Real Sociedad - Athletic Club
Jardunaldia 14
Liga

Real Sociedad - Athletic Club

Real Sociedad
Real Sociedad
20
Athletic Club
Athletic Club
  • 25' Xabi Prieto (p.)
  • 47' San José (b.a)

KokapenaAnoeta , Donostia

Lehenbailehen ahazteko norgehiagoka

Real Sociedadek 2 – Athletic Clubek 0Athletic Clubek 2-0 galdu du Real Sociedaden aurka. Prietok,…

Athletic Club

Real Sociedadek 2 – Athletic Clubek 0



Athletic Clubek 2-0 galdu du Real Sociedaden aurka. Prietok, penaltiz, eta San Josek bere atean golak sartu dituzte. Ohikoa zen beste derbia itzuli da ia lau urte pasa ondoren eta, bigarrenez denboraldi honetan, Athletic Cluben bisitaldia urteko sarrerarik onena izan da, aurrekoan Real Madrilekin gertatu zitzaigun bezala. Talde garrantzitsua izatearen abantaila omen, harrera beroan, orain arteko Ligan izan dugun gogorrena, ikusi den moduan, eta horrekin konformatu beharko, zoritxarrez zelaian ez da baita isladatu.

Tamalez, etxekoek gure hasiera ona minik gabe gainditu dute eta ia ezerezetik abantailaz ipini dira. Lehen zatikoa gutxi balitz, bigarren zatiko lehen jokaldian baloia gure atean sartu dugu eta inpotentziak donostiarren defentsarekin bat egin du.

Gainera, egun batzuk nolakoak diren frogatzeko aukera izan dugu. Batzutan altxatzea ere merezi ez dela esan ohi da eta San Josek horixe bera pentsa dezake gaurkoan, minutuak aurrera joan ahala gauzak okertzen joan baitira… Bigarren minutuan ezkerrez jaurti du korner baten jaurtiketa eta Bravok kornerrera desbideratu du eta hortik aurrera dena okertu da.

Real Sociedad normalean erasokor irtetzen da, baina gure taldea nagusi izan da lehen txanpa horretan, partida irekia disimulorik gabe proposatuz. Zurigorriak nagusitu dira eta Gabilondok gurutzatuegi jaurti du 14garren minutuan. Real Sociedadek baloi luzeak bilatzen zituen eta kontraerasoan min egin, baina penaltiz aurreratu dira 24. minutuan burukada batek San Joseren besoan jo eta gero. Zalantzarik bako penaltia, Xabi Prietok paradinhaz lagunduta jaurti duena. Epaileak errepikatzera behartu du eta txartela atera dio, baina bigarren saiakeran ez du hutsik egin.

Ez du gehiegi iraun etxekoen lasaitasunak eta, gainera, norgehiagokak ikusteko behintzat bizitasuna eskaintzen zuen. Gurpegik buruz 31garren minutuan kanpora errematatu du eta 32garrenean Susaetak faltaz gutxigatik kanpora ere. Real Sociedadek ez zuen gehiegi behar eta noizbehinka hurbilzen zen, inork errematatu ez duen Griezmannen korner jaurtiketa zitalarekin egin duen moduan.

Llorentek, gureak, ezkerrez kanpora errematatu du 37garrenean eta etxekoak, berriro ere ia espero gabe, lehia bideratzeko tenorean egon dira. Griezmannek Iraizozekin jauzi egin du, epaileak ez du faltarik seinalatu eta baloia hortxe bertan aurkitu du bakar bakarrik ezkerrez zutoinera errematatzeko. Jarraian, ia tragu txarra irensteko denborarik gabe, Susaetaren eskuinkada gutxigatik kanpora abiatu da.

Atsedenaldian bat eta zero galtzen, baina zentzazioa ez zen txarra, zerbait egiteko aukera zegoen eta. Bigarren zatiaren hasieran Toquero Gabilondoren ordez zelairatu da eta Muniain, bigarren aurrelari bezala hasi dena, ezker aldera pasa da.

Hala eta guztiz ere, asmo on guztiak berehala desagertu dira, 48. minutuan Prietok eskuinaldetik egin duen erdiraketa San Josek bere atean sartu duelako, bigarrena eginez. Falta zitzaiona gizajoari.

Ia bigarren zati osoa jokatzeke zegoen, baina etxetik kanpo gure taldea ez dago, oraingoz behintzat, erakustaldiak egiteko. Real Sociedad gero eta lasaiago zegoen eta gure ezintasunaz baliatu da atzean sendo egoteko, ez zuen inolako arazorik ezta inolako lotsarik baloi jabetzaz ahazteko, baloia edonora urruntzeko eta zurigorrien ahuleziak kontraerasoetan aprobetxatzen saiatzeko.

Griezmannek faltaz abagunerik garbiena izan du, baina Iraizozek kornerrera primeran urrundu du. Caparrosek aulkia mugitzen segitu du: Orbaiz Aurtenetxeren ordez zelairatu ondoren Gurpegi ezker lateralera pasa da 58garren minutuan. Gure Llorentek buruz kanpora errematatu du eta beste Llorentek ere, 63garrenean, antzeko burukada argia gora bidali du. Muniainek arrasean jaurti du Bravoren eskuetara eta 72. minutuan Susaetaren jaurtiketa-erdiraketa ez du Toquerok gutxigatik errematatu. Labaka Zurutuzaren ordez eta Iturraspe Javi Martinezen ordez hurrengo aldaketak izan dira.

Athleticek ez du etsi, baina presaka eta korrika ari zen, ia hegaleko jokurik gabe eta Llorenteren inguruan Lasartek prestatu duen armiarma-sarea apurtzen Orbaiz saiatu da urrutitik egindako jaurtiketen bitartez eta horrelako batean Bravok kornerrera langa gainetik desbideratu du. Ostean ere Llorentek buruz beste abagune bat izan du…

Gainera, aurrekoa gutxi balitz eta aldaketa guztiak egin eta gero, Iraola minduta zegoen eta Toquero atzera pasa da, Iraola herrenaren gola egiten saiatzen zen bitartean, baina ezta horrela ere. Azkenean, partida galtzeaz gainera, lehendabizikoz golik sartu gabe geratu gara. Ez zen egunik onena ohitura ona uzteko, baina ezin diogu errurik bota ezta hego haizeari ere. Espanyolen aurka bolada onari ekin beharko.