RC Celta - Athletic Club
Amaituta
Jardunaldia 3
Liga

RC Celta - Athletic Club

RC Celta
RC Celta
02
Athletic Club
Athletic Club
  • Berenguer 20'
  • Navarro 22'

KokapenaBalaídos, Vigo

20.902 pertsona

Athleticek Balaidos menderatu du, lehen zati izugarri baten eskutik

Berenguer eta Robert Navarroren bi gol bikainek futbol oldarkorrez lortutako garaipena apaindu dute

Terzićen taldea erabat nagusitu da Balaidosen. Lehen zati bikaina nahikoa izan du, aukera ugarirekin eta Berenguer eta Robert Navarroren bi gol ikusgarriekin, RC Celta mendean hartzeko. Ezin izan du Celtak txapelketako lehen garaipen zuri-gorria eragotzi: 0-2koa izan da azken emaitza.

Camp Noun jokatu zuen hasierako hamaikakoarekin alderatuta zazpi aldaketa eginda, Athleticek erabakitasunez jokatu du Balaidosko soropil berrituan. Simonek hasierako desoreka bakarra saihestu du, Williotek ate aurrean egindako jaurtiketa bati erantzun bikaina emanez, eta hortik aurrera Terzicen taldea gero eta erosoago sentitzen hasi da.

Presio solidarioarekin eta talde-joko zorrotzarekin, Athleticek aukera ugari sortu ditu. Lehenengoa Sanceten jokaldi bikain baten ondoren iritsi da, baina Raduk esku batekin urruntzea lortu du.

Ez du axola izan, Athleticek, baloia lapurtu eta pasea egiteko maisuak diren Gerenabarrenaren eta Galarretaren gidaritzapean, bi gol ikusgarri prestatu baititu Berenguer eta Robert Navarrorentzat, 19. eta 21. minutuen artean.

Geroago Raduk Iñaki Williamsen 0-3koa eragotzi du, erdialdean egindako beste talde-jokaldi baten ostean. RC Celtak korner bat baino ez du izan arrisku handiko aukeren artean, Jutglak buruz langara bidali duena. Are gehiago, 0-3koa ere iritsi zitekeen, Berenguer eta Navarroren arteko baloi gelditu batean.

Giraldezek hain ilun ikusi du egoera, ezen lau aldaketa egin baititu atsedenaldian. Celta suspertu egin da eta Athletic behartu du hortzak estutzera. Sancetek aukera argia izan badu ere Aresoren pasearen ondoren, vigotarrek hartu dute jokoaren kontrola. Nico Williamsen zelairatzearekin, Athleticek bi gol aukera argi izan ditu; horietako batean, gainera, penaltia zirudien jokaldia gertatu da. Garaipen handia.