Athletic Club - FC Barcelona
Final zortzirenak
Kopa

Athletic Club - FC Barcelona

Athletic Club
Athletic Club
11
FC Barcelona
FC Barcelona
  • 84' Llorente
  • Abidal 74'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Harrotasuna eta frustrazioaren artean

Athletic Clubek 1 Bartzelonak 1Athletic Clubek bana berdindu du Bartzelonaren aurka eta etxetik kanpoko golen…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Bartzelonak 1


Athletic Clubek bana berdindu du Bartzelonaren aurka eta etxetik kanpoko golen balio bikoitza dela eta, Kopatik kanpo geratu da. Abidalek eta Llorentek egin dituzte golak. Gure taldeak partida ona egin du, emaitza duina lortu ere, baina kanporatuta dago. Azken finean pena bat izan da.

Harrotasuna eta frustrazioaren arteko sentimendu kontrajarriarekin amaitu da lehia. Buruak azkar laburbiltzen dizu gertatutakoa: munduko talderik onenaren aurka tokatu behar, gehiengoak golkada pare bat hartuko dugula dio, beno defentsan lan ona eginez gero husnakoa behin gerta daiteke, baina itzulian erreserbarik gabe (joanekoak herrenak bailiran) erraz galtzera kondenaturik…. Eta etxeko partida bukatu ondoren… zelako ikuskizuna hasi baino lehen, Katedralean zein San Mamesetik at, zenolako giroa harmailetan, txistuak, animoak, oihuak, haserreak eta gaileta jaurtiketa negargarria, txaloak eta txistuak irizpide ezberdinarekin banaturik…

Eta zelaian beste berdinketa bat, golekin zoritxarrez, kale gorrian uzten gaituena munduko talde onenaren aurka kanporaketako bi partidetan galdu gabe, besteok, lurtarrok egiten ditugun moduan, abantaila gordetzeko beste atzelari bat ateratzera behartuz, atezaina denbora galtzen ikusiz eta denok batera, gure birtute eta akats guztiekin, gurean sortzen den giro paregabeaz gozatzen.

Hasierako hamaikakoetan ezusterik ez. Talde biak zeukaten guztiarekin irten dira eta. Barçak baloia eduki eta presioa egin nahi zuen, nobedaderik ez. Athletic sendo atzean, kontraerasoa eta baloi luzeak profitatuz. Azkenean Ocioren presentziarekin KDEB-k ez baitu bilerarik egin San Joseren aldeko helegitea aztertzeko, gure kluba defensa-gabezian utziz.

Eta jokoan ere ezusterik ez. Iraizozek zazpigarren minutuan Villaren burukada desbideratu du bien artean partidan gertatuko zena iragarriz. Une batez bazirudien katalunyar taldea erraztasunez helduko zenik. Ez da horrela gertatu, gure taldeak ere bere tokia eta distantziak hartu baititu.

Berehala aldeko aukera on bat heldu da, Susaetak lekutara 13garrenean Gabilondoren pase atzera jaso ondoren errematatu duenean. Gure aukerak gutxi izango zirela espero bazen ere, bisitarienak ez dira gehiegi izan. Apurrenetako bat 19garrenean gertatu da Messik buelta erdian errematatu ondoren Iraizozek arazorik gabe baloia harrapatu duenean.

Bitartean zaleak hemen lagunak utzi zituen Muñiz bertatik zegoela jabetu dira, Gurpegiri eta Toquerori, bigarren honetan arrazoi guztiarekin 25garrenean, txartel hori bana atera dienean. Jokoa orekatuta zegoen, ekimena urdingorria zen, baina eraginkortasuna ikusita parekotasuna zen nagusi. Esaterako Toquerok buruz Pintoren eskuetara errematu du eta Xavik langa
gainetik area marratik.

Xaviri berari txartela barkatu diote 36garrenean Susaetaren bikia atzetik zapaltzeagatik. Ai ospea! Atsedenaldian gure jokalariak, minduta, zelaia utzi behar izan du. Paradoxikoki Susaeta lesionatu duena txalo artean joan da bere entrenatzaileak aldatu duenean. Horrelakoa da San Mameseko zalegoa, hasieratik amaiera arte taldea sostengatzeaz gainera, ulertu ere egin duela, zenolako ahalegina eta, zergatik ez balentria, egin duen eskertuz.

