Málaga CF VS Athletic Club 2011-1-8 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
18. Jardunaldia

Málaga CF1 : 1Athletic Club

Demichelis80'
J.Martínez93'
Laburpen bideoa
Estadioa
La Rosaleda
Herria
Málaga
Data
08/01/2011
Ordua
18:00
Data eta ordua
2011-1-8 - 18:00

Estrategian ere parekotasuna nagusi

Malaga CF-k 1 -Athletic Clubek 1Athleticek puntu bat erdietsi du Malagan bana berdindu eta gero….

2011ko urt. 8a

Malaga CF-k 1 -Athletic Clubek 1


Athleticek puntu bat erdietsi du Malagan bana berdindu eta gero. Demichelisek egin du buruz andaluziarren gola partida amaitzeko hamar minutu falta zirela eta luzapenaren azken uneetan Javi Martinezek, buruz ere, berdinketa ezarri du. Partida borrokatua izan da oso, zati bietako hasieran zurigorriak izan dira nagusi, baina minutuak aurrera joan ahala etxekoak gehiago estutu gaituzte.

Azkenean Kopatik at geratu ondorengo ajea puntuak urratzen gainditu da eta Ligako bolada onari eusteko aukera dago etxean elkarren segidan jokatuko diren datozen bi partidetan, Racing eta Herculesen aurkakoak hain justu ere.
Gure taldean Borja Ekizaren debuta azpimarratu beharko genuke eta baita San Joseri erakutsi dioten bosgarren txartel horia.

Kontrakoa espero bazen ere, hasiera indartsua gure taldeak izan duena, etxetik kanpoko partidatan lehen minutuak garrantzitsuak baitira, batez ere lehiari azkarregi aldapaz gora ez ekiteko. David Lopezek faltaz jaurti eta Asenjok baloia harrapatu du, “salbuespena” izan da esferikoak jabe bakarra baitzeukan. Athletic Club nagusi zen, gehiegiko sakontasunik gabe bada ere eta Malagak baloi luzeak defentsaren bizkarra bilatzeko eta estrategian ipinten zituen bere indar ia guztiak eta hor, estrategian, egon da norgehiagokaren giltza.

Hamaikagarren minutuan Iturraspek ezkerrez jaurti du eta Asenjok kornerrera desbideratu du eta Llorentek 13garrenean Javi Martinezen erdiraketa errematatzera behartuta heldu da.

Ordu laurdenetik aurrera Malaga sartu da norgehiagokan eta ekimena eskuratu du. Mtiligak kontrol luzeegia egin du 18garrenean Iraizozen aurrean zela. Duda eskuinaldera mugitu da eta Apoño ezkerraldera, biak Maresca eta Camachoren inguruan. Halaz ere, den dena Dudaren inguruan mugitzen zen.

Arriskurik gabe igaro da denbora, baina 25garren minutuan Iraizozi baloiak ihes egin dio eta aldaratzea Apoñok langa gainetik errematatu du. Segituan Javi Martinezen erantzuna hedu da, baina erdiratu beharrean jaurti egin du eta Asenjok erraz harrapatu du. Dudak, nola ez, jaurti du ezkerrez eta Iraizozek kornerrera desbideratu du.

Lehiak moteltasunarekin harremanik ez zuen oro zeukan. Camachori txartel horia atera diote 31garrenean. Javi Martinezek ezkerrez kanpora jaurti du. Iturraspek txartel horia ikusi du 38garrenean, Apoñok beste aldaratze bat errematatuz aukera ona izan du 41garren minutuan, baina Iraizozek kornerrera bidali du bolea. Panorama ikusita, atsedenaldira horrela heltzea zirudien helbururik gertuena eta halaxe izan da.

Aldageletatik bueltan, lehen zatiko joera errepikatu da eta zurigorrien txanda izan da. Muniainek bigarren zatiko lehen aukera izan du 51garrenean, abagune bikaina, baina atzelariari izkin egin eta gero, Asenjok atzamarra sartu du kornerrera desbideratzeko. Athletic gehiago zen hasiera honetan ere. Dena den, gauza guztiak ia mimetikoki errepikatzen ziren, Athleticen agintearen ostean, Malagaren bultzada, txartelak ongi banaturik ere, kasu honetan Demichelisek eta jarraian San Josek horia ikusi baitute. Gure jokalariaren kasuan zikloko bosgarrena da.

Pelegrinik lehen aldaketa egin du Reciok Marescaren tokian 56. Minutuan zelairatuz. Lau geroago De Marcos Iturrasperen ordez sartu da. Norgehiagoka area bien inguruan egotera pasa da, kontrol gehiegirik gabekoa. Etxekoek puntuak behar zituzten behetik ihes egiteko Bartzelona eta Valentzia bisitatu baino lehen eta zulo gehiago uzten zituzten. Athleticek puntuak nahi zituen espero eta merezi gabe Deportivoren aurka galdu zituenak berreskuratzeko eta, bide batez, Kopako zapore mingotsa ahazteko.

Eta lehia erritmoz segitu du. Muniainek txartel horia ikusi du falta arriskutsua egitean eta berehala jada prestaturik zen Gabilondo bere ordez sartu da azken hogei minutuak jokatzeko. Hortik gutxira Rondonek buruz aukera paregabea izan du, unerarteko garbiena agian. Zorionez burukada kanpora abiatu da. Javi Martinezen eskutik etorri da erantzuna, gaur ia beti legez, baina ezkerkada desbideraturik atera zaio. De Marcosek 73garrenean aukera izan du, baina azken unean Weligtonek hanka sartu du kornerrera bidaltzeko.

Txanpoia airean zegoen. Su-etenik gabe, Apoñorentzat izan da hurrengo abagunea 75garren minutan, eskuinaldetik zetorren erdiraketa errematatzean trabatu bada ere. Llorenteren burukada kanpora joan da 78garrenean De Marcosen erdiraketaren ostean. Husnako berdinketa, ehen zatian bezala, helburua bihur zitekeen, baina estrategiari etekina, beste behin ere atera dio Malagak. Laurogeigarren minutuan Dudak, beste behin ere, primeran jaurti du korner bat eta neguko merkatuan zuriurdinak indartzeko heldu den Demichelisek buruz bat eta zerokoa ezarri du. Iraizozek ikutu du eta, gura barik, atepean zegoen Orbaizen baloia aldentzeko ahalegina antzua izan da. Aipatutakoak ia automatikoki Igor Martinezi tokia utzi dio.

David Lopez zelai erdira pasa da eta taldea azken hamar minutuetan betiko adorearekin eta indarrak ahitu arte aritu da. Azken unean, hainbat alferrikako saiakera egin ondoren, Gabilondok falta jaurtiketa arearantz bidali du eta hor zeuden jokalarien artean, esaterako bi gizon ipini dira Iraizoz propio markatzeko, Javi Martinezek buruz banakoa ezarri du. Saria ahaleginerako, aste gogor bat baikortasunez amaitzeko. Ea lehen itzulia baikortasunez ere amaitzen dugun.

Malaga CFk honako hamaikakoa zelairatu du: Asenjo; Gamez, Demichelis, Wellington, Mtiliga; Camacho, Maresca, Apoño; Quincy, Rondon eta Duda. Aulkian Arnau, Fernando, Seba F.M. Kris, M. Gaspar, Juanmi eta Recio egongo dira.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Koikili; David Lopez, Javi Martinez, Orbaiz, Muniain; Iturraspe eta Llorente. Aulkian Raul, De Marcos, Gabilondo, Gurpegi, Ocio, Castillo eta Igor Martinez egongo dira.

Epailea Velasco Carballo izan da.