Getafe CF - Athletic Club
Jardunaldia 28
Liga

Getafe CF - Athletic Club

Getafe CF
Getafe CF
22
Athletic Club
Athletic Club
  • 58'84' Manu
  • Manu (b.a) 69'
  • Urko Vera 93'

KokapenaColiseum Alfonso Pérez , Getafe

Emaitzarik lojikoena azken unean heldu da

Getafek 2 Athletic Clubek 2Getafek eta Athletic Clubek bina berdindu dute Alfonso Perezen. Manuk, bi…

Athletic Club

Getafek 2 Athletic Clubek 2


Getafek eta Athletic Clubek bina berdindu dute Alfonso Perezen. Manuk, bi aldiz, etxekoen golak sartu ditu eta Manuk berak, bere atean, eta Urko Verak gure taldearenak. Gol guztiak bigarren zatian heldu dira, joko gutxi eta azken minutuan emozio asko izan duen partidan. Azkenik zurigorriak seigarren daude eta zortzigarrenarekiko aldea mantentzen dute, gutxi ez dena inoiz irabazi ez dugun zelaitik pasa ondoren. Orain, behintzat, lau aldiz punturen bat atera dugu eta hirutan ez.

Lehen zatian norgehiagoka eskasa izan da oso, eta jokoaren kontrola zein aukerak salbuespena bihurtu dira. Minutuak aurrera joan ahala, eguraldi desatseginak, euria eta haize boladak, ez du batere lagundu eta kontatzeko oso gutxi egon da. Albinek 8garrenean ezkerrez jaurti du eta Iraizozek kornerrera baloia bidali du. Horixe izan da etxekoen abagune bakarra lehen zatian.

Gure aldetik zaleen presio etengabea izan duen Muniainek langa gainetik eskuinez jaurti du 13garrenean, hortik gutxira Sanchezen sarrera Muniaini txartelik gabe geratu da eta lehia desatsegina izaten segitu du. Llorentek desbideraturik jaurti du eta baloi luze bakoitzean azpitik kamiseta gorria zeramala erakusten zuen Catak, baina baita ere erne dagoen zentrala dela, Gurpegik 41garren minutuan aukera izan duenean legez, atzelariak azken unean oina sartu baitu gola ekidinez. Ostean Albinek faltaz desbideraturik kanpora jaurti du lehen zati eskasari amaiera emateko.

Azken minutuetan partida animatu (edo zoratu) bada ere, laburpen gisa talde biren huts egiteak bata bestearen atzetik pilatu direla esan daiteke: kontraerasoetan azken pase indartsu edo bigunegiak, baloi jabetza laburrak, zehaztasun gutxiko paseak etab.

Orbaiz Gurpegiren ordez zelairatu da bigarren zatiari begira. Aldi honetan gauzak aldatu dira eta gutxienez aukerak agertu dira. Tamalez, Athletic ondo egon den bakoitzean, etxekoen golak heldu dira. Hasteko Riosen erdiraketa zitala izan da lehen abagunea, baina are argiagoa izan da Susaetarena 53garrenean, baina bere ezkerkadak Codinak harrapatu du. Hortik gutxira Caparrosek Susaeta hegalera mugitu du eta De Marcos aurrera eta 57garrenenean Athleticek beste abagune aparta izan du, Muniainen erdiraketaren ostean Llorentek buruz errematu duenean, baina Codinaren geldiketa ona izan da.

Ikuspegia lehen zatikoa baino hobeagoa zen, baina hurrengo jokaldian Getaferen gola heldu da. Albinek ezkerretik baloia San Joseri lapurtu dio, ateko marratik pasea atzera egin du, baloia solte geratu da area txikian eta Manuk sareetara bidali du. Ia automatikoki zurigorriek estrategiaren aldeko apustua egin dute eta prest zeuden Urko Vera eta David Lopez zelairatu dira 61garrenean De Marcos eta Susaetaren ordez.

Getafek partida itxi nahi zuen, baina zorionez 70garren minutuan David Lopezen falta jaurtiketa Manuk berak orraztu du eta baloia barrura abiatu da, banakoa ezarriz eta partida berria irekiz. Athletic animatu da, baina berehala gauzak baretu dira, etxekoek arriskurik sortu barik segitzen bazuten ere. Michelek Casquero Parejoren ordez sartu du eta Sardinero Riosen ordez, Manu eskuinaldera eramanez eta ondo atera zaio, azken honek hortik behin behineko abantaila eskuratu baitu zartako bikain baten bitartez.

Dena den, hori gertatu baino lehenago, 80. minutuan, Muniainek Urko Veraren pasea eskuratu du, abiaduraz aurrera joan da, baina angelu gutxirekin ezin izan du Codina gainditu. Ikerrek berak aukera izan du partidaren gaiztoaren motxila bizkar gainean eroatea zer den eta komunikazioaz asko omen dakien Casquerok agiria utzi dio, kiroltasunez jakina, prentsaurrekoetan zer esatekorik izan zezan. Atheticek zeukan partidaren kontrola eta etxekoen aldetik Borja Albinen ordez sartu da.

Aitzitik, aurrekoan bezala, Getafek gola egin du eta, nola ez, egilea Manu izan da. Bere taldeak kontrako aldetik errazegi garraiatu du baloia eta hark, ezkerrez, gol bikaina egin du 84garrenean, hat-trick berezi honen okerrena, amaitzeko oso denbora gutxi falta zelako eta oraingoa gure kontran izan delako.

Zorionez Athleticek, joko gehiegirik ez zuen arren, ospea eman dio grina atera du puntu garrantzitsu bat eskuratzeko. Denboraldi honetan hil edo bizikoak dira gure taldearen norgehiagokak, baina hirugarrenez berdinketa heldu da. Espero zen bezala, estrategiak garrantzia izan du, azken erasoan ere. Epaileak luzapen eskasa eman du, baina gure taldeak etekina atera dio.

Azken unean, azken kornerrean, Gorka Iraizoz bera ere arerioaren arean zela, David Lopezek erdiratu du eta hasieran Iraizozek berak erremategilea zela bazirudien arren, bere azpitik zegoen Urko Verak unerik aproposena aukeratu du Athleticarekin lehendabiziko gola sartzeko eta, bide batez, europar ilusioak bere horretan mantentzeko. Igandean erronka latza, Vila-realen aurkakoa, baina aldi berean erakargarria izango da hamar jardunaldiko azken txanpari ekiteko.