Aldageletatik bueltan David Lopez Susaeta lesionatuaren ordez irten baino lehen, Pedrok ezkerrez desbideraturik errematatu du eta 44garrenean Gurpegik buruz kanpora ere. Bigarren zatiko hasierako txanda zurigorria izan da. Gorago egin dute presioa eta gorago hainbat baloi interesgarri berreskuratu dute. Koik urrutitik errematatu du eta Pintok harrapatu 47garrenean. Athletic erasotzaile agertu da, eta berez norgehiagoka irekitzen hasi da, pixkanaka bada ere.

Beste plano batean Busquetsi txartel horia atera diote “herriak” eskatuta eta baita Ustaritzi, “izarrek”eskatuta ere. Gaur bere azken eguna bizi izan duen soropilan berriro Guardiolak ordubeterako Iniesta Adrianoren ordez zelairatu du, txistu artean oraingo honetan, eta Keita ezker lateralera pasa da, baina ez nabarmen, Abidali lekua utziz min egin zezan Busquetsek atzean laguntzen zuen bitartean. Partida zoritxarrez gero eta irekiago zegoen.

Caparrosek bigarren aldaketa egin du, De Marcos Toqueroren ordez, 66garrenean. Llorentek aukera izan du eta gero Iraizozek irrist egin ondoren oinarekin kornerrera bidali ahal izan du Villaren jaurtiketa. Horiek izan dira Bartzelonaren unerik goxoenak, joku aldetik askatuago egon direlako eta gainera ia bere kirol ibilbide osoan golik egin ez duen Abidalek (hiru gaurkoarekin) ezkerraldetik sartuta bere partida onaren saria eskuratu du zorigaiztoko zero eta batekoa eginez. Partida amaitzeko ordun laurden bat baino ez zen falta.

Gure taldeak arnasa gutxirekin zegoen jada, baina berezia denez gero indarrak bildu ditu ahalguztidunaren zelaian zehar min egiten saiatzeko. Muniain Gabilondoren ordez sartu da. Presaren presaz Pintoren ingurura heltzen joan dira: Martinezek txilenaz kanpora errematatu du; Iraolak bolea bigunaren bitartez Pintoren eskuetara, 82garrenean bezala, baina Athleticek, beste birtute batzuren artean, nekaezintasuna eta perseberantzia dituenez gero, jo eta ke segitu du Llorentek berdinketa lortu arte eskuinez Iraolaren pasea jasoz. Bost minutu falta ziren eta San Mamesek sua hartu du, eta sutan baten bat erre daiteke eta Barçak Ligako partidan eskaini zuen eraginkortasuna ezin izan du gauzatu, besteak beste azken txanpan Iraizozek Villari banakako jokaldian geldiketa bikaina egin diolako.

Pena izan da, bai, baina harrotasuna frustrazioari gailendu zaio, norberak daukan guztia ematen duenean ezin zaiolako gehiago eskatu eta halaxe egin du gaur Athleticek. Urtea hasteko bi partida, bi emaitza eta zentzazio ona bietan, baina kanporaketarik gelditzen ez direnez gero, hemendik aurrera puntuak pilatu beharko. Horrelako gauak itzuliko dira eta amaiera zoriontsuarekin gainera.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, Aitor Ocio, Ustaritz, Koikili; Susaeta, Gurpegi, Javi Martinez, Gabilondo; Toquero eta Llorente. Aulkian Raul; David Lopez, Iturraspe, De Marcos, Orbaiz, Muniain eta Ekiza. Deialditik at San Jose geratu da.

FC Bartzelonak honako hamaikakoa zelairatu du: Pinto; Alves, Pique, Abidal, Adriano; Xavi, Busquets, Keita; Pedro, Messi eta Villa. Aulkian Valdes; Puyol, Iniesta, Bojan, Mascherano, Milito eta Afellay. Jeffren eta Thiago deialditik at geratu dira.

Epailea Muñiz Fernandez izan da. Laguntzaileak Fernandez eta Novoa izango dira.