Athletic Club - Villarreal CF
Jardunaldia 29
Liga

Athletic Club - Villarreal CF

Athletic Club
Athletic Club
01
Villarreal CF
Villarreal CF
  • Marco Ruben 58'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Arerioak bere unea aprobetxatu du

Athletic Clubek 0 Vila-realek 1Athletic Clubek 0-1 galdu du Vila-realen aurka. Marco Rubenek sartu du…

Athletic Club

Athletic Clubek 0 Vila-realek 1


Athletic Clubek 0-1 galdu du Vila-realen aurka. Marco Rubenek sartu du gola bigarren zatian. Gure taldeak egundoko ahalegina egin du eta ez da arerioa baino gutxiago izan, baina bisitariak bezainbeste abaguneak sortu dituen arren, esfortzu guztia alferrikakoa izan da eta Vila-realen atzeko lana inposatu egin da. Gauzak horrela, Ligako azken geldialdian europar postuetan mantentzen gara, baina sailkapena estutu da eta inork kontrakoa uste bazuen, azken partidaraino zaila izango da oso lehen zazpien sartzea Liga amaitzeko bederatzi norgehiagoka falta direnean.

Lehen abagunean partidako lehen argazkia ikusi ahal izan dugu. Erdiraketa ona, baina horien atzeko lerroak gure aurrelariak jokoz kanpo utzi ditu. Asmo horretaz gain, lehia orekatua izan da oso, ekimena Athleticek eraman du, presio ona eginez eta baloia behetik mugituz, hegalak bilatzen, bigarren zatian horrenbeste ez duen arren, markagailuak hala behartuta ere.
Vila-realek ezaguna den jokoa erakutsi du, baloi asko barrutik, baina aukerarik ez du Athleticek sortu, David Lopez zein Muniainen erdiraketa bana kenduta. Bisitariek are gutxiago izan dute. Athleticek ere bide guztiak ondo itxi ditu eta lehen zatiko gatza eta piperra epaileak ipini du, protagonismo osoa bereganatu du.

Ezin da esan, gezurra litzateke, epaileak markagailuan eragin zuzena izan duenik, baina horrek ez du esan nahi lan txukuna bete duenik. Kazetari batek Juan Carlos Garridori esan dio 22 falta Vila-realen alde seinalatu direla eta 5 aurka, hau da, gure taldearen alde. Alde nabaria, kanpoko entrenatzailea bere taldeak egiten duen jokoari “leporatu” dion arren. Betiko moduan Llorenteri eginiko markaketa zorrotza ez du eragin berezirik izan eta jokaldi batzuk argiak baino argiagoak izan dira eta ez da ezer ez adierazi. Askotan aipatu dugun moduan, arraroa da oso Lehen Mailan falta gehien seinalatzen dietenen artean egotea, baina tira.

Bigarren zatian, aldiz, kezka horrekin batera, abaguneak eta emozio handiagoak heldu dira. Lehena Muniainek desbideraturik 51garrenean errematatu duenean eta Cazorlak jarraian gauza bera egin du. Tamalez, kanpokoek lehendabizikoan asmatu egin dute eta Valeroren erdiraketa eta Rubenen burukada barrura joan da.
Athletic berehala erreakzionatzen saiatu da, baina David Lopezen pasea, ezkerrez gutxigatik kanpora errematatu du Llorentek. Ikuspegia jada bestelakoa zen oso eta Vila-realek toki gehiago zeukan. Adibide gisa Rossik eskuinez egin duen errematea, baina Iraizozek geldiketa bikaina egin du.

Urko Vera David Lopezen ordez zelairatu da 61. Minutuan eta Athleticek aukerak pilatzen segitu du jokoz kanpoko posizioan erori ez denean behintzat. Javi Martinezek buruz kanpora gutxigatik errematatu du eta Muniainek areaz kanpotik Diego Lopezen eskuetara. Burua estaltzeak oinak airean uztea zekarren eta eskerrak Iraizoz bikaian ibili dela Marco Rubenen aurrean eta segituan Cazorlaren zartakoa kornerrera bidaltzeko gai izan da.

Hortik aurrera Athleticek ekimen osoa izan du, baina ez du behar bezala kudeatu. Susaeta De Marcosen ordez zelairatu da 67garren minutuan, baina zaila zen oso. Halaz ere, aukerak egon dira. Lehena Susaetak izan du, baina Diego Lopezek kornerrera desbideratu du bana-banako jokaldia. Garridok Cani Cazorlaren ordez zelairatu du eta Urko Verak hurrengo aukera izan du Iraolaren pasea jaso ostean, baina atzelari baten gorputzean jo du. Norgehiagoka guztiz apurtu da eta Athletici historikoki gertatzen zaiona gertatu ez zaion arren, hots, kontraerasoan gol gehiago jaso, aurtengo denboraldian lehendabizikoz ez du golik sartu. Mariok lekutara egin duen jaurtiketa izan da arrisku bakarra.

Zurigorriek erasoan jo eta ke aritu dira. Gabilondo Koikiliren ordez sartu bada, aurkarien entrenatzaileak Kiko Valeroren ordez zelairatu du, partida hiru zentralekin amaitzeko eta gero taldea sendotu du Wakaso Rossiren ordez sartuz. Athletici berdin zitzaion, puntua, pasa den jardunaldian bezala, garrantzitsua zelako, baina ez da heldu. Abaguneak sortu dira, baina Diego Lopezek ederto ibili da Llorenteren burukada desbideratzeko eta Javi Martinezek bolea harrapatzeko. Gauzak horrela, etxetik kanpoko errendimendua hobetu beharko dugu, puntuak edonon atera behar direlako, azken partidetan San Mamesetik urrun txarto ibili garelako eta hurrengo partida Almerian tokatzen delako.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du Vila-realen aurka: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Koikili; De Marcos, Javi Martinez, Orbaiz, David Lopez; Munian eta Llorente. Aulkian Raul, Amorebieta, Ustaritz, Gabilondo, Susaeta, Gurpegi eta Urko Vera egon dira.

Vila-realek honako hamaikakoa zelairatu du: Diego Lopez; Mario, Gonzalo, Musacchio, Catala; B. Valero, Bruno, Marchena, Cazorla; Rossi eta M. Ruben. Aulkian Juan Carlos, Cani, Capdevila, Matilla, Kiko, Wakaso eta Iago Falque.