Athletic Club - Real Racing Club de Santander
Jardunaldia 9
Liga

Athletic Club - Real Racing Club de Santander

Athletic Club
Athletic Club
00
Real Racing Club de Santander
Real Racing Club de Santander

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0-Racingek 0: Ahal den guztia egin eta gero…

Beste puntu bat erdietsi du Athletic Clubek, nahiz eta partida erdia baino gehiago jokalari bat…

Athletic Club

Beste puntu bat erdietsi du Athletic Clubek, nahiz eta partida erdia baino gehiago jokalari bat gutxiagoz jokatu. San Mamesen oraindik ez duela gure taldeak partidarik irabazi? Oraindik putzuan gaudela sailkapenari begira? Lehen zatian ataskaturik ibili dela taldea? Jakina, baina ahal den guztia egin eta gero askozaz gehiago ezin zaio inori eskatu. Epaileari bai, batez ere justizia ezartzen duen bakarra delako. Berak iazko apirilean zioen legez: ‘Gogoratu nahiko nuke lapurtzea lapurren eginkizuna dela soilik. Gure ardura futbol zelaian justizia banatzea da, besterik ez”.

Epaileek hanka sartzen dute, errare humanum est, jokalariek, laguntzaileek eta futbolaren inguruan dagoen edonork sartzen duen moduan, baina kontzientzia txarra baldin badauka zelaian ez isladatzea da epaileari eskatu behar zaiona.

Eta partida desorekatu eta harmailak zein jokalariak aztoratu duen jokaldiak epaileak bere burmuinean ahaztu gurako dituen pasadizoak berpiztu dituelakoan gaude. Esaterako bi: Oriolek, gaurkoan protagonista ere, sarrera bortitza egin zion Realeko Mikel Aranbururi iazko abenduan, zazpi hilabetetarako lesionaturik utziz, eta berak hegaleko sakea egiteko agindua eman zuen edota Javi Navarro jokatzen segitzen utzi zuenean atzelariak Mallorcako Arango hilzorian laga ostean iazko martxoan. Gaurkoan Gabilondo ikusi du berandu heldu dela eta hanka biak soropilaren parean zituela zangotrabatu egin du Oriol… eta partida akabo ez bada ere, baldintzatu du behintzat.

Eta berak onartu duenez arinegi hartu baldin badu txartel gorria bere atzeko poltsikotik, aukera paregabea zeukan justizia egiten segitzeko 43. minutuan Antonio Tomasek bere bigarren txartel horia jasotzeko sarrera egin duenean, baina ez da ausartu. Portugalek berehala konturatu da eta atsedenaldian jokalaria ordezkatu du eta gauza bera egin du Felipe Melok 70. minutuan horia ikusi duenean, Serrano sartuz… eta ezin izan duelako gauza bera egin Colsarekin ia amaieran.

Eta inolako konzientzia txarraren beharrik gabe, epaileak, duela bi denboraldi Deporren aurka aurreko jokaldi bat zela eta, ia bi minutu pasata, penaltia seinalatu zigun berak, gaur 57. minutuan Yesteri Luis Fernandezek egin diona agindu dezake. Eta penaltia ez dela uste badu eta konzientzia txarrik ez badauka, txartel horia atera behar dio Yesteri. Portzierto, penalti argia izan da.

Orain arte epaileaz eta bere konzientziaz aritu gara, baina baldintzatuta ere, partida jokatu da eta erakutsi da batzutan zaila dela oso gehiengoz gelditzen denarentzat jokatzea, adibidez guri Tarragonan gertatu zitzaigun legez, gaur Racing taldeari gertatu zaion bezala edota Valentziari Espanyolen aurka eta duela jardunaldi batzuk Zaragozari Betis taldearekin.

Gabilondok txartel gorria ikusi baino lehen, oreka zen nagusi San Mamesen. Athletic Club gogotsu zelairatu da eta Racing zokoratu du arean lehen minutuetan. Arriskua heldu da hirugarren minutuan Adurizen jokaldia Gabilondok gutxigatik errematatu ez duenean, baina bisitariak oso ondo kokatu dira zelaian eta egin dute gure taldeak egin ez duena, baloia lasaitasun gehiagoz mugitu gora iristeko. Ez dute lortu eta aldaratze batzuen osteko jokaldian kanpora joan diren urrutiko erremateak aipa daitezke eta Felipe Meloren jaurtiketa bat Lafuenteren eskuetara 29. minutuan.

Athleticen aldetik azken pasean egon da akatsa eta asmatu den jokaldian, 26. minutuan, Etxeberriaren pasea errematatu du Adurizek baina Garayren gorputzean jo eta gero kornerrera joan da. Izkinatik maiz atera du Athletic Clubek, baina ez du etekinik lortu.

Bigarren zatiari begira talde biren jarrerari buruzko zalantza zen nagusi. Lehen minutuetan Santanderrekoak menderatu dute lehia eta Zigicek izan du partidako abagune bakarra, baina Lafuentek harrapatu du bere gertuko jaurtiketa. Hortik aurrera Athletic Clubek erakutsi du bat gutxiagorekin ere jokatzen dakiela, ondo kokatu da 4-3-2koarekin zelaian eta partidaren ekimena eraman du goitik behera. Gola falta zaion arren, arlo guztietan izan da nagusi eta harmailetatik berehala somatu dute ahalegina eta taldearen kemena zein antolakuntza.

Hasteko 57. minutuan penalti argia eta garbia egin dio Luis Fernandezek Yesteri, Toñok harrapatu du Yesteren falta jaurtiketa 61. minutuan eta bi minutu beranduago Llorentek Etxeberria ordezkatu du biko erreferentzia sendoagoa bihurtuz. Aduriz eskuinaldeago kokatu da eta 66. minutuan hortik egin duen erdiraketa boleaz errematatu du Yestek baina kanporantz. Partidako 77. minutuan Llorenterentzat izan da abagunea: buelta erdian jaurti du arean bertan baina gutxigatik joan da kanpora.

Athleticek aprobetxatu nahi zituen falta eta korner guztiak, baina bisitariek garaiera handiko jokalariak dituzte eta gehienetan ondo defendatu dute jokaldi mota horiek. Bitartean, eduki ez duten irteera hegaletatik bilatu ditu Portugalek eta Balboa zein Serrano sartu ditu Scaloni eta Felipe Meloren ordez, alferrik. Athletic saiatu da azkeneraino eta Urzaiz sartu da Yesteren ordez, azken minutuetako marrazkia 4-2-3koa izanik. Puntu premian oraindik ere, baina atzean sendo, ahal den guztia egin eta gero eta, batez ere, kontzientzia txarrik gabe amaitu dute lehia gure jokalariek. Guztiek ezin izango dute gauza bera esan.

Prentsa aretoan

Partidaren amaieran, heldu dira adierazpenak prentsa aretoan. Bertan Miguel Angel Portugalek esan du zaila dela San Mamesen punturik urratzea, Athleticen aurka San Mamesen berdintzea positiboa dela eta bigarren zatian Athleticek kemena eta indarra erakutsi dituela. Jokaldi eztabaidagarriei buruz… inork ez dio galdetu. Felix Sarriugarteren iritziz, lehen zatian argitasuna falta izan du taldeak baloia mugitzeko eta bigarrenean, zaleen laguntzarekin batera, taldea askozaz hobeto egon dela, baina aukerak sortu arren gola ez da heldu. Jokaldi eztabaidagarriei buruz esan du gehiegizkoa izan dela Gabilondoren txartel gorria, hor egon dela Antonio Tomasi balizko bigarren horia eta Yesteren penaltia. Jokaldiak hor daudela, epaileak gaurkoan Athleticen kontra erabaki duela eta hedabideek esan behar dutela ikusi dutena.