CA Osasuna - Athletic Club
Jardunaldia 8
Liga

CA Osasuna - Athletic Club

CA Osasuna
CA Osasuna
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 54' Soldado
  • Gabilondo 30'

KokapenaReyno de Navarra , Iruñea

Osasunak 1 Athletic Clubek 1: Pauso txiki bat

Berdinketa eskuratu du Athletic Clubek Reyno de Navarra futbol zelaian. Gabilondok lehen zatian aurreratu du…

Athletic Club

Berdinketa eskuratu du Athletic Clubek Reyno de Navarra futbol zelaian. Gabilondok lehen zatian aurreratu du Athletic Club eta Soldadok bigarrenean ezarri du berdinketa. Pauso txiki bat erakusten duena etxean dagoela lasaitasunaren koxka, etxetik at taldeak emaitzak eskuratzen dituelako. Iazko Ligaren ondorioz Txapeldunen Ligarako sailkatu zen taldearen aurka eskura izan du partida Athletic Clubek… eta baita ere galtzear azken minutuotan, nafarren kasuan lehia irabazteko ohikoa den etxeko ekimenari zurigorrien nahiak utzi dituen hutsuneak gehitzen badizkiogu. Azkenik, erdibidean geratu da ahalegina, aspaldiko partez gertatzen dena.

Partidaren hasiera espero bezalakoa izan da, hots, golarekiko zeukan zorra kitatu guran Osasuna eta lehen ordu laurdeneko presioa aldendu guran Athletic. Etxekoek ez dute helburua lortu, lehen zatian behinik behin, eta gure jokalariek bai. Osasunak ezin izan du atera bota eta Weboren bi burukada oso desbideraturik kenduta, Raul Garciak buruz 35. minutuan langa gainetik egin duen errematea da soilik aipagai.

Gure aldetik Javi Martinezek Ricardoren eskuetara jaurti du 18. minutuan, baina aukerak iritsi dira pixkaka. Gabilondo saiatu da boleaz baloia zetorkion moduan, saria apur bat beranduago, 30. minutuan eskuratu badu ere. Athletic Clubek ederto mugitu du baloia zelai erdian, albo batetik bestera, baloia Etxeberriaren hanketara heldu da eta honen erdiraketa, eskumaldetik, plantxaz errematatu du buruz Gabilondok. Zero eta batekoa, baina Athleticen nahia ez da asetu eta jokoaren ekimena atzoko zuriena izan da. Gauzak horrela, abagunerik garbiena Yesterek eduki du, baina Ricardok atepean desbideratu du falta jaurtiketa, Athleticekoek protesta egin duten bitartean baloia sartu delakoan.
Atsedenaldian itxaropena mantentzen zen, Lanaren erdia egina zegoen.

Horrela gerta ez zedin lehen aldaketa egin du Zigandak: Soldado Weboren ordez, aurrealdean mugikortasun gehiago eman nahian. Hasteko, 46. minutuan eta gura barik Adurizek ezustekoa eman du baina Iraolak atepean desbideratu du barrurantz zihoan baloia. Tamalez 53. minutuan berdinketa heldu da. Hasita zeukan Athleticek bidea presioa ekiditzeko, baina Valdoren jokaldi baten ondorioz Sarriegiren gorputzearekin tupust egin duen baloia ederto aprobetxatu du Soldakok berdinketa ezartzeko.

Athleticen txanda zen osterabe. Adurizek gora errematatu du gutxigatik korner baten ondorioz eta Yeste saiatu da faltaz, baina abagunerik argiena Gabilondorena izan da. Baloia kontrolatu du arean, atzelari baten gainetik pasatu du eta Ricardoren hankartetik, atezainak baloiaren abiadura zerbait moteldu duen arrean eta Corralesek atepean urrundu du arriskua.

Osasuna zain zegoen eta Zigandak aldaketak egin ditu egoera Athleticen ekimenera egokitzeko. Milosevic ere kendu du David Lopez sartuz, Valdo erdirantz bidaliz eta mugikortasun gehiago lortu du. Azken hamar minututan Juanlu Delporteren ordez sartu da. Gurean Urzaiz Aduriz lesionatuaren ordez sartu da eta Dañobeitia Etxeberriaren ordez. Azken uneotan ere, Yesteren ordez zelairatu denean, Beñat Etxebarriaren debuta ezagutu dugu, beste bat gure taldean, kasu honetan iazko denboraldiaren hasieran Baskonian jokatzen zuen jokalariarena hain justu.

Gure mutilek dena emanda zeukaten ala ia dena, nahiz eta norgehiagokaren azken txanpan partidaren bila segitu duten arren. Kontraerasoak ez dira gauzatu azken metroetan argitasun falta egon delako. Osasunak, aldiz, bere azken ahalegina eta bi gehiago eskaini ditu eta hiru abagune garbi sortu dute. Lehendabizikoa David Lopezek baloia gurutzatu duenean, bigarrena Urzaizek buruz bere aterantz jo duenean baloia urrundu guran eta hirugarrena Soldako kontraerasoan… partidaren 92. minutuan. Hiruretan primeran aritu da Iñaki Lafuente atezainak.

Iazko denboraldiko partidaren mamua paseatu da nonbait, baina oraingon berdinketa ez da mugitu.

Amaitzeko, Beñaten debutaz gainera, beste bi detaile txiki azpimarratu: Osasunaren jarraitzaileak primeran aritu dira euren taldea sostengatu nahian ta bigarrena gure taldearekiko ikusi den oldarkortasuna, beste zelai askotan pairatzen dena baino handiagoa izan da eta. Testuinguru honetan, beroketa ariketak egiten ari zela bi petardo jaurti diote Lafuenteri eta hori onartezina da. Taldea bultzatu bai, arerioa jipoitu ez, ez Nafarroako Erresuman ezta Thailandiako erresuman ere.