
- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2025-26
- Athletic Club - Qarabağ FK
Athletic Club - Qarabağ FK


- 40' ,88' Guruzeta
- 70' Navarro
- Leandro Andrade 1'
KokapenaSan Mamés , Bilbo
50.741 pertsona
Athleticen urrezko garaipena Championsen
Lehoiek Qarabagen gol goiztiarra irauli dute erabakitasun handiz, Guruzetaren bi golei eta Robert Navarroren jenialtasunari esker

Athletic Clubek Champions League honetan garaipena dastatu du azkenean. Qarabagen aurkako 3-1ekoak, espero bezala besoak jaitsi ez dituenak, lehiaketan kokatu du hurrengo fasean sartzeko aukerekin. Urrezko garaipena izan da, takikardikoa. Izan ere, Valverderen mutilek akats bati aurre egin behar izan diote lehen minutuan, azeriarrek euren lehen hurbilketa aprobetxatu egin baitute. Hortik aurrera, aurkariarengana jo dute atsedenik gabe. Guruzetak, bi golekin, eta Robert Navarrok, eskuadratik baloiari gurpila emanez, txapelketako lehen hiru puntuak poltsikora ekarri dituzte.
San Mameseko zaleek babes osoa eman diote taldeari une oro, eta harmailetan beldurra azaldu da, batez ere Yurik marra gainean ateratako baloi batean, markagailua 2-1ekoarekin zegoenean. Lehoiek pisu handiko aurkariek une garrantzitsuetan egin ohi dutena egin dute: ate aurrean asmatu. Athletic Qarabag baino talde hobea da, puntuetan zuri-gorriei bikoiztu egiten dien arren.
Gaua okertuta jaio da. Lehenengo minutuan, alboko sake batean lehoiek huts egin dute baloia urruntzean, eta Leandro Andradek sareetara bidali du. Athletic beldurtu egin da eta Simonek 0-2koa eragotzi behar izan du Matheus Silvaren jaurtiketa batean.
Hortik aurrera, Valverderen jokalariek turboa jarri dute. Sancetek gora bidali du buruz buruko batean Regoren pasea jaso ondoren, eta handik gutxira erdilari bilbotarrak Guruzetari jarri dio atezainaren aurrean, baina jaurtiketa eskuineko hankarekin urrundu du atezainak. Gorka behin eta berriz agertu da jokalaririk erabakigarriena izan arte. Norgehiagokaren MVPa irabazi du.
Nico Williams, Guru eta Sancet golera hurbildu dira berriro. Gutxi balitz bezala, Iñaki Williamsek min hartu du. Eta lau minutu geroago, 39.ean, Jauregizarrek asmatu egin du Qarabageko defentsa aurreratua apurtzen Guruzetarantz emandako pasean. Oraingoan, aurrelariak ez du barkatu.
San Mames errekuntzan sartu da, Sanceten bi ekintzekin eta Nicori ustez egindako penalti bat eskatuz. Atsedenaldiaren ostean, Athleticek bere horretan jarraitu du. Guruzeta nonahikoak beste aukera bat izan du eta Paredesek ez du asmatu ate aurrean.
Taldea indarrak galtzen joan da, eta horren ondorioz, Valverdek aldaketa hirukoitz erabakigarria zelairatu du. Baloi mugimendu bikain batean, Robert Navarrok izugarrizko gola asmatu du eskuadratik. Maila bikaina erakutsi du berriz ere. Dortmunden jaurtiketa bera egin zuen baina milimetro batzuengatik ez zen aurkiaren atera sartu.
Nerbioek jota baloi galerak iritsi dira, eta Yuri salbatzailea agertu da Pitxitxiri loreak jartzera bakarrik etorri ez den Qarabag batentzat. Bat-batean, Guruzetak Champions-en hirugarren gola sartu du eskuinkada batekin. 87. minutua zen, eta Berenguerren beste aukera bat besterik ez da egon, Kochalski atezainak eragotzi duena. Athleticek handitasunez ospatu du bere zaleekin.
Hamaikakoan

Ordezkoak
Entrenatzaileak
Ernesto Valverde

Athletic Club
Hamaikakoan

Ordezkoak
Entrenatzaileak
Ernesto Valverde

Qarabağ FK
Hamaikakoan
























