek eta jokalariek Flañok Toquerori eginiko balizko penaltia eskatu dute. Baietz bazirudien, baina ez zen hainbesterako izango prentsa aretoan inork ez baitio horretaz Toquerori galdetu.

Dinamika horretan Javi Martinezek boleaz gora jaurti du eta Iraizozek 67garrenean geldiketa bikaina egin dio Juanfrani. Horixe izan da bigarren zatiko abagunerik argiena, ostean Damiak langa gainetik egin duen jaurtiketarekin batera.

Ordu laurden bat falta zen lehia amaitzeko. Pandiani Sorianoren ordez irten da, David Lopez Toqueroren tokian eta Muniain Llorenteren bizkarrera pasa da. Une horretan irabazi ezin duzunean berdinketa txarra ez dela pentsatzen zuen bat baino gehiagok.

Bost minutu falta zirela Ion Velez Muniainen ordez zelairatu da, Vadocz Masouden ordez eta jada luzapenean Camachok Nelson, denbora galtzearren, zelairatzeko prest zela David Lopezek atera duen kornerra Gurpegik buruz lehen zutoinean primeran errematatu du. Ez da lehengo aldia Gurpegik hor errematatzen duela, ezta lehenengo aldia denboraldi honetan hortik Osasunari gola egiten diotela… Titularrean diogun moduan beste bideak itxita daudenean estrategiak bere fruituak ematen ditu. Ez da garaipen makala Anoetan gu bezainbeste puntu daukan arerioaren aurka asteko bigarren derbiari ekiteko. Aste honetan gaiaz aldatuko dugu. Golik hartu ezean, etxetik kanpoko lehortea izango dugu izpide.