FC Barcelona - Athletic Club
Jardunaldia 24
Liga

FC Barcelona - Athletic Club

FC Barcelona
FC Barcelona
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 3' Villa
  • 77' Messi
  • Iraola (p.) 49'

KokapenaCamp Nou , Barcelona

Talde on baten irudiak ez du punturik ekarri

Bartzelonak 2 – Athletic Clubek 1Athletic Clubek 2-1 galdu du Camp Nou futbol zelaian FC…

Athletic Club

Bartzelonak 2 – Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 2-1 galdu du Camp Nou futbol zelaian FC Bartzelonaren aurka. Villak eta Messik egin dituzte etxekoen golak eta Iraolak penaltiz zurigorriena. Ezin izan da eta egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira. Ez da ere alferrik aipatu Barçaren aurka punturen bat urratzeko, eta are gehiago Camp Noun, dena ondo egiteaz gainera, zorte eduki behar genuela eta etxekoek ohi baino gehiago huts egin. Hasiera, zentzu horretan, tamalgarria izan da oso, hirugarren minutuan urdin-gorriak markagailuan aurretik baitzeuden. Villak bat eta zerokoa egin du, Alvesek, jokoz kanpo zela, atzera egin duen erdiraketa zetorkion moduan errematatu ondoren.

Ezkorrenek kontrako golkada sumatzen zuten, baina gure taldea ez da kikiltzen horietakoa eta Bartzelonak garaipena erdiesteko, betiko lez jardun behar izan du. Jakina zen Guardiolarenek ekimena eramango zutela, baloi jabetzaz baliatuko zirela eta Pintorengana iristea zaila izango zela oso. Hala eta guztiz ere, epaileak azken txistua jo arte, lasaitasuna ez da izan gaur liderrak bizi ahal izan duen zentzazioa. Erantzuteko orduan, Susaetak buruz errematatu du Llorenteren erdiraketa eta Pintok ukitu duen arren, ez da kornerra seinalatu. Gure jokalariak protesta egin du, ez dakigu kornerra eskatzen edo behar bada bultzatuta izan delako. Hamaikagarren minutua zen eta partidak zeukan erritmoa ez da baretu ia partida osoan zehar.

Athleticek, Iturraspe, Susaeta, Gabilondo eta Amorebietaren presentziarekin, baloi luzeak hobesten zituen, zelaian lekua mantentzen ari zen bitartean, garrantzitsua baitzen oso lehian bizirik segitzea, bigarren zatian argi ikusi den bezalaxe. Koikilirentzat izan da partidako lehen txartel horia eta Villarentzat hurrengo aukera, baloi loratua langara bidaliz 26garrenean.

Dinamika horretan Iraolak bere bosgarren txartel horia ikusi du eta ez da egongo Valentziaren aurka. Ziurrenik De Marcosek jokatzeko aukera izango du hemendik astebetera. Alvesek horia ikusi du ere eta lehen zatiko azken txanpan gure taldeak aurrerago egin du presioa eta berdintzeko abagune argia izan du. Gabilondok ezkerretik erdiratu du eta Llorenteren burukada ederrari Pintok erantzun paregabea eman dio. Pena, batez ere atsedenaldirako oso gutxi falta zelako eta, nagusitasuna etxekoa bazen ere, aukeren kopuruari dagokionez, norgehiagoka orekatuago zegoelako, 43. minutuan Villak langa gainetik errematatu duen arren.

Partida egon, bazegoen, eta bigarren zatiari ekiteko, Caparrosek Toquero Iturrasperen ordez sartu du. Barçak agindu gura zuen, baina gola zurigorria izan da. Oso goiz gainera. Llorentek aurrea hartu dio Busquetsi eta horrek zangotrabatu egin dio 49garrenean. Txartel horia Busquetsentzat, gorria izan zitekeena, nahiz eta Busquetsek berak partidan zehar hiruzpalau ikusteko meritoak egin, baina epaitzea zaila denez gero, horra hor miraria. Eta Pinto Javi Martinez urduritzen saiatzen ari zen bitartean, Iraolak baloia hartu du banakoa ezartzeko eta, bide batez, beste partida berri bati hasiera emanez.

Txartelak ez dira hor agortu eta hurrengo horia Piqueri erakutsi diote, gure jokalariek gorria eskatzen zuten arren, Toquero eta atearen artean ez baitzegoen inor gehiagorik. Gabilondok faltaz Pintori lana eman dio eta Athletic Bartzelonaren zelaian behin baino gehiagotan sartzen zen, horrek zekarren arrisku guztiekin. Eta arriskuak arrisku, arestian aipatu den bezala, oraingo honetan Busquetsek sortu du hurrengoa 56garrenean buruz kanpora errematatuz.

Joan eta etorri, baloia lapurtu, galdu,zirrikituak itxi, presionatu, hegal batetik bestera, izugarrizko lana egin dituzte gure jokalariek etxekoen balizko krisialdia sakontzeko, baina alferrik izan da. Bartzelonak ez du erritmoa jaitsi eta gainera epaileari presio gehiago sartu dio guzti guztia protestatzen zuen zalegoaren eskutik. Jokaldirik eztabaidagarriena Messiri eginiko penaltia izan da. Hirurogeigarren minutua zen, argentinarrak jokaldi bikaina egin du eta azken unean Martinezek izterra sartu dio. Penaltia ote zen? Ramirez Dominguezek ez du seinalatu eta keinu nabarmenak egin ditu jokoa segi zezan.

Urduritasuna hedatzen hasia zen Camp Noun. Maxwell Mascheranoren ordez zelairatu da bost minutu beranduago, Busquets zelai erdira eramanez, bertan txartel berri bat eskuratzeko meritoak egiten segi zitzan, eta Abidal zentral moduan ipiniz. Barçak soka are gehiago tenkatu du eta Iraizozek Villari esku oso ona atera dio 70. minutuan. Aitzitik, gure taldea ez da etorri irudia salbatzeko, eta hiru puntuak eskuratu nahi zituen Muniain Gabilondoren ordez sartuz. Tamalez ez da Alvesen gosea horrela ase eta 77garren minutuan bere enegarren erdiraketa egin du Messik 2-1 egin zezan, eta egin du…

Hortik amaiera arte, logikoa zenez, hutsunerik handienak agerian geratu dira. Iraizozek Messiri geldiketa bikaina egin dio, 83garrenean Keita Villaren ordez sartu da eta David Lopez Susaetaren tokian, Muniain eskumara mugiaraziz. Iraizozek Iniestaren aurrean baloia ukitu du eta Barçak erlojuari begira egon da, baina puntuak etxean geratu dira. Azken finean, punturik gabeko irudi ona eta, berririk pozgarriena, bosgarren postuan segitzen dugu Valentzia mendean hartzeko itxaropenarekin.