Athletic Club - Sevilla FC
Jardunaldia 12
Liga

Athletic Club - Sevilla FC

Athletic Club
Athletic Club
13
Sevilla FC
Sevilla FC
  • 67' Aduriz
  • Luis Fabiano 4'94'
  • Martí 10'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Sevillak 3: Goizegi aldapaz gora

Athletic Clubek Sevillaren aurka 1-3 galdu du San Mamesen. Adurizek egin du zurigorrien gola eta…

Athletic Club

Athletic Clubek Sevillaren aurka 1-3 galdu du San Mamesen. Adurizek egin du zurigorrien gola eta Luis Fabianok bitan eta Martik egin dituzte bisitarienak.
Aurrez aurretik partida zaila baldin bazen sasoi onean dabilen talde baten aurka, lehendabiziko hamar minutuetan are zailago ipini da, ia ezinezkoa, norgehiagokaren amaierak adierazi duen legez. Goizegi pilatu da dena: sevillarren kalitatea, zorte txarra eta atzean dagoen taldearen ahuleziak.

Lehen zatian nahi eta ezin ibili da Athletic, partidari erritmoa jarri barik eta zelaian hutsune handiegirik uzten eta bigarrenean aldiz, askozaz gehiago sartu da lehian eta hainbat minutuz berdinketa eskuratzeko gai zela erakutsi dute etxekoek.
Irten eta berehala Sevillak distantziak markatu gura izan ditu eta lortu ere. Jokuan are bertikalagoa zen eta gainera lehendabiziko aukera Kanouteren erdiraketa bikaina errematatu du barrura buruz Luis Fabianok. Saiatu da Athletic erantzuten, baina kasu honetan Urzaizen burukada Poulsenek atera du atepetik.

Zero eta batekoa zama nahikoa ez bazen, hamargarren minutuan Puertak atera nahi zuen falta, Murilloren eskua seinalatu du epaileak, baina Martik itxoiteko esan dio. Berorrek baloia bigarren zutoinerantz bidali du, altuegi eta kanpora zihoala zirudienean altura galdu du haizeak bultzatuta ere eta aurreraturik zegoen Lafuente gainditu ostean sartu da gure atean. Martik ia ez du ospatu, baina bost axola. Zero eta bi eta oraindik laurogei minutu jokatzeke.
Baloi luzeekin jokatu du Athletic Clubek ia lehen zati osoa eta ia guztiak eskumaldetik. Hortik ere etorri da Murilloren erdiraketa ona eta Urzaizen buruko erremate bikaina 18. minutuan, baina are bikainagoa izan da Palopen geldiketa. Sevillak, eroso, Kanouteren bitartez saiatu da bitan baina ez zuen gehiagorik behar. Zurigorrien aldetik Orbaiz eta Murilloen urrutiko jaurtiketak aipa daitezke, arrisku gehiegirik sortu ez duten arren.

Atsedenaldian Etxeberria sartu da Amorebietaren ordez eta Gabilondo kokatu da atzeko lerroan, Yeste erditik ezkerrerantz mugituz. Alvesek jaurti du areaz kanpotik gora 46. minutuan eta hortik bat eta hirukoa gauzatu den arte, aukera guztiak zurigorriak izan dira. Hobetu du Athletic Clubek presioa, zelaian izan duen kokapena, baloiaren zirkulazioa eta baita kemena ere. Dena den, gol bat egiteko aukera franko sortu behar du eta hori ere ez da nahikoa San Mamesen irabazteko. Etxeberriak boleaz jaurti du gutxigatik kanpora, Palopek hatz puntaz ikutu duen arren, Adurizek buruz eta buelta erdian ere izan ditu aukerak eta, azkenik 68. minutuan heldu da itxaropenaren gola.
Yestek falta jaurti du Prietok zutoinera buruz errematatu du eta aldaratzea Adurizek bidali du sareetara. Bat eta bi eta minutuak aurretik nekea nabaritzen hasi den Sevillaren aurka. Dagoeneko Garmendia zegoen berdegunean Javi Martinezen ordez eta Sevillan Renato Kanouteren ordez eta Alfaro Hinkelen ordez. Azken mugimenduak egin dituzte entrenatzaile biek: Sarriugartek Llorente Urzaizen tokian eta Javi Navarro Dragoren ordez, Puerta ezker hegalera atzeratuz hiru zentralekin jokatzeko.
Arriskua hartuta zeukan Athleticek eta batzutan taldea zatitu da, baina azken unera arte segitu du gora begira, Ustaritzek areaz kanpotik gora 84. minutuan eta Gabilondok areaz kanpotik ere Palopen eskuetara 90. minutuan izan dituzte abaguneak, baina gure taldeak ezin izan du Sevilla gehiago estutu arauzko denbora agortu baino lehenago Ustaritzek, lesionaturik, zelaia utzi behar izan duelako. Gauzak horrela, azken minutuak jokalari bat gutxiagoz aritu dira zurigorriak eta Sevillak lasai asko kontrolatu du partida eta baita itxi ere 95. minutuan Luis Fabianok kontraerasoa gauzatu duenean.

Jaitsiera postuetan dago taldea Bernabeu bisitatu baino lehen eta gauzak hobeto beharko du egin hortik alde egiteko, gakoa etxeko partidatan dagoen arren. 2006-2007ko denboraldian etxeko lehen garaipena lortu behar da lehenbailehen, puntuak ezinbestekoak direlako eta gaur primeran baino hobeto, bikain, portatu den zalegoari eskaintzeko. Merezi du eta.

Gaua nolabait “borobiltzeko”, asteko ergelaren saria balizko saria, Marcos Fidel Alvarez, Sevillako prestatzaile fisikoak daroa. Gaurkoan bitan aulkitik kanporatu dutena fitxa tramitaturik ez izateagatik, bere ekarpena egin du lehiaren amaieran: “Bigarrenera, bigarrenera” ohiuka eta bi hatzamarrekin zuzendu da publikorantz, epaileak aktan jaso duenez. Espero dezagun Sevillaren onerako oraingo bolada zoragarriak eta duen talde apartak ez ditzatela estali igaro dituen une txarrak eta kalean egin beharreko manifestazioak mailari eusteko. Eta Fidelek ez badaki irakatsi ala gogora diezaioten.