FC Barcelona - Athletic Club
Final zortzirenak
Kopa

FC Barcelona - Athletic Club

FC Barcelona
FC Barcelona
00
Athletic Club
Athletic Club

KokapenaCamp Nou , Barcelona

Lan ona defentsan pronostikoak apurtzeko

Bartzelonak 0 Athletic Clubek 0Bartzelonak eta Athletic Clubek 0-0 berdindu dute Camp Nou futbol zelaian…

Athletic Club

Bartzelonak 0 Athletic Clubek 0


Bartzelonak eta Athletic Clubek 0-0 berdindu dute Camp Nou futbol zelaian eta kanporaketa San Mamesen erabakiko da urtarrilean, taldeak defentsan izugarrizko ahalegina egin ondoren, hamaika partida golez margozten zeraman taldearen aurka. Faborito nagusitzat Bartzelona zuen norgehiagokari ekiteko, gure taldeak 4-4-1-1 aurkeztu du. Iraolak zelaian bertan ordubete lehenago bere burua probatu eta jokatzeko erabakia hartu ondoren, nobedaderik nagusienak aurrean egon dira. Igor Martinez aurrelari moduan zelairatu da, Iturraspe atzerago eta gero bi lauko lerro antolatu dira gola bizimodu bezala duenari aurre egiteko asmoz, hogeita bi partida elkarren segidan golak sartzen baitzeramatzan, eta ez gol bakarra partidako.

Bartzelonak hasieran “izar” nagusi bi aulkian utzi ditu, Messi eta Villa, baina zelaian zeudenak ez ziren herrenak eta, norbaitek zalantza izpiren bat baldin bazeukan, partidaren bilakerak etxekoek kanporaketa seriotasun osoz hartzen zutela agerian geratu da. Futbola horrela baita. Partida aurretik “talde gaindiezina”, “munduko talderik onena” edota, besteak beste, “historiako ekiporik hoberena”ren aurka jokatu behar genuen. Ostean, emaitza ona atera denez gero, nonbait egun txarra izan dutela entzun beharko dugu, baina helburua bete du taldeak, hau da, Kopan itzuliko partidara bizirik heltzea, San Mamesen balentriaren bigarren zatia, jada garrantzitsuena, osatu ahal izateko. Egun hauetan opariak egiten duen bakarra Olentzero da eta.

Espero zen bezala, Barçak baloia bereganatu du eta ez du askatu partida amaitu arte. Halaz ere, gure defentsako lanaren sendotasunak aukeren kopurua asko murriztu du, Guardiolaren taldearen azken asteotako estadistekin alderatuz behinik behin.
Bojanek jaurti du eta Iraizozek harrapatu du seigarren minutuan, horixe izan da lehen abagunea, baina ez jarraikortasunik izan. Baloiak norabide bakarra zeukan, baina gehienetan era horizontalean. Lehiako aukerarik argiena, batik bat jaurtiketa atera joan den ia bakarra izan delako, Iniestak izan du 25garren minutuan, areaz kanpotik eginiko jaurtiketaren bitartez, baina gaur sasoian zegoen Iraizozek kornerrera desbideratzea lortu du eta sakea Piquek buruz langa gainetik errematatu du. Iniestak apur bat altuago errematatu du 29garrenean eta Iraizozek berriz kornerrera bidali du.

Hortik gutxira Iturraspek keinu bikaina egin du arerio pare bat atzean uzteko, baina bere pasea Igor Martinezi luzeegia izan da. Iturraspek berak ezin izan du tajuz errematatu falta jaurtiketa bat eta Pintok harrapatu du. Javi Martinezi txartel horia atera diote 33garrenean, baina txartel hori eta beste batzuk ordaindu beharreko bidesaria zen, nahiz eta epaileak erakusteko orduan bestelako irizpideak erabili dituen.

Gure taldeak mehatzatu egin du, ez zen erakustaldietarako eguna, eta 36. minutuan Gurpegik buruz lehen zutoinean errematatu du, baina baloia kornerrera abiatu da. Eta baloiaren atzetik baina benetazko arriskurik izan gabe atsedenaldira heldu gara. Helburuaren erdia beteta, edo erdia betetzeke. Gainera, somatzen zena gauzatu da eta aldageletatik bueltan are handiagoa izan da Barçaren presioa.

Halaz ere, bigarren zatiko lehen aukera gurea izan da, Gabilondok gutxigatik ezin izan baitu errematatu Javi Martinezen erdiraketa, ia jarraian Xavik abagune garbi bat langa gainetik bidali duen arren. Guardiolak ez du gehiegi itxaron eta 53garren minutuan Messi Keitaren ordez zelairatu da. Gurean, Muniain Igor Martinezen tokian sartu da bi minutu beranduago eta hortik gutxira, egur gehiago Villa Bojanen ordez irten denean. Orbaizek Iturrasperen tokia hartu du 73garrenean eta tarte luze horretan Bartzelona leku guztietatik saiatzen ari zen min egiten, jokalarien kokapenak etengabe aldatzen joaten ziren, Alves ere Messiren presentziarekin gehigo animatu da, baina saiakera alferrikako lana bihurtu da.

Gero eta gutxiago falta zen eta azken ordu laurdenean ahalguztidunak estu hartu gaitu, baina ito barik. Xavik faltaz Iraizozen kokapena frogatu du eta 78garrean Villak kanpora errematatu du. Gainera, hegal bietatik sakontasun are gehiago lortzeko asmoz, Guardiolak Adriano Mascheranoren ordez sartu du. Dena den, azken aukera Piquek izan du 88garren minutuan, baina ezkerrez egindako errematea kanpora joan da.

Azkenean dena irekita dago, pronostikoak zioen baino irekiagoa, San Mamesekoari begira, baina inork ez dezala pentsa lehen baino errazago dagoenik, pauso bat eman da eta orain zailena, guztion artean, ematea falta zaigu final laurdenetan burua sartzeko.
Zorionak eta urte berri on!