Levante UD - Athletic Club
Jardunaldia 16
Liga

Levante UD - Athletic Club

Levante UD
Levante UD
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 21' Caicedo
  • Gabilondo 10'
  • J.Martínez 73'

KokapenaCiutat de València , Valencia

Etxetik kanpoko bigarren garaipena urtea amaitzeko

Levante UD-k 1 Athletic Clubek 2Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Levante UD taldeari. Azkenik etxetik…

Athletic Club

Levante UD-k 1 Athletic Clubek 2


Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Levante UD taldeari. Azkenik etxetik kanpoko bigarren garaipena eskuratu da Gabilondo eta Javi Martinezen golei esker eta gure taldea goiko postuetan egoteko pausoak ematen segitzen du denboraldi honetan lehendabizikoz partida bi elkarren segidan irabazi eta gero. Ez da norgehiagoka ikusgarria izan, baina zurigorriek etxekoen erasoak gainditu dituzte, batez ere bigarren zatiaren hasieran eta luzapenean. Halaber zehazteke dagoen Llorenteren lesioa jazo arren, zelai erdiko jokalariek estrategiari etekin handia atera diote.

Hasierako hamaikakoan Ocio, Ustaritz eta Castilloren presentzia nobedaderik nabarmena izan da, baita 4-1-4-1 sistema ere, Orbaiz atzelarien aurretik, Lopez, Martinez, Gurpegi eta Gabilondo aurretik eta Llorente bakarrik aurrean. Atzeko lerro berrituak eta, jakina, talde osoak lehen minutuetan zailtasunak izan ditu etxekoen presioa gainetik kentzeko, Levantek aukerarik sortu ez duen arren.

Gainera, taldeak erremediorik onena goiz topatu du, hau da, gola, hamargarren minutuan hain justu ere. Horretan Gabilondok faltaz, maisuki, 0-1 lortu du, bere denboraldiko bigarrena, kronika idazteko orduan orain arte Ronaldorekin batera Ligan bitan egitea lortu duen jokalari bakarra.

Athletic lasaitu da eta arerioak ez du modurik aurkitu min egiteko. Momentuz. Halaz ere, gauzak okertzen hasi dira Llorente lesionatu denean 18garrenean. Toquerok bere tokia hartu du. Okerragoa izan da 21garren minutuan gertatu dena, Caicedok baloi inozoa aprobetxatu du zalantzaz beteriko Iraizozen irteeraeta baloia oin puntaz saretara bidaltzeko.

Golaren ostean une txarrak itzuli dira gurera. Esaterako 32. minutuan Xisco Nadalek buruz desbideraturik errematatu du eta bi minutu beranduago Juanluk aukera garbia izan du, ezkerrez txarto errematatuz. Caparrosek marrazkia aldatu du. David Lopez bigarren aurrelari moduan ipini du, Gurpegi eskuinaldera pasaraziz eta Orbaiz Martinezen parean kokatuz.

Minik gabe atsedenaldira heldu gara, baina bigarren zatiaren hasiera etxekoen aldirik onena izan da, hainbat abagune sortuz. Lehena 47garren minutuan, Ociori txartel horia atera diotenean baloia eskuz ia marran bertan mozteagatik. Iraizozek, oraingoan bai, baloia harrapatu du Rubenen jaurtiketa zitala zen eta. Arrisku gehien sortu duen Caicedok buruz kanpora gutxigatik errematatu du 50. minutuan, Susaeta David Lopezen ordez irten baino zertxobait lehenago. Ostean, 56garrenean, Ociok Levantek buruz erremataturiko baloia atepetik kornerrera bidali du.

Azkenik euriarekin batera gure aukerak ere heldu dira eta presioa arindu da. Adibidez Susaetak abagunea izan du 59garrenean, baina Reinaren eskuetara bidali du baloia loratu guran. Levantek bere lehen aldaketa 62garrenean egin du, Xisco Xiscoren ordez.
Athletic agintzera pasa da, baina nagusitasuna baloi jabetzan baino ez isaladatzen, Levantek aukerak sortzen segitu baitu, ez gehiegi, eta gainera kontraerasoan, 71garrenean Iraizozek Orbaizekin tupust egin eta gero, baina Castillok baloia aldentzea lortu du. Segituan Rubenek kornerra langara bidali du.

Partida jada zoramena zen eta transizio azkarrak zirela medio baloia area bietan zegoen. Horrelako batean Javi Martinezi falta egin diote area parean. Gabilondok erdiratu du eta Javi Martinezek, buruz, bigarrena ezarri du. Helburua gertuago zirudien.
Une horretan Stuani irtetzeko prest zegoen eta Rubenen ordez zelairatu da. Zailena etxetik kanpo, aurrea hartzea, egin eta gero, hurrengo aukera Susaetak izan du 74garrenean eta Reinak, arrasean, aldendu du baloia.

Etxeko aldaketak amaitzeko Sergiok, 76garrenean, Pallardoren tokia hartu du eta Sergiori berari 82. minutuan gola baliogabetu egin diote, jokoz kanpo zela eta. Arauzko denbora amaitzeko lau minutu falta zela, Iturraspe Orbaizen ordez zelairatu da eta txartel horia ikusteko ere denbora izan du. Ez zirudien garaipena eskuratzeko arazoak egongo zirenik, laugarren epaileak bost minutuko luzapena adierazi duen arte.

Puntuak garesti ordaintzen direla agerian geratu da. Juanfranek buruz langa gainetik errematatu du, Susaetak aurreko abagunean bezala Reinari lana berriro ere eman dio eta susto ikaragarria hartu du 94garrenean Caicedok buruz kanpora errematatu duenean. Hala eta guztiz ere, ahalegina merezi izan du eta horrelako partidak irabaztea goiko postuetan amaitzeko ezinbestekoak dira edozein denboraldian, eta horretarako hemerotekak daude.

Eta Ligatik Kopako joanekoa, asteartean bertan, ahul samar dabilen Bartzelonaren aurka